Albistea entzun

LEKU-LEKUTAN

Kurduen ordua

Urtzi Urrutikoetxea -

2014ko uztailak 5

Bagdadera joateko bisa behar da. Hego Kurdistan ere Irakeko zati da, baina mugan peshmergak ongietorria egin, eta pasaporte espainiarra baduzu, Real Madril edo Bartzelonaz galdetuko dizu eta, «Basque» erantzutean, are irribarre handiagoa egingo dizu; tea atera, eta bisarik gabe Iraqi Kurdistan dioen zigilu bat izango duzu pasaportean.

Hego Kurdistanek autonomia zabala dauka, baina ez estatuak deszentralizatu eta eskumenik eman diolako. 1991n kurduek eurek askatu zuten euren herrialdea. Suleymaniyan Saddam Husseinen tortura gunea museo izugarria bihurtuta daukate gaur. 2003ko gerra, Halabja eta beste lau mila herri txikitu zituen genozidaz libratzeko baliatu zuten. Kirkuk bera askatu zuten, kurduen Jerusalem (Iruñea?), otzan-otzan, Washingtonek atzera egiteko agindu eta otzan-otzan men egin arte. 2005eko hauteskundeekin, independentziaz galdeketa egin zuten: bi milioi boto-emaile, % 99,78 alde eta % 1,02k aurka. Ez zen ofiziala, baina alderdi nagusien babesa zeukan. Hurrengo urteetako abiapuntua zen: Irak arabiarra odolusten zen bitartean, Kurdistan geroz eta aberatsago eta independenteago.

Independente Bagdadetik, baina dependente Turkiatik neurri handi baten. Arbil Dubai txiki bat bihurtzen ari zirela zioten agintari kurduek, eta horretarako guztirako ezinbestekoa zen Turkia: muga ia bakarra Ipar Kurdistanera doan Khabur pasabidea daukatelako (beste mugak Iranekin dira), eta handik zetozelako Hego Kurdistanen eraikuntza boom zoro horretan ibiltzeko beharrezko zuten ia guztia: materialak, makinak, baita Iparraldeko langile asko ere (besteak beste, egunotan ISISek bahitu eta turkiar gisa erakutsi dituzten kamioilariak). Baina Turkia ere Hego Kurdistanen lotura komertzialen menpeko bihurtu da. Eta Nuri al-Maliki Teheranekin geroz eta gehiago lotu duen ardatz horretan, Hego Kurdistan bihurtu zaie aliatu garrantzitsuen. 2003an inbasiorako mehatxua egin zuen Turkiak, peshmergek Kirkuk hartzean. Orain ia ahotsik ere ez dute altxatu. Kurduak dira orain Kirkuk inguruko herri turkomanoetako segurtasunerako berme.

Hala da, zeren urratsa egin du Barzanik: «Asko ditugu alde, eta besteak ez daude aurka», adierazi du erreferenduma iragartzean. AEBek geroz eta rol txikiagoa daukate Ekialde Hurbilean. Egonarri handiz iraun dute Iraken barruan, otzan-otzan. Erakunde sendoak eratu dituzte. Bi arrisku nagusi dituzte: tribalismo historikoak oso sistema klientelista ekarri du, formalki demokrazia izanda ere. Bestetik, petrolioarekiko menpekotasunak sistema produktiborik ez izatea dakar. Diru asko dago, baina lanik ez, eta dena inportatzen da. Ipar Kurdistanen Hasankeyf-en urtegia egitearen aurka ari zen lagun batek kontatzen zidan Hegoaldeko erakundeei azaldu ziela urtegiaren arriskua, Tigris ibaiaren emaria nabarmen gutxituko zela. «Berdin zitzaiela esan zidaten, behar izanez gero, erosi egingo zutela ura. Euren ura da eta, hala ere, berdin zaie!». Turkiako eta munduko enpresek altxatu dute Hego Kurdistan (beti galdetu didate zelan den posible euskal erakundeek babesa eman izana urte gogorretan eta negozioetarako orduan euskal enpresa edo erakunderik ez egotea).

Barzanik asteon iragarritakoak interes berezia dauka Euskal Herrian, gure bi auzi nagusiak biltzen dituelako: lurraldetasuna eta estatus politikoa. Lehendabizi Kurdistango eremu autonomotik kanpo diren eskualde kurduetan egin nahi du erreferenduma, Kurdistanekin bat egin dezaten. Gero, Kirkuk ofizialki Kurdistanen dela, independentziaz galdetu.

Eremu militarra eta demokratikoa alde dute, lurraldea kontrolatzen dute eta herritarrek independentzia nahi dute. Estatua, bestalde, hondoratu egin da. Nork nahiko luke bere herria Iraken geratzea, azken batean? Ez al dute luzaroegi itxaron, erabat hondoratu denean ere bertan segitu behar dutela esateko?

Badakit, Benjamin Netanyahuk babesa adieraztea ez da gauza polita. Kurduek argi dute unean uneko interesak baino ez direla, Turkiarekin, edo lehenago Washingtonekin edo Teheranekin izan dituztenak legez. Zintzo-zintzo bete dute besteek agindutakoa, akats eta guzti Ekialde Hurbileko demokrazia txukunenetakoa eratzeko. Orain, kurduen ordua da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Manifestazioa Melillan: mugetan heriotza gehiago ez

Kalea hartu dute Melillako migratzaileek

Jone Arruabarrena

Iragan ostiralean Melillan geratzea lortu zuten migranteek protesta egin dute. Marokoko poliziaren tratu txarrak salatu dituzte: «Hesian, gure lagunak autoekin zapaldu zituzten jendarmeek»

Migratzaile talde bat, Melillako kaleetan. ©F.G.GUERRERO / EFE

Melilla: bi mundu erkatuta

Jone Arruabarrena

Kontrasteak ezaugarritzen du Melilla: kultura ezberdinen arteko nahasketak, herritarren eta migranteen artekoak eta, batez ere, klase sozialen artekoak. Hesia igarotzen ahalegintzen diren migratzaileen aurkako bortizkeria ohikoa da, melillarren esanetan.

Albanese eta Macron, gaur, Eliseoan. ©EFE

Australiak eta Frantziak haien arteko erlazioa berrezarri dute

Igor Susaeta

Macronek esan du Albanese ez dela itsaspekoekin gertatutakoaren «erantzulea». Australiako lehen ministroarentzat, bi herrialdeen arteko harremana berriro hasi da

 ©BERRIA

«Hong Kongek Txinako hirien antza izango du, baina askatasun gutxiago»

Josep Solano

Erresuma Batuak Hong Kong Txinari bueltatu zionetik 25 urte bete dira gaur. Ekintzaileak ez du uste itzuliko denik «giza eskubideen eta demokraziaren alde lan egiten» segitzen badu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...