Libiako indarrek su-etena iragarri dute datorren astetik hasita

«Atzerriko mertzenarioak» kanporatzeko deia egin du Batasun Nazionaleko Gobernuak. Martxoan egingo dituzte hauteskundeak

Batasun Nazionaleko Gobernuaren aldeko bi militar. STR / EFE.
Mikel O. Iribar.
2020ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Ia azken hamarkada osoan gatazka politikoan egon diren indarrek su-etena iragarri zuten atzo, bakoitzak bere aldetik. Menia datorren aste hasieran sartuko da indarrean, NBE Nazio Batuen Erakundeak Suitzan egitekoak dituzten Libiarako bake elkarrizketak hasi aurretik.

Fayez al-Serraj Libiako GNA Batasun Nazionaleko Gobernuko lehen ministroak NBEn onespena du exekutiboak herrialdeko indar militar guztiei agindua eman die operazio militarrak gelditzeko, eta su-etena betetzeko datorren astetik aurerra. Al-Serrajek «erantzukizun nazional eta politiko» gisa hartu du su-etena ezartzeko erabakia. Libya Observer hedabidearen arabera, lehen ministroak ohar baten bidez eman du jakitera helburu nagusia dela «Libiako lurraldearen burujabetza osoa berrezartzea, eta atzerriko mertzenarioak kanporatzea».

Bestalde, Batasun Nazionaleko Gobernuak parlamenturako eta presidentetzarako hauteskundeetarako data ere jarri du; datorren urteko martxoan egingo dituzte. Al-Serrajek, gainera, Khalifa Haftar Libia ekialdeko buruzagi militarraren kontrolpean dauden Sirte hiria eta Al Jufra barrutia «eremu desmilitarizatu» bilakatzeko eskatu du, baita urte hasieratik indar armatuek herrialdeari ezarria dioten erregai blokeoa altxatzeko ere.

Haftarren zain

Haftarrek, berriz, ez dio proposamenari zuzenean erantzun, baina haren gertukoOrdezkarien Ganberako presidente Aguila Salek bi aldeei eskatu die menia errespetatzeko, argudiatuz «su-etenak atzerriko militarrek Libian esku hartzea eragotz dezakeela».

2011n, nazioarteko indarrek Muammar Gadaffi Libiako buruzagia hil zutenetik, herrialdea hondoa jota dago. Ordutik, Sirteko golkoak zatitzen du herrialdea, eta alde bakoitzean talde armatu eta atzerriko indar desberdinen menpe daude eremuak. Turkiak, Italiak eta Qatarrek Batasun Nazionaleko Gobernua babesten duten bitartean, Errusiak, Egiptok eta Arabiar Emirerri Batuek Khalifa Haftarren indarrak sostengatzen dituzte.

Bi aldeek hitzartutako akordioa txalotu egin dute nazioarteko indarrek. Stephanie Williams, NBEk Libiarako duen ordezkariak hitzarmenari eusteko eskatu die bi aldeei. «Une historiko hau baliatu behar dute denek, eta Libiako herriarengan pentsatu». Bide beretik hitz egin du Errusiako Atzerri Ministerioak ere. Moskuk prozesu politiko bat hasteko deia egin die Batasun Nazionaleko Gobernuari eta Libia ekialdean agintzen duten Haftarren gertuko indarrei.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.