Macronek du hitza berriro

Frantziako Poliziak 974 pertsona atxilotu ditu Jaka Horien protestetan, horietako 600 baino gehiago Parisen. Presidenteak «batasun nazionala berregiteko neurriak» jakinaraziko ditu datorren astean
Emmanuel Macron presidentearen dimisioa eskatu zuten Jaka Horiekin bat egin zuten manifestari askok, atzo, Parisen.
Emmanuel Macron presidentearen dimisioa eskatu zuten Jaka Horiekin bat egin zuten manifestari askok, atzo, Parisen. IAN LANGSDON / EFE

Mikel Rodriguez -

2018ko abenduak 9
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak laugarren asteburuz jarraian egin behar izan dio aurre Jaka Horien haserreari. Laugarren larunbaterako ikusmin handia zegoen, azken asteburuak utzitako ondorena mamitsua izan baita. Heldu den urtarrilean indarrean sartzekoak zituen zerga igoerak sei hilabetez etetea erabaki zuen Macronek joan den asteartean, baina Jaka Horiek protestari eutsi zioten. Gobernuak hurrengo egunak igaro zituen indarkeria ekintza larriak pizteko arriskuaz ohartarazten, eta atzo 89.000 polizia hedatu zituen errepublika osoan. Eta indarkeria piztu zen bai, Parisen gehienbat, nahiz eta borrokak ez ziren astebete lehenago bezain larriak izan. Bertze astebetez, beraz, mugimenduak zer norabide hartzen duen ikusi beharko da. Oraingoz, Emmanuel Macronek heldu den astean ematekoa duen hitzaldia izanen da hurrengo hitzordu nagusia.

Hain zuzen, Edouard Philippe lehen ministroak une horren esperoan egoteko eskatu zien herritarrei atzo iluntzean egin zuen agerraldian. Erran zuen presidenteak «batasun nazionala berregiteko neurriak» proposatuko dituela, horiek zein izanen diren zehaztu gabe. Jaka Horien mobilizazio gehienak bukatu, eta Poliziak Parisko erdigunea hutsarazi ondoren egin zuen agerraldia Philippek, Christophe Castaner Barne ministroarekin batera. Biek polizia operazioa goraipatu zuten, eta erran zuten horri esker ez zirela gertatu joan den larunbatekoak bezain istilu larriak. Iragan asteburuan baino 24.000 polizia gehiago mobilizatu zituzten errepublika osoan, eta Parisen 8.000 hedatu zituzten.

Poliziak gogor oldartu zitzaizkien manifestariei, eta arreta berezia paratu zuten Jaka Horien mugimenduak eta ibilbidea mugatzean. Castanerrek berak jakinarazitako kopuruek erakutsi zuten horren emaitza: 974 pertsona atxilotu zituzten, horietako 619 baino gehiago Parisen —200 inguru izan ziren hilaren 1ean—. Paristik ailegatutako irudietan erruz ikusi ziren poliziak manifestariei jazarka, baita gomazko jaurtigaiekin eta gasa jaurtitzen duten potoekin tiroak egiten. Jendarmeriaren tanke blindatuak ere erabili zituzten manifestariek eraikitako barrikadak eta trabak kentzeko.

Komertzio gehienak itxita

Poliziaren prefekturaren arabera, 64 zibil zauritu zituzten Parisen, eta bertze zazpi polizia. Castanerrek erran zuen errepublika osoan 118 manifestari zauritu zituztela, eta bertze hamazazpi polizia. Manifestariek hiriburuaren erdiguneko zenbait komertziotan txikizioak eragin zituzten. Komertzio eta eraikin publiko gehienak itxita zeuden, baita 36 metro eta tren geltoki ere. Hiri gehiagotan ere hainbat liskar izan ziren Poliziarekin —Bordelen, Tolosan, Marsellan, Lyonen eta Naoneden—, baina ez Parisen bezain handiak. Bertzelakoan, Jaka Horiek berriz ere errepideak blokeatu zituzten errepublika osoan; horien artean hainbat mugako pasabide, Lapurdiren eta Gipuzkoaren artekoa barne.

Castanerrek emandako datuen arabera, Jaka Horiek 125.000 herritar mobilizatu zituzten errepublika osoan. Castanerrek zuzentzen duen ministerioaren arabera, hilaren 1ean ez ziren 100.000raino ailegatu. Barne ministroak eta Philippek adierazi zuten atzoko polizia operazioak «fruituak» eman zituela, eta lehen ministroak erran zuen «elkarrizketaren txanda» dela orain.

Erregaiaren prezioaren igoeraren aurka hasi zuten mobilizazioa Jaka Horiek, baina asteak pasatu ahala Macronen politiken aurkako mugimendu orokor eta heterogeneoa bihurtu da, lider eta organigrama argirik gabekoa. Presidentearen agintea estu hartzea lortu du, eta oposizioko alderdi politikoek ere zailtasunak dituzte Jaka Horiekin jarrera argi bat hartzerako orduan.

Jaka berdeak

Matxinada izaerako nahasmen horren adibide izan zen atzo klima aldaketaren aurka Parisen egin zuten martxa —Ipar Euskal Herrian ere egin ziren—. Jaka Horien mobilizazioaren ondorioz, martxaren ibilbidea aldatu egin zuten, baina bi protesten arteko lotura nabarmena izan zen. Klima aldaketaren aurkako martxako manifestari anitzek jaka berdeak jantzi zituzten, eta leloetan erreferentzia anitz egin zizkieten Jaka Horiei. Ez ziren lotura ezarri zuten bakarrak izan, bertze behin ur nahasietan arrantzatzen saiatu baitzen Donald Trump AEBetako presidentea. «Parisko Akordioa [klima aldaketaren aurkakoa] ez doakio ongi Parisi», idatzi zuen Twitterren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna