Errusiako Munduko Kopa

Suitzaren Babelgo dorrea

Suitzan bertan jaio ez diren zazpi jokalari eta gurasoak kanpoan jaioak dituzten sei dauzka Suitzako selekzioak. Horietako lau Balkanetako Gerratik ihes egindako familien semeak dira.

ainara arratibel gascon
Donostia
2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Gizarteak bizi dituen bilakaeren erakusgarri izan ohi da batzuetan futbola. Egun, immigrazioa da bilakaera horien eragileetako bat, eta Munduko Kopa honetan Suitza da horren adibideetako bat. Hautatutako 23 jokalarien artean, zazpi ez dira Suitzan bertan jaioak, eta seik Suitzan jaio ez diren gurasoak dituzte. Azken horietatik lau Balkanetako Gerratik ihes egindako bosniarren, kosovarren eta albaniarren semeak dira. Horren ondorioz, haurtzaro gogorra izan zuten. Suitzan aurkitu zuten aterpe, eta orain, haren elastikoa janzten dute. Baina ez dute ahaztu jatorria eta bizi izan zuten sufrimendua, eta harro gogoratzen dute zelaian zein handik kanpo.

Vladimir Petkovic hautatzailea berak bosniar jatorria du. FK Sarajevon jokatu zuen, eta lehen taldera iritsi zenean, Radovan Karadzic izan zuen psikologo, Jugoslavia ohiko gerra kriminal nagusietako bat. Hain zuzen ere, gerra hots horietatik ihesi, 80ko hamarkada amaieran Suitzara alde egin zuen familiarekin. Ordutik, entrenatzaile bihurtu ez ezik, errefuxiatuei laguntzen ere aritu zen.

Dena den, taldeko bi izarrak dira kasurik entzutetsuenak: Granit Xhaka eta Xherdan Shaqiri. Xhakaren gurasoak Kosovon jaio ziren. Haren aita atxilotu eta kartzelatu egin zuten, orduko Jugoslaviako presidente Slobodan Milosevicen gobernuaren kontrako manifestazio batean, 1986an. Hiru urte egin zituen preso, eta, irten zenean, Suitzan errefuxiatu zen. Han jaio zen Granit Xhaka, eta haren anaia Taulant—Albaniarekin jokatzen du—.

Shaqiriren gurasoak Albanian jaio ziren. Shaqiri, berriz, Kosovon. 2 urte besterik ez zuela handik ihes egin behar izan zuten, gerraren ondorioz. Augusten (Suitza) hartu zuten aterpe, eta han suitzar herritartasuna lortu zuen. Suitzarekin jokatu duen hirugarren Munduko Kopa da.

Balkanetako Gerraren krudeltasuna bizi izan zuten familien semeak dira biak. Ez batak eta ez besteak ez dute jatorria ahaztu. Shaqirik, esaterako, Suitzako eta Kosovoko banderen irudiak daramatza botetan.

Biek oso modu berezian bizi izan zuten Serbiaren kontrako partida. Suitzako selekzioak sartutako bi golak sartu zituzten, eta oso modu berezian ospatu zituzten: arranoaren keinua eginez.

Arranoa da Albaniako banderaren ikurra, eta, horrela, jaioterria aldarrikatu eta gogorarazi nahi izan zuten. Amaieran, ospakizunaren inguruan galdetu zieten, eta hauxe izan zen Shaqiriren erantzuna:«Ospakizuna nire aberriarentzat da; baita gurasoentzat eta beti lagundu nauten zaleentzat ere».

Serbiako hainbat jokalarik egindako adierazpenak tarteko, norgehiagoka bero-beroa izatea espero zen. Aleksandar Mitrovicek ondorengoa esan zuen: «Kosovo hainbeste maite badute, zergatik ez dute harekin jokatzen?». Askok 2014an Mitrovic berak Serbia-Albania partidak izandako keinua izango zuten gogoan. Bi taldeak 2016ko Eurokoparako sailkatzeko partida jokatu zuten, Belgraden. Albania bertan jokatu gabe zegoen 1967tik. Kosovoren independentzia tarteko, bi herrialdeen arteko harremanak gaiztotuta zeuden. Ondorioz, FIFAk debekatu egin zuen Albaniako zaleak partida jokatu zen zelaira sartzea. Baina partida jokatzen ari zela, 43. minutuan, drone bat agertu zen, Kosovoren banderarekin. Mitrovicek bandera hartu zuen, eta Albaniako jokalariek haren keinua salatu zuten. Jokalariak borrokan hasi ziren, eta epaileak bertan behera utzi zuen lehia.

Stefan Lichsteiner kapitainak babes osoa azaldu die bi jokalariei: «Haientzat oso partida gogorra izan da. Gerra bat pairatu zuten, eta ulertzen dugu hala ospatu izana». Dena den, gaur arreta osoa jarri nahi dute Costa Ricaren aurkako partidan (20:00). Izan ere, nahikoa dute berdintzea final-zortzirenetan egoteko. Hala adierazi zuten Petkovicek eta Behramik: «Emozio asko bizi izan ditugu. Baina, orain, garrantzitsuena futbola da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.