«Inspirazio iturri makabroa»

AEBetako Columbine institutua eraistea proposatu du ikastetxearen ardura duen barrutiak, azken bi hamarkadotan erreferente ilun bihurtu baita 1999an gertatu zen sarraskiarengatik.

Biktimen omenezko beste liburutegi bat eraiki zuten Columbinen. QQQQQQ.
mikel rodriguez
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
AEBetako Florida estatuko Surfside herriko Poliziak alerta mezu bat igorri zion FBIri joan den apirilaren 15ean. Jakinarazi zion Surfsideko 18 urteko herritar batek «iruzkin arriskutsuak» egin zituela sare sozialetan Columbine institutuko sarraskiari buruz. FBI gazte hori ikertzen hasi zen, eta Coloradon zegoela ziurtatu zuen, Columbine institutua dagoen estatuan.FBIk alerta zabaldu zuen, eta herritarrei ohartarazi zien gaztea «hagitz arriskutsua» zela. Hilaren 17an hilda aurkitu zuten Coloradoko parke batean. FBIren hipotesi bat zen gazte horrek sarraski bat egin nahi zuela Columbinekoa imitatuz. Kasu hori bakana ez dela iritzita, Jefferson konderriko eskola barrutiak institutua eraisteko eskatu du, «inspirazio iturri makabro bat» bihurtu delakoan.

Hain zuzen, Poliziak Surfsideko gaztearen ustezko asmoen berri jakin zuenean, Columbineko sarraskia hogeigarren urteurrena betetzear zen. 1999ko apirilaren 20an, 18 eta 17 urteko bi ikasle suzko armekin eta etxean egindako lehergailu batzuekin sartu ziren institutuan, eta hamabi ikaskide eta irakasle bat hil zituzten. Gero, beren buruaz bertze egin zuten ikastetxeko liburutegian.

Ez zen AEBetako institutu edo ikastetxe batean gertatutako lehenbiziko tiroketa izan, inondik ere, baina mugarri bat ezarri zuen, bai biktima kopuru handiagatik, bai eta egileen planifikazio xehearengatik, armak lortzeko erraztasunarengatik eta, oro har, muturreko indarkeria hori ohikoa ez zen esparru sozial eta geografiko batean gertatu zelako ere.

Nahi ez dituzten bisitariak

Azken hogei urteotan gertatu diren antzeko tiroketek motz utzi dute Columbineko biktima zerrenda, eta horien egileek —edo antzekoak egiteko asmoa adierazi duten ikasleek— maiz aipatu dituzte Coloradoko bi hiltzaileak inspirazio iturritzat —Virginia Techeko sarraskiaren egileek, errate baterako (2007, 32 hildako)—.

Columbine institutuaren ardura Jefferson konderriko eskola barrutiak du, eta herenegun argitaratu zuen ohar batean ohartarazi zuen urtero ehunka pertsona saiatzen direla institutura sartzen, sarraskiaren tokia bisitatzeko, eta erran du azken urtean kopuru horrek «errekorra» egin duela.

Horregatik, eraikina eraistea proposatu dute, aitzinetik Connecticuteko Sandy Hook lehen hezkuntzako eskolak egin bezala —26 pertsona hil zituzten han 2012an; horietako hogei, haurrak—. «Gaur egun, eskoletako segurtasun adituek gomendatzen dute sarraskiak gertatu diren eraikinak botatzeko», idatzi die Jason Glass Jeffersongo superintendenteak Columbineko ikasleen gurasoei. «Uste dugu badela garaia gure komunitatearentzat aukera hori aztertzeko Columbineko eraikinari dagokionez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.