Qatarko Munduko Kopa

Melodia nork jarriko

Frantziaren eta Ingalaterraren arteko lehiak ikusmina sortu du. Rice eta Tchouameni dira beren selekzioaren jokoaren euskarri.

Declan Rice Ingalaterrak Senegali irabazi izana ospatzen. ANTONIO LACERDA / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Trikitia bezalaxe, alde batetik bestera etengabe mugitzen ibiltzen dira futbol taldeak. Behar den doinua jotzeko, oso garrantzitsua da behar bezala mugitzea, ezker eta eskuin. Inork ez du zarata entzun nahi izaten, denek belarritik doinu politen bat sartzea nahi dute. Futbolaren melodian euskarriak dira, taldeak ez gozakaizteko ardura dutenak.

Ingalaterrak eta Frantziak gaur jokatuko duten partida da Qatarko Munduko Kopan orain arte jokatu direnen artean ikusmin handien sortu duena. Brasilekin batera, jokorik erakargarriena proposatu duten taldeetako bi dira; eta hori gutxi balitz bezala, oin oneko sekulako jokalari sortak dituzte biek ala biek erasoan. Ingalaterrak hamabi gol erdietsi ditu lau partidetan; eta Frantziak, berriz, bederatzi. Harry Kane, Kilian Mbappe eta enparauek, baina, ez dute dena beraien kabuz egiten.

Funtsezko pieza bat da Declan Rice Gareth Southgate hiru lehoien hautatzailearentzat. Gaixo zegoelako asteazkeneko entrenamendua galdu zuen, baina ostegunean arazorik gabe entrenatu ahal izan zen gainontzeko taldekideekin, zale ingelesen lasaitasunerako. West Ham taldeko euskarri gazteak Ingalaterrako selekzioari oreka ematen dio baloiaren jabetza dutenean. Galtzen dutenean, aldiz, jokalariz jositako armiarma sare hori ahalik eta juntuena biltzen saiatzen da, baloia lapurtu eta berriro ere neurketaren aginte makila berreskuratzeko asmoz. Haren hautatzaileak kapitain izateko prest ikusten du: «Gaztea izan arren, haren postuko jokalari handiek duten heldutasun puntu hori du. Oso ondo hausten du jokoa, eta baloia aurreraka gidatzeko gai da. Kapitaina izateko behar diren ezaugarriak betetzen ditu».

Frantziak ere badu horretarako jokalari trebe bat: Aurelien Tchouameni. Ngolo Kante eta Paul Pogba dira izatez urdinen bi erdilari titularrak, baina biak min hartuta daudenez, Didier Deschampsek beste jokalari batzuen alde egin behar izan du, eta hor azaldu da Real Madrileko erdilaria. Ez zuen lantegi erraza Mouengo gazteak, baina ondo baino hobeto erantzun du. Teknikari baionarra oso gustura da harekin: «Gaztea izan arren, dena du Tchouamenik. Zelaian egiteko gai denaz gain, oso pertsona zentzuduna da».

Rice zein Tchouameni ez dira bakarrik ibiltzen zelai erdian. Bata zein bestea ondo inguratuta daude. Ricek Jude Bellingham, Munduko Kopako izen propioetako bat, eta Jordan Henderson izan ohi ditu bidaide —Mason Mount ere aritu izan da Liverpoolgo jokalariaren ordez— ; frantziarra, berriz, Adrien Rabioten eta Antoine Griezmannen laguntzarekin bere selekzioa antolatzen ahalegintzen da.

Gabe ere, ondo

Neurketa bakarreko kanporaketetan, normalean, taldeek gutxi arriskatzen dute baloiarekin, eta Southgatenek eta Deschampsenek aurreko aldean duten ahala ikusita, biak ala biak baloiaren bitartez lehia hori kontrolpean izaten saiatuko dira. Eta, horretarako, jokalari apartak dira WestHameko eta Real Madrilgo euskarriak. Ricek Munduko Kopa honetan eman dituen paseen %94 onak izan dira (257tik 242 ondo) eta Tchouamenik ere ehuneko berean asmatu du (327tik 310). Txapelketa honetan baloi gutxien galdu dituztenen artean daude.

Baloirik gabe ere bikain moldatzen dira bata zein bestea, horrexegatik dira euskarri onak. Fisiko aldetik oso indartsuak dira, eta horrek baloiak errazago berreskuratzea ahalbidetzen die. Qatarren lehiatutako lau partidetan Tchouamenik 21 baloi lapurtuditu, bost baino gehiago partidako; gainera, hamabost lehia irabazi ditu. Londreskoak ere antzeko zenbakiak ditu arlo horietan: 22 baloi ostu, eta hamalau lehiatan gailendu.

Baloiarekin eta baloirik gabe jokalari apartak dira, batzuetan egin behar ez dutena egiteko tentazioa izaten badute ere. Euren lana taldeari oreka ematea dela argi du Tchouamenik: «Ezberdintasuna dago euskarri eta antolatzaile izatearen artean. Nik batzuetan erasora jotzeko gogoa izaten dut, baina lekua gorde beharrean izaten naiz. Taldeari oreka ematea da nire xedea».

Biak beraien selekzioen indarguneak sustatzen saiatuko dira gaur gaueko neurketan, baina baloi bakar bat izango dute jokatzeko. Ricek eta Tchouamenik baloia nahi izango dute. Ingalaterrak eta Frantziak, aldiz, korrika egin, baina biek ez dute posible izango plan hori burutzea.

Batek doinu lirainen bat jotzen duen bitartean, besteak zarata trakets batekin konformatu beharko du. Ikusi egin beharko zein den musikari hobea, nork jartzen dion melodia partidari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.