Italiako Giroa

Lehia eta lohia lurbideetan

'Sterrato' zatiak dituen etapa bat jokatuko da gaur Giroan. Montalcinon egongo da helmuga, duela 11 urteko etapa oroituan bezala. Xabier Zandiori «arrastoa» utzi zion «lokaztian» bizitakoak.

Cadel Evans, Montalcinon helmugaratzen, 2010ean. CARLO FERRARO / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Montalcino. 2010eko maiatzaren 15a. Txirrindulariak aleka ari dira helmugaratzen, lokatzez lepo. Italiako Giroko 7. etapa da, eta lur hutsezko zatiek, euriak lagunduta, sarraskia eragin dute tropelean. Cadel Evans izan da irabazlea, azken metroetan Damiano Cunegori, Aleksandr Vinokurovi, Marco Pinottiri eta David Arroyori nagusituta. Hamalau minutu geroago iritsi da Xabier Zandio (Iruñea, Nafarroa, 1977), 68. postuan. «Sterrato zatiak lokazti bihurtu ziren, euria gogotik egin zuelako egun guztian. Goitik behera marroi bukatu genuen, txokolate moduko harekin zerri eginda. Publizitatea ere ez zitzaigun ikusten», oroitu du gaur egun Ineosen kirol zuzendarietako bat denak. Halako gomutak bizi-bizi sentituko ditu gaur, Giroa berriz ere Montalcinora bidean izango baita, asfaltorik gabeko errepideetan barna.

«Arrastoa uzten duen egun horietako bat» izan zen 2010eko hura, Zandiok azaldu duenez. Eguraldiaren baldintzek sufrikario bihurtu zuten berez oso gogorra zen etapa. Bukaeran lur gainean egin beharreko 19 kilometro zeuden, bi zatitan banatuta. Ordurako, baina, apurtuta zegoen lasterketa. «Tentsio handia zegoen sterrato-ra ondo kokatuta iristeko, eta erorikoak izan ziren. Zatitu egin zen tropela, eta etenak atzean harrapatu ninduen. Faborito batzuk ere atzean gelditu ziren». Gauzak are gehiago zaildu ziren lurrezko zatietara iristean. Errepidea lehor egon izan balitz, hautsa besterik ez zen sortuko. Ari zuen euri jasarekin, ordea, lohi zipriztin lodiz josi ziren txirrindulariak. «Lehen zatiak beherantzko joera zuen. Hau da, oso azkar gindoazen, eta goitik behera zikindu ginen berehala. Betaurrekoak kentzea beste erremediorik ez zegoen. Baina harea guztia begietan sartzen zitzaizun», azaldu du.

Gaurko ez dago halako girorik iragarrita. Baliteke euri pixka bat botatzea eguerdi partean, baina ez dirudi, inolaz ere, orain dela 11 urteko irudiak errepikatuko direnik. Hori bai, Zandiok uste du etapa, bere horretan, «aldeak» eragiteko modukoa dela. «Aurten lau sterrato zati egongo dira; 35 kilometro inguru guztira. Malda gogorrak daude, gainera. Gauza asko gerta daitezke». Besteak beste, matxura mekanikoek lasterketa hankaz gora jartzea. «Halako zoruan normala da gurpila zulatzea edo bestelako arazoak izatea, eta baliteke autoa gertu ez izatea laguntza behar duzunean. Funtsezkoa da liderrek taldekideak ondoan izatea, gurpilen bat edo bizikleta behar badute».

Zorteak ezohiko garrantzia izaten du halako ibilbideetan. Baina Zandiok garbi du dena ez dela zori kontua. «Esate baterako, kokapen onarekin arazo asko saihestu ditzakezu. Arretari uneoro eutsi behar diozu, eta xehetasun guztiak kontuan hartu behar dituzu».

Bernal, arindua hartuta

Zandiok ez daki zehatz-mehatz nola dagoen Egan Bernal (Ineos), lasterketa etxetik ari baita jarraitzen. Hala ere, uste du gaurko etapak, gutxienez, ez diola «kalterik eragingo» kolonbiarrari. «Igandeko etapa asfaltorik gabeko zati batean bukatu zen, eta, laburra izan arren, tarteak zabaldu zituen Eganek. Gainera, aurten hirugarren egin zuen Strade Bianchen. Eta mendiko bizikletan ibilia da. Ziur naiz aurkari batzuk ez direla horren ongi moldatuko».

Hain zuzen ere, igandeko garaipenari esker barruak askatu zituen Bernalek. Irabazi osteko negar malkoak azken urtean sufritu duen guztiaren isla dira. «Garai zailak igaro ditu. 2019ko Frantziako Tourra irabazi zuen, eta, ondorioz, sekulako presioa hartu zuen bizkar gainean. Tourra nola eta zeinen gazterik irabazi zuen ikusita, sekulako itxaropena piztu zen haren inguruan. Ordea, gauzak aldrebes atera zitzaizkion iaz, besteak beste, bizkarreko minaren eraginez». Bada, Campo Felicen lorturiko garaipena «oso ongi» etor dakioke gaurkoa bezalako etapari «konfiantzaz» eta «aldarte onean» heltzeko.

Baliteke sterrato-ak hautagairen bat jokoz kanpo uztea. Edonola, gaur ez du inork Giroa irabaziko, oraindik goi mendiko etapak jokatu beharko baitira. Hori horrela, uste du oraindik «aldaketa handiak» gerta daitezkeela. «Aldeak oraindik oso txikiak dira lehen sailkatuen artean. Mendiko etaparik gogorrenetan erabakiko da dena, ohi bezala». Alta, Remco Evenepoel (Deceuninck) jo du Zandiok Bernalen mehatxu nagusitzat. «Lehen itzuli handia du, eta denbora asko eman du lehiatu gabe, Lombardian izan zuen eroriko larriaren ondorioz. Baina ematen du mutiko hau edozertarako gai dela. Alde du, gainera, azken eguneko erlojupekoa... Hura izan daiteke Bernalen aurkaririk gaiztoena, bai».

Oraintxe, kolonbiarraren soinean dago maglia arrosa, eta hamalau segundora dago Evenepoel. Hirugarren, berriz, Aleksandr Vlasov (Astana) dago, 22 segundora. Pello Bilbao (Bahrain) da hobekien sailkaturik dagoen euskal herritarra: 21.a da sailkapenean, 3.27ra. Lur hutsezko zatiez gain, bi bider igo beharko dute Lume Spento, hirugarren mailakoa. Helmugarako lau kilometro eskas geldituko dira gainetik bigarrenez igaro eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.