Zolak urratuta, eta eutsi nahian

Realaren xedea finkatzeko azken bost partidak itxarotea eskatu zuen Imanolek, bidea maratoi batekin alderatuta. «Azken bost kilometroetara» akituta baina abantailaz heldu da taldea.

Alexander Isak eta Adnan Januzaj gol bat ospatzen. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Imanol Alguacil entrenatzaileak azalpen argi baten bidez azaldu zuen Realaren sasoi amaierako egitekoa, orain aste batzuk: «Denboraldia maratoi bat bezalakoa da; 30. kilometroaren inguruan sortzen dira arazoak. Helburuak finkatzeko, hobe dugu azken bost jardunaldietara arte zain egon».

Heldu da garai hori: Realari bost neurketa falta zaizkio sasoia osatzeko. Behinola esandakoa gogora ekarri zuen atzo Orioko teknikariak: «Azken bost kilometroetan sartu gara jada; taldeak erritmo aldaketa egin du, eta ea horri eusteko moduan den».

Erritmo bizkortze horrek aurrea hartzeko modua eman die txuri-urdinei. Bosgarren postuan dira orain, eta areriorik behinenak atzerago geratu zaizkie. Oinetakoen zolak urratzen hasi zaizkio jada, baina helmugaraino eutsi egin nahi dio.

BOST TARTEKO HELMUGA
Arerio samurrak, ustez


Denboraldiaren azken txanpan sartuta, Realak baleko egin nahi du orain artean egindako lana. Donostiarrak Europako postuetan egon dira Espainiako Ligako bosgarren jardunaldiaz geroztik, eta bosgarren postuan finkatuta daude 23. jardunaldian Getafen irabazi zutenetik. Aldi horretan, areriorik gogorrenak izan ditu aurrean, eta asmatu du erauntsiari heltzen.

Helmugara heltzeko, bost tarteko helmuga gainditu behar du, ordea, eta bere eskura du postuari eustea. Kontrarioei dagokienez, bakarra du sailkapenean gainetik: Atletico Madril, ligako garaikurraz jabetu nahian ari den taldeetako bat. Gainerako laurak ez dira Reala bezain ondo aritu orain arte.

Kontua da haietako hiru mailari eusteko borroka betean daudela. Hurrengo bi kontrarioak jaitsiera postuetan daude orain: Huesca gaurko arerioa (18:30, Movistar La Liga) hemeretzigarren postuan dago, eta Elx, hurrengo kontrarioa, hemezortzigarrenean. Aldiz, Valladolidmuga-mugan dago, hamazazpigarrenean. Realaren hurrengo aurkarietatik Osasuna da sasoiko helburuak beteak dituen bakarra. Azken jardunaldian ariko dira elkarren aurka.

KARRANPAK ZANGOETAN
Zenbait jokalari, justu


Realak aurtengoa du inoizko sasoirik luzeena. Guztira 50 partida jokatuko ditu, eta honezkero aritu da 45 alditan: 33 neurketa jokatu ditu Espainiako Ligan, zortzi Europakoan, hiru Espainiako Kopan —bat, iazko finala— eta bat Espainiako Superkopan. Hori horrela, partiden zamak bere eragina izan du taldean, eta zenbait jokalarik arazo fisikoak dituzte.

David Silva deialdian sartu du gaurko Imanolek, baina justuko dago, eta ikusteke dago ariko den ala ez. Aldiz, teknikariak baieztatu zuen Carlos Fernandez eta Aihen Muñozez direla ariko. Ezta Asier Illarramendi, Mikel Merinoeta Luca Sangalli ere. Aldi luzeagorako lesioak dituzte haiek.

Bada beste datu bat, ordea: futbolari batzuek infiltrazio medikoak behar izan dituzte jokatzen segitu ahal izateko. Merinori gertatu zitzaion Athletici irabazitako finalean, eta azken partiden inguruan ere gauza bera aitortu zuen Igor Zubeldiak, ostegunean, Euskadi Irratiko Kirol Legez saioan: «Batzuetan behar izan da [ziztada, belaunean], nahiz horren berri askotan jakin nahi ez». Gaur ez da ariko. Loriarako bidea luzea da, kilometroak pilatzen ditu, eta karranpak ohi ditu ondorio.

DOTOREZIAK NEKEA ETSAI
Nola edo hala, irabazi


Maratoietan, lasterka hasterakoan dotorezia handiagoz aritzen da korrikalaria, amaieran baino. Nekeak baldartu egiten du kirolaria, eta desio duen emaitza eskuratzeko ahal den moduan ailegatzea ohi du xede. Futbolean, antzekoa gertatu zaio Realari. Egun, txuri-urdinen jokoak ez du sasoi hasierakoaren distirarik, baina emaitza onak lortzen ari da berriz ere. Hori da garrantzitsuena bidearen amaieran.

Iragan dira sasoi hasierako distirak, eta eraginkortasunak hartu du haren lekua. Joan zen astelehenean Eibarren kontra jokatutako partida da horren adibide. Imanolen jokalariek bost gol aukera egin zituzten, eta hamalau Eibarrekoek, baina Realak irabazi zuen.

Modu pragmatikoan jokatzea hobetsi zuen. Datu esanguratsuak eskaini zituen norgehiagokak: Eibarrek baloi jabetzaren %53 izan zuen, eta Realak, %47. Mendilibarrenek 348 pase eman zituzten partidan zehar; txuri-urdinek, 294. Hori bai, donostiarrek hamabost baloi gutxiago galdu zituzten.

Behin aurrea hartuta, partida zailtzen aritu zen Reala. Daturik esanguratsuena falten ingurukoa izan zen. Eibarrek zortzi egin zituen, eta, Realak hogei, jokoa sarri geldiaraziz. Hori pentsaezina zen orain hilabete batzuk. Realak erakutsi du zangoek ezin dutenean, garrantzitsua dela burua erabiltzea.

ARERIOAK ERE ZERESANA DU
Reala, ondo kokatuta


Realak bi aurkari ditu bosgarren posturako borrokan: Betis eta Vila-real. Andaluziarrek beheko postuetako kontrarioak izango dituzte gehienak: Eibar, Valladolid eta Huesca. Celta eta Granadaren aurka osatuko dute liga. Printzipioz, haiek dute egutegirik erosoena.

Lantegi handiagoa du Vila-realek. Getafe, Celta eta Valladoliden aurka ariko da estreina, eta garaikurra jokatzen ari diren biren kontra amaituko du txapelketa: Sevilla izango du arerio 37. jardunaldian, eta Real Madril azkenengoan. Gainera, Europa ligako finalerdietako itzulerakoa du datorren ostegunean. Vila-realekin alderatuta, bide motzagoa du Realak. Betisekin alderatuta, berriz, helmugatik gertuago ekingo dio amaierako esprintari. Hura dago ondoen kokatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.