Joxe Mari Barrenetxea. Oriamendi 2010 enpresako arduraduna

«Indarberritu egin gara»

Berrogeita lau urte daramatza Barrenetxea Galarretaren inguruan, erremontista, ikusle eta kudeatzaile moduan. «Izugarri maite dut», dio.

GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Hernaniarra eta erremontista saga bateko lehen katebegia izanik, ez da harritzekoa Joxe Mari Barrenetxeak (Hernani, Gipuzkoa, 1958) «barru-barruan»eramatea Galarretako pilotalekua.

Larunbatean 50 urte beteko ditu Galarretak. Zer sentipen duzu?

Duela lau hilabete, pozik ginen; gero, koronabirusa iritsi zenean, larri ikusi genuen geure burua; baina orain, pozik gaude berriro, EITBrekin eginiko akordioari esker, aurki hasiko baikara berriz.

Gutxigatik ez dute bat egingo itzulerak eta 50. urteurrenak.

Hala da, eta pena da. Urteurrena larunbatez izango zenez, asmoa genuen festa handi bat egiteko, baina egoerak ez du horretarako aukerarik eman. Hala ere, lehen torneoak Galarretaren urteurrenari egingo dio aipamena. Pozgarria da 50 urtez zutik irautea, eta erremonteak bertan segitzea.

Zutik bai, baina osasuntsu dago?

Galarretak, erremonteak bezala, behera egin du azken hamabost urteetatik hona. Euskal Herrian, frontoia beti joan da lotua apustuei; sarrerez gain, horixe izan da diru iturririk handiena. Baina 2004an apustu etxeak azaldu ziren, eta, ordutik, gero eta apustu gutxiago egiten da frontoian; helduek baino ez; gazteek, apenas. Ez dugu asmatu jende berria erakartzen, eta diru sarrera horiek gabe, derrigorrean egin dugu behera.

Zein da irtenbidea?

Nire iritziz, instituzioek lagundu egin behar diote pilotari, eta bereziki erremonteari, palari eta zesta-puntari. Bestela, gureak egin du. 2010ean Oriamendi ez bazen sartu izan, ez dakit gaur hitz egingo genuke erremonteaz. Zesta-puntaren eta palaren egoera ere txarra da. Pena da. Nik ulertzen dut instituzioek garai honetan beste lehentasun batzuk izatea, baina ezin dituzte bazter utzi erremontea, pala eta zesta-punta. Behin hiltzen badira, oso zaila da berriro berpiztea. Horregatik sartu ginen gu erremontean buru-belarri.

Galarreta erosita, erakutsi duzue apustuari eusten diozuela.

Urtarrilean erosi genuen Galarreta, eta otsail amaieran bildu egin ginen Eusko Jaurlaritzarekin, hurrengo hiru urterako diru laguntzak zehazteko. Ados ginen, baina horiek jaso gabe ginela etorri zen birusa. Beldurra izan genuen ea hau ez zen izango errematea. Orduan hasi ginen hizketan EITBrekin, eta, zorionez, akordioa lortu genuen. Kinka larrian egon gara, baina, berriz, erremontearekiko dugun atxikimenduak eraman gaitu aurrera. Indarberritu egin gara, eta prest gaude hiru urte eta erdiko beste ahalegin bati ekiteko.

Merezi du horrenbesteko esfortzua?

Dudarik gabe. Inoiz ez nion barkatuko neure buruari erremontea suspertzeko ahalegina egin ez eta Galarretak itxi izan balu.

Nafarroan beste enpresa bat sortu berri dute. Zer iritzi duzu?

Erremontearen alde lan egiteko etorri bada, ongi etorria da. Ea denon artean lortzen dugun. Baina ez dut hitz egin nahi gaiaz. Aurki emango ditugu azalpenak. Erdizkako egiak esan dira, eta hori, askotan, gezurra baino okerragoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.