KRITIKA. Musika

Izen propio eztiak

2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert Treviño. Biola: Pinchas Zuckerman. Egitaraua: R. Wagnerren Lohengrin 1. ekitaldiaren preludioa, B. Bartoken Biola eta orkestrarako kontzertua eta E. Elgarren 1. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: ekainak 3.

Euskadiko Orkestrak azken hilabeteetan aurkeztu dituen programek kutsu erromantikoa izan dute askotan. Izan ere, Brahmsen hainbat sinfonia eta kontzertu handi biltzen zituen jaialdiak ireki zuen denboraldia; Beethoven, Berlioz, Mahler, Txaikovski eta Elgarren obrak ere eskaini dituzte. Azken kontzertu honek ere izen propioek markatutako lerro argi bati jarraitu dio: Wagner, Bartok eta Elgar partituran, Zuckerman biolan.

Richard Wagnerrek Dresden hirian kapera-maisu lanetan zebilela idatzi zuen Lohengrin opera; 1850ean Weimarren egin zen estreinaldia, aldiz, urrunetik bizi izan zuen, erbestean. Lehen ekitaldiaren preludioak handitasunez bete dezake edozein kontzertu gela. Euskadiko Orkestrako hariak trinkotasunez aritu ziren, Grial Santuaren distira akorde zabaletan islatuz.

Pinchas Zuckerman batu zen gero, orkestraren osaketa pixka bat aldatu ostean, Bela Bartoken kontzertuaren interpretazio apartekoan gailenduz, Tibor Serlyren bertsioan. Moderatoaren sarreran eta bigarren gai kromatikoan doi, norabidea galdu gabe, gainontzeko musikarien sostengua ere garbi. Bigarren mugimenduan, biolaren erregistroaren miaketa den horretan, Zuckermanen dotorezia nabarmendu zen, arkuaren jolas bikainean. Bis gisa eskaini zuen Telemannen kontzertuaren Largoa gozagarria izan zen benetan, orkestrako hariak ohiko errepertoriotik kanpo, baina eroso.

Edward Elgarren 1. sinfoniak arrakasta handia lortu zuen estreinatu zen urtean, ehun aldiz baino gehiago interpretatu baitzen. Ez da harritzekoa, goxoki erromantikoek dituzten osagarri guztiak hartzen baititu. Orkestra melodia lasaien eta gai bizien garapen melengara batu zen, Adagio ederrean, esaterako, Treviñoren keinu oparoaren atzetik. Eta, tarteka, baita aurretik ere, sen onez eta batasun aieruaz.

Emanaldi osoan besaulki-patiotik zetorren eztulen abesbatza ere fin aritu zen, proiekzio irmoa eta askotariko tinbreak eskainiz. Bikaintasunerako bidean gauza bat baino ez zaio falta izan: koordinazioa. Denak batera behin, bakea betirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.