Caubeten gisara jolasten

Pierra Caubet 'Xübüko' txanbelari eta lakarrarraren bidea segitzea du xede gaur Altzain antolatu duten emanaldiak. Lehen zatian, Bedaxagar, Beltran eta Rekalt ariko dira; ondotik, txanbelariak.
Pierra Caubet <em>Xübüko</em> eta Juan Mari Beltran, 1985ean.
Pierra Caubet Xübüko eta Juan Mari Beltran, 1985ean. HITZA

Joanes Etxebarria -

2019ko apirilak 13
Altzaiko (Zuberoa) Algarri gelan gaur izanen den emanaldiaren afixan, Agota elkarteak bi zati iragarriak ditu: 19:00etan «lehen» eta 20:00etan «orain». Lehen zatian, Jean Mixel Bedaxagar eta Dominika Rekalt Titika-rekin batean, Xübükoren maneran txanbela joko du Juan Mari Beltranek, eta, haren ustez, ez da arras egokia izendapen hori: «Ez dakit batzuek modernitatea ondo-ondo ulertzen duten zer den». Haren ustez, Pierra Caubet Xübüko txanbelari eta kantaria abangoardiako musikaria baitzen.

Kantari eta dantzari familia batean sortu zen Pierra Caubet Xübüko, 1913an. Dominika Rekalten aitaren osaba zen artista: «Altzain ez genekien txanbela jotzen zuenik ere. Nehork ez zekien deus ere». Jabier Lakuntza Iruñeko gaiteroak bere berri ukan zuen Parisko Euskal Etxean eta grabaketa batzuekin ezagutarazi zizkion Zuberoako azken txanbelariaren doinuak Juan Mari Beltran musikari eta ikerleari: «Harriturik geratu ginen jotzeko estilo hori entzutean. Caubetek erabiltzen zuen eskala Bizkaiko eta Gipuzkoako albokarien antzeko gauza zen tesituran».

Laborari xumea zen, Rekalten erranetan: «Bazuen zerri ordots bat, zezen bat eta beharbada bi edo hiru hektarea lur, lau oilo...». Elizan kantatzen entzun zuen «boz gora, ozen batekin». Caubeten musika, kantua bezala, «lehengo manerari» lotua dela diote batzuek eta besteek. Kantatzeko manera berezia zuela diote, baina, Beltranen erranetan, «belarria ohitua zeukan musika tonalean, musika akademikoan» ere. Hargatik proposatu zioten, berak uko egin bazuen ere Euskal Herrira itzultzeko, Parisko Garnier operan kantari gisa sartzea.

Doinuetan libre

Kantari edo txanbelari gisa Xübükoren berezitasunak argitzeko anekdota bat aipatu du Beltranek: Pierra Caubeten grabaketekin disko bat argitaratu zen, 1978an. Iruñean aurkeztu zutelarik, antzokian entseguetan ari zirela, Caubet kantatzen hasi zen, «eta kantu bat bukaturik txalorik ez zen entzuten, bigarrena kantatu eta txalorik ez... Berak zuzenean pentsatu zuen 'hau jendeari ez zaio gustatzen'», kontatzen du. Oholtzatik joan zen, «ez harrokeriaz», baizik eta publikoaren gustuko zerbait behar zelakoan bere musika eta kantuen partez. Beltranek esplikatu duenez, jendeak «ez zeukan inongo erreferentziarik jakiteko Caubetek [kantua] bukatu zuen edo ez», horregatik ez zen txalorik.

Kantuan bezala musika tresna ahoan zuelarik, doinuarekin «jolasten» omen zen artista, Beltranen erranetan: «Zer-nolako malgutasuna zuen hitz egiterakoan bere tresnarekin, nota bakoitzari bere balioa emanez. Erritmo hain aberatsa! Gaur egungo belarrietarako zaila egiten zaigu», gehitu du, metronomoaren soinua imitatuz.

Garai hartan, Zuberoako azken txanbelaria zena ez zen bere inguruan ezagutua izan. Gaur egun, txanbela jotzen duen zuberotar taldeko kidea da Andre Guiresse. Caubet hil eta ondoko urtean, 1989an, iruindar irakasle batekin hasi ziren musika tresna horrekin. Geroztik, Xübükoren grabaketak eta filmaketak entzun eta ikusirik, «agitzen da gure artean ber moldean aritzea, baina ez dugu sekula kanpoan agerrarazi. Berak txanbela jotzen zuen, kantuan ari zen bezala, eta kantatzeko manera doi bat kanbiatu da. Estudio baten gaia da». Izan pastoraletan edo karriketako animazioetan, Guiressek dioenez, «oraingo musika eta oraingo kantuak» ematen dituzte.

Gaur Xübükoren estilora hurbilduko da Jean Mixel Bedaxagar, eta harentzat ere lana izan omen da prestatzea: «Beretzat bide erraza ez da izan. Nik ez nituen pieza horiek ezagutzen, berekin [Caubetekin] ikasi ditut. Baina Jean Mixelek kantu gehienak ezagutzen zituen beste modu batean emanda», zehaztu du Beltranek. Altzaiarrak eman kantu batzuk hiru garaitan grabatu dira (Iruñeko gaiteroek, Juan Mari Beltranek eta Marcel Bedaxagarrek grabaturik), eta kantu beraren hiru bertsio entzuten dira. «Zeresanik ez, esaten duelarik kantatuko duela Xarmegarri bat badut eta joko duela Xarmegarri bat badut; ia-ia bi kantu diferente dira, nahiz eta antzeman bera dela», Beltranen iritziz.

Emanaldian jolasaren bidea ikertuko dute aipatu txanbelari eta kantariek, Txanbezpel taldearekin batean. Dominika Rekalt Titika-k, berriz, bere testuekin josiko du lehen partea: «Bere etxe ondoko ostatuan zen usu, eta ostatutik entzuten omen zen haren emaztea oihuka, hartaz gaizki erraka. Garai hartan, emazte batek gizonari gaina hartzen bazion, ez zen egiazko gizona. Zerbait idaztea galdetu didate, eta emazteari galderak eginen dizkiot». Kantuetako «matxito frustratuen» hitzekin balantzan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna