Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketaren hasiera

Xantaiak baldintzatua

Panorama politiko ezin nahasiagoarekin hasiko da gaur buruzagi independentisten aurkako epaiketa. Subiranistak estu hartzeko, Sanchezek ez du baztertzen bozak apirilaren 14ra aurreratzea

Xantaiak baldintzatua.
Igor Susaeta.
Madril
2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
2017ko urriaren 1eko galdeketaren atarian, Kataluniako agintari politiko eta zibil independentistek amesgaiztorik beldurgarrienean ere ezin izango zuten imajinatuEspainiako Estatuak matxinada delitua egotziko zienik herritarrei bozkatzeko aukera eskaintzeagatik, eta horrexegatik hamasei eta 25 urte arteko kartzela zigorrak eskatuko zituenik haientzat. Baina hala gertatu da, eta gaurtik aurrera akusatuen aulkian eseriko dira horietako hamabi, Espainiako Auzitegi Gorenean.

Ekinbide politiko bat epaituko dute, eta politikak berak baldintzatuko du, neurri handi batean, auzitegiak erabakiko duena. Azken hilabetean, Pedro Sanchez Espainiako presidentea bi aldiz joan da Giza Eskubideen Europako Auzitegira, adieraztera Espainia «erabateko demokrazia» dela. Baina Estrasburgok behin baino gehiagotan egin dio belarrietatik tira Espainiari, bi belarriak gorritzeraino ia, eta Sanchezek dioenaren kontrakoa adierazi du. Espainiako sistema judizialak ere botere banaketa badagoela esaten du, ahalegin hori egiten du, baina aurrekariek aurkakoa diote.

Horren guztiaren berri ematen du epaiketaren atarian gertatutakoak. Sanchezen gobernua kinka larrian dago, eta Kataluniako subiranisten babesa behar du aurrekontuak onartzeko —bihar bozkatuko dituzte—, boterean irauteko. PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalana eta ERC Esquerra Republicana ezezkoan daude, Generalitatearen eta Madrilen arteko balizko negoziazioetan autodeterminazio eskubidea mahai gainean jarri arte. Sanchezek dio hori ezinezkoa dela eta, hortaz, oraingoz badirudi aurrekontuak ez direla onartuak izango.

Hori kontuan hartuta, subiranistei xantaia egitea erabaki zuen atzo Sanchezek. Moncloak Efe berria agentziari atzo filtratu zionez, Espainiako presidenteak ez du baztertzen hauteskunde orokorrak aurreratzea, eta horiek apirilaren 14rako deitzea. Epaiketa bete-betean egongo da orduan. Sanchezek adierazi nahi die independentistei epaiketaren emaitza, epaia, are okerragoa izan daitekeela eskuinak eta eskuin muturrak gorpuztutako ardatza Moncloara iritsiz gero. Uda hasierarako espero da epaia. Bitartean, Sanchezek aldarrikatutako botere banaketa ezbaian jartzen duen xantaiak baldintzatuta hasiko da epaiketa.

ZEIN DIRA XEHETASUNAK?

Espainiako Auzitegi Gorenaren eraikinean egingo dute epaiketa, Madril erdigunean. Carlos Lesmes auzitegiko presidenteak lehengo astean nabarmendu zuenez, «erronka» handia izan da antolakuntzari dagokionez. «Ez dago gisa honetako epaiketetarako prestatuta». Horrenbestez, azpiegiturak «egokitu» behar izan dituzte. Ez da ohikoa Gorenean epaiketak egitea, eta Kataluniako prozesu subiranistaren aurkakoak, gainera, oihartzun mediatiko oso handia edukiko du.

Hori argiro adierazten du akreditatutako komunikabide kopuruak: 170 bat dira hedabideak, eta 600 inguru kazetariak. Hedabide horietatik 50 bat Espainiatik, Kataluniatik, Galiziatik eta Euskal Herritik kanpokoak dira; Frantziakoak eta Alemaniakoak gehienak, baina baita Suitzakoak, Herbehereetakoak, Errusiakoak, AEBetakoak eta Txinakoak ere, besteak beste, Gorenak jakinarazitakoaren arabera.

Eraikineko osoko bilkuren aretoan egingo dute epaiketa, etaehun bat pertsona sartu ahal izango dira han. 24 auzipetuen senideak izango dira —akusatu bakoitzeko bi—, hogei kazetariak, eta 50 inguru publiko orokorrekoak. Kanpoan ilara egin ondoren, iritsi ahala sartu ahal izango dira. Gainera, bi toki egongo dira erreserbatuta Eusko Legebiltzarreko bi ordezkarirentzat, eta agintariei ere egingo diete lekua. Quim Torra Generalitateko presidentea, adibidez, epaiketaren hasierara joatekoa da, gaur.

Horien guztien parean, eta korridore batek banatuta, akusatuak, haien abokatuak, fiskalak, estatuko abokatuak eta epaimahaiko kideak eseriko dira. Epaimahaiko zazpi epaileen ezkerrean jarriko dira lau fiskalak, Estatuaren abokatua eta Vox akusazio partikularreko bi legelari. Horien parean, defentsen abokatuak. Eta ez da ohikoena izaten, baina akusatuak beren abokatuen ondoan edo atzean egon ahal izango dira epaiketan. Deklaratzea dagokienean soilik eseri beharko dute akusatuen aulkian.

NOIZTIK NORA?

Gaur hasiko da, eta, oraingoz, aste honetako saioak eta hurrengo astekoak daude zehaztuta. Astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan egingo dituzte, 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 18:00etara. Azken asteotan zenbait komunikabidek iturri judizialak aipatuz kaleratutako informazioaren arabera, epaiketak hiru bat hilabete iraungo du; maiatzaren erdialderako bukatu nahi dutela, alegia. Maiatzaren 26rako bozak deituta daude —Europako Parlamenturakoak, eta udal eta foru hauteskundeak—, eta horiek pasatu eta gero kaleratuko du epaia epaimahaiak.

Halere, egutegiari dagokionez Gorenak egindako aurreikuspenak baikorregiak izan daitezkeela dirudi. Izan ere, akusazioen eta defentsen eskakizunak aztertu ondoren, 500 lekuko onartu ditu epaimahaiak. Horiek guztiek pare bat hilabete pasako epean deklaratu beharko dute —Aste Santua dago tartean—. Astelehenak ere epaiketa eguna izatea baloratzen ari da Gorena.

Deklarazioei dagokienez, aurrena akusatuen txanda izango da, eta, ondoren, martxo hasiera aldera, lekukoena. Horiek, akusatuak ez bezala, alde guztien galderak erantzutera behartuta daude.

Lekukoen artean daude, besteak beste, Mariano Rajoy prozesu subiranistaren garaian Espainiako presidentea zena; Ada Colau Bartzelonako Udaleko alkatea; eta, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Generalitateko 51 kargudunek ere deklaratuko dute. Dena den, fiskaltzak hala eskatuta, 500 lekuko horietatik ia erdiak poliziak dira: Espainiako poliziak 115, guardia zibilak 84, eta mossoak 37.

URKULLU ZERGATIK?

2017ko urriaren 27an, aldebakarreko independentzia aldarrikapena egin zuen Kataluniako Parlamentuak. Aurreko egunean, ordea, Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko negoziazioak bizkortu ziren, eta Urkullu bi aldeekin harremanetan izan zen, batak besteari egoeraren berri emateko. Eskatu zion Carles Puigdemont Generalitateko presidenteari hauteskundeetara deitu zezala, eta adierazi zion horren trukean Madrilek ez zuela konstituzioaren 155. artikulua ezarriko Katalunian. Baina Urkulluk ez zion bermerik eman Puigdemonti, eta hurrengo egunean independentzia deklaratu zuen legebiltzarrak.

Jordi Turullen, Josep Rullen eta Jordi Sanchezen defentsak eskatu du Urkulluk deklaratu dezala.

NOR DIRA EPAILEAK?

Andres Martinez Arrietak, Juan Ramon Berdugok, Luciano Varelak, Antonio del Moralek, Ana Maria Ferrer Garciak, Andres Palomok eta Manuel Marchena presidenteak osatuko dute epaimahaia. Marchena izan zen, esate baterako, Eusko Legebiltzarreko Juan Mari Atutxa, Kontxi Bilbao eta Gorka Knorr 2008an zigortu zituena —inhabilitazioa eta zigor ekonomikoa—, urte batzuk lehenago Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa ez zutelako desegin. Auzitegi Gorena kondenatu zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiakduela bi urte, argudiatuta hirurek ez zutela epaiketa justu bat izan. Hainbat magistratuk Marchenaren «inpartzialtasun falta» salatu dute. Auzipetuen defentsek ere gauza bera nabarmendu dute. Carlos Jimenez Villarejo ustelkeriaren aurkako fiskala izandakoak hala esan zuen: «Primerako ezjakina da, erabateko fede txarra duena».

NOR DIRA FISKALAK?

Javier Zaragoza, Consuelo Madrigal, Fidel Caden eta Jaime Moreno dira lau fiskalak. Azken hilabeteotan modu errukigabean egin dute akusatuen aurka, eta zigor eskaera oso handiak egin dituzte. Zaragoza eta Madrigal dira lauretan nabarmenenak. Auzitegi Nazionaleko fiskalburua izan zen Zaragoza 2006tik 2017ra, eta «terrorismo» kasuak ikertu zituen batez ere. Prozesu subiranistaren aurkako diligentziak abiatu zituen, baina ez zuen horiekin jarraitzeko babesik eduki. Frankismo garaian egindako krimenak ikertzearen aurka egin zuen.

ZER JARRERA DU ESTATUKO ABOKATUTZAK?

Iazko otsailean pertsonatu zen prozesu subiranistaren kontrako kausan. Hasieran guztiz bat egiten zuen Llarenaren tesiekin. Iazko ekainean, Pedro Sanchez PSOEkoa Espainiako Gobernuko presidente bihurtu zenean, apur bat aldatu zuen jarrera. Matxinada ez baizik sedizio delitua egotzi die Estatuko Abokatutzak auzipetuei, eta kartzela zigor txikiagoak eskatu ditu. Azaroan izan zen hori. Exekutiboak keinu gisa saldu zuen aldaketa hori, baina Kataluniako independentistek ez zuten hala interpretatu.

NOR DA HERRI AKUSAZIOA?

Vox eskuin muturreko alderdia ari da izaten herri akusazioa agintari subiranisten aurkako prozedura judizialean, eta fiskalek baino zigor eskaera are handiagoak egin ditu. Matxinadagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik auzipetutako bederatziei antolakuntza kriminala ere egozten die, eta 74 urteko espetxe zigorra eskatzen du horien artean Generalitateko kide zirenentzat.

ZEIN DIRA ZIGORREN KAUSAK?

Pablo Llarena instrukzio epaileak bere autoetan jaso duenez, prozesu subiranistaren aurkako ikerketaren hasiera 2012ko abenduaren 19an kokatu beharra dago. Trantsizio Nazionalerako akordioa sinatu zuen Artur Mas Generalitateko presidente zenak. Akordio horren ondorioa izan zen Trantsizio Nazionalerako Liburu Zuria, bi urte geroago aurkeztutakoa. Llarenarentzat, liburu horrek zehazten du prozesu subiranista gauzatu ahal izateko bide orria.

Hala eta guztiz ere, autoek diotenez behintzat, 2017ko irailean eta urrian gertatutakoengatik eseriko dira buruzagi independentistak akusatuen aulkian. Irailaren 6an eta 7an erreferendumerako legea eta trantsizio juridikorako legea onartu zituzten Kataluniako Parlamentuan. Irailaren 20an, Ekonomia Kontseilaritzaren eraikinaren parean mobilizazio masiboak egin zituzten independentistek. Poliziak eraikina miatzen ari ziren, Bartzelonako 13. Instrukzio Epaitegiaren aginduz. Mobilizazio horiek «biolentoak» izan zirela diote Llarenak eta fiskalek, eta horrek eraman ditu agintari subiranistak matxinadagatik auzipetzera. Hirugarren gertakaria urriaren 1ean egindako erreferenduma da. Instrukzio epailearen esanetan, galdeketa eragozteko emandako agindu judiziala «boikotatu» zuten mossoek, prozesu subiranistaren «liderrek» hala aginduta.

Eta laugarren gertakaria da urriaren 27an Kataluniako Parlamentuak egindako aldebakarreko independentzia deklarazioa.

ZER DIRA SEDIZIOA ETA MATXINADA?

Matxinada delitua ezartzeko, beharrezkoa da indarkeria egon dela kontsideratzea; ez da hori sedizioaren kasua. Dena den, beste aldagai batzuk ere hartu behar dira kontuan bi delituak bereizteko. Espainiako Zigor Kodearen arabera, matxinada jasota dago konstituzioaren kontrako delituen artean, eta zigortzen ditu, besteak bestek, lurraldearen zati bat independente izendatzea helburu dutenak. Biolentziaren erabilera egon dela kontuan hartzeko, armak erabili behar dira, edo indarkeria «modu larrian» erabili pertsonen kontra. Sedizioa ordena publikoaren kontra egiten diren delituen artean tipifikatuta dago. Zigortzen ditu modu publikoan eta zalapartatsuki egiten diren altxamenduak, «legezko bideetatik kanpo edo indarrarekin, legeen ezarpena eragotzi» asmo dutenak. Sedizio delitua egiten dutenak buruzagiak badira, kartzela zigorra hamar eta hamabost urte artekoa izan daiteke.

Espainian, orain arte, bi pertsona kondenatu dituzte matxinada delituagatik: Antonio Tejero eta Jaime Milans del Bosch militarrak. 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakeraren erantzule izateagatik zigortu zituzten, eta matxinada delituagatik ezar daitekeen zigorrik handiena jarri zieten: 30 urteko espetxe zigorra. Zigorra osoki bete aurretik atera ziren, ordea, kartzelatik.

NON EGON DAITEKE EPAIKETAREN GAKOA?

Katalunian arazo politiko bat dagoela onartu du egungo Espainiako Gobernuak, eta, horren ondorioz, epaiketaren analisi erabat politikoa egin beharra dago. Horrenbestez, Gorenaren barruan gertatuko denak bezainbesteko garrantzia edo handiagoa edukiko du kanpoan gertatuko denak.

Maiatzaren 26ko hauteskundeak hor daude, ia ate joka, eta Espainiako eskuina eta eskuin muturra gau eta egun ari dira Sanchezi presio egiten, hari leporatzen kontzesioak egiten dizkiela Kataluniako independentistei, eta Espainiaren «hautsezintasuna» kolokan jartzen ari dela modu horretan. PDeCATek eta ERCk azkenean ez badiote laguntzen eta, hortaz, ez baditu aurrekontuak aurrera ateratzen, ziurrenik hauteskunde orokorretara deituko du Espainiako presidenteak. Epaiketan gertatuko denak, tonuak, bistetako formek bozkatzaileei nola eragingo dieten kalkulatzen ari dira Ferrazen.

Aldagai horiek guztiak eta epaiketan entzundakoak eta ikusitakoak aintzat hartuta, akusatuei egozten dizkien delituak aldatzeko moduan egongo da fiskaltza bukaeran. Llarena epaileak Puigdemont Espainiaratzeko agindua eman zuen, baina Alemaniako auzitegi batek baztertu egin zuen matxinada delitua egon izana. Hor badago kontuan hartzeko aurrekari bat.

NOLA ERAGIN DEZAKE INDEPENDENTISTEN ARTEAN?

Akusatuen absoluzioaren defentsak baino ez ditu batzen, gaur-gaurkoz, independentista katalanak. 2015-2017ko legegintzaldian baino indar gutxiago dute Kataluniako Parlamentuan, etaozta-ozta eusten diote gehiengo sinpleari. Atzo adierazitakoaren arabera, absoluziorik ez badago Torrak ez dio muzin egiten aldebakarreko independentzia aldarrikapena gauzatzeari. Epaiaren ondoren ez duela legebiltzarrerako hauteskundeetara deituko gaineratu zuen. Azken urte eta erdian gertatutakoak subiranisten arteko harremanak higatu ditu, eta ikusteko dago zer bideri jarraituko dioten epaia kaleratua izan ondoren; zer erreakzio eragingo duen horrek.

NAZIOARTEKO BEHATZAILERIK EGONGO AL DA?

Agintari subiranisten aurkako epaiketan gardentasuna bermatze aldera, giza eskubideen defentsan lan egiten duten hamahiru elkartek International Trial Watch-Catalan Referendum Case plataforma eratu dute. Horrek eskatu zion Gorenari nazioarteko bost behatzaileri lekua egiteko epaiketa egingo den aretoan. Gorenak, baina, ez du eskaera hori aintzat hartu, argudiatuz epaiketa streaming bidez ikusi ahal izango dela eta horrek gardentasuna bermatzen duela. «Ondorioa da behatzaile bilakatu nahi duen edozein herritarrek hala egiteko aukera izango duela», erantzun zion Marchena epaimahaiko presidenteak plataformaren eskaerari. Plataformakoek Marchenarekin bildu nahi izan zuten lehengo astean, baina epaileak uko egin zion batzartzeari. Jarrera hori salatu du plataformak.

ETA EPAIAREN ONDOREN?

Absoluziorik ez balego, Gorenaren erabakiari ezingo liokete helegiterik jarri defentsek, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo beharko lukete. Defentsentzako azken instantzia judiziala litzateke Espainiako Estatuan. Eta hark errugabetuko ez balitu, kasua Giza Eskubideen Europako Auzitegira, Estrasburgora eramatea da azken aukera.

Epaia irmoa denean, indultua eskatzeko aukera dute zigortuek. Kondena edozein dela ere, presoak berak edo beste edozein pertsonak gauzatu dezake prozedura hori. Gobernuak txosten bat eskatzen dio epaia eman duenari, baina hori ez da loteslea. Joan Tarda ERCkoak esana dauka, ordea, «inoiz» ez dutela hori egingo, kontsideratzen baitute hori egitea egotzitako delituak onartzearen parekoa dela.

Kartzelatuko balituzte, agintari independentistei bigarren gradua ezarriko liekete preso «arriskutsuak» egoten dira lehen graduan. Bestalde, hirugarren gradura igarotzeko beharrezkoa da kartzelako Tratamendu Batzarrak proposatzea. Hirugarren gradua hainbat modutan gauzatu daiteke: kartzelara soilik lotara joanez edo, besteak beste, eskumuturreko baten bidezko kontrolarekin. Halere, ezarritako zigorra bost urtetik gorakoa bada, kondenaren erdia bete arte nekez gertatzen da gradu aldaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.