Hauteskundeak Mexikon

Geldialdia ziklo aldaketan

Latinoamerikan alderdi eskuindarrek azken urteetan izan duten gorakadarekin, mugimendu ezkertiarrek gobernu asko galdu dituzte, baina Lopez Obradorren garaipenak joera hori moztu du.

Obradorren jarraitzaileak presidente berriaren garaipena ospatzen, herenegun, Mexikoko hiriburuan. S. GUTIÉRREZ/ EFE.
2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Mexikoko hauteskunde emaitzek zalantzan jarri dute azken hilabeteetan hizpide izan den ziklo aldaketa. Azken urteetan Latinoamerikan alderdi ezkertiarrek izandako gainbeheraren ostean, Mexikon Morenak lortutako garaipenak ezbaian jarri du ziklo aldaketaren sendotasuna. Alderdi kontserbadoreek azken hamarkadan hartutako indarrak ziklo aldaketa aurreikusten bazuen ere, Mexikoren emaitzek zalantzan jarri dute kontserbadoreen nagusitasuna. Brasilgo, Txileko eta Argentinako gobernu aldaketek eskuindar politiken nagusitasuna aurreikusten bazuten ere, Mexikon, bere historian lehen aldiz, alderdi ezkertiar bat nagusitu da gehiengoz boz batzuetan.

Hauteskunde emaitza ofizialak plazaratu aurretik Andres Manuel Lopez Obradorren aurkariek beren porrota onartu zuten. Behin betiko emaitzak jakinarazi ostean, Evo Morales Boliviako presidentea eta Nicolas Maduro Venezuelakoa itxaropentsu agertu dira. «Latinoamerika independentea nahi dugu. Lopez Obradorren garaipenak gure herrialdeen askapena ziurtatu du diskriminazioaren ordez», esan du Moralesek. Latinoamerikaren historian aro berri bat ireki izana txalotu du Boliviako presidenteak, eta burujabetzaren aldeko mezua zabaldu du. «Herrialde duinek beti borrokatzen dute burujabetzaren alde», azpimarratu du Moralesek. Madurok berretsi du, Twitterren bidez, «egia gailendu» dela «gezurraren aurrean», eta «esperantzaz» bete duela «Aberri Handia» (Hispanoamerika). Burujabetzaren aldeko mezua bidali du Venezuelako presidenteak ere.

Proiektu progresista, nazionalista eta ezkertiarren azken zikloa martxan jarri zen 1998an, Hugo Chavezek Venezuelako presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituenean. Garai hartan 11 gobernu ezkertiar eratu ziren Latinoamerikan eta Kariben. Azken hamarkada honetan gobernu kontserbadoreek progresistei lekua kendu diete. Horren adibide ditugu, besteak beste, Hondurasko estatu kolpea (2009), Dilma Rousseffen aurkako impeachment-a Brasilen (2016) edota Mauricio Macriren garaipena Argentinako hauteskundeetan (2015).

Iazko urteak ere bide beretik jo zuen. Hondurasko hauteskunde nahasiek eta Sebastian Piñeraren garaipenak Txilen —botoen %50 baino gehiago zentro-ezkerrak lortu zituen— eskuinaren hegemonia indartu zuen kontinente osoan.

Mexikoko aldaketa, ordea, erabakigarria izango da Latinoamerikaren politiketan norabidea zehazteko. Brasil da progresisten hurrengo erronka nagusia. Luiz Inacio Da Silva Lula presidente ohia kartzelatik ateratzeko azken eskaera ere arbuiatua izan bada ere, Lulak urriko hauteskundeetara aurkezteko asmoari eutsi dio. Haren hautagaitzak ezeztatuta jarraitzen du mementoz. Leporatzen zaizkion ustelkeria kasuak ukatzen ditu, eta bere aurkako konplot modura ulertzen du kartzelatzea.

Trumpen mezua Obradorri

Donald Trump AEBetako presidenteak Lopez Obrador zoriondu du garaipenagatik, eta lankidetzan aritzeko konpromisoa erakutsi dio, «bi herrialdeen mesedetan». Trumpen erreakzioa hauteskunde emaitzak atera eta bi ordura etorri zen, Twitter bidez.

John Bolton AEBetako segurtasun nazionalerako aholkulariak gogoratu du trantsizio garaia luzea izango dela hautaketa eta presidentearen inbestidura bitartean, eta Lopez Obrador ez dela boterean izango abenduaren 1era arte. AEBetako gobernuak ez du kritikarik egin Lopez Obradorren gainean, eta Boltonek uste du «emaitza harrigarriak» lortuko dituztela lankidetzaren bidetik. Aurrerantzean, Trumpek gobernu ezkertiar batekin negoziatu beharko ditu Mexikon dituen interesak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.