SAIOA ITXI

Hasiera / Gizartea

Josu Urrutikoetxea

«Instrukzioetako lardaskerien neurria ematen digu»

Ekhi Erremundegi Beloki

2021eko irailak 14
Parisko Auzitegitik atera berritan erantzun die Josu Urrutikoetxeak BERRIAren galderei. Zuhur eta berriz ere Frantziako auzitegiek nondik joko duten zain.

Epaileak ebatzi duenean prozesua irregulartasunez josia dela eta instrukzioa berriz hutsetik hasi behar dela, zer iragan zaizu burutik?

Areto berean epaitu dituzten euskal herritarrekin instrukzioetan egin diren lardaskerien neurria ematen digu erabakiak. Nire kasua horren segida bat izan da. Nolanahi egindako instrukzioa guretzat oso ezaguna zen Le Vert epaileak egindakoa izan zen nire kasuan [Laurence Le Vert]. Lotsagarria izan beharko litzateke horrenbeste goraipatzen duten justizian horrelako gauzak gertatzea. Hori gaur agerian geratu da, abokatuek egindako lanari esker. Positiboa da alde horretatik, agerian uzten duelako instrukzioaren funtzionamendua.

Hemendik aurrera zein bide egitea espero duzu?

Epaileak ebatzi duena aintzat hartuta, instrukzioa abiapuntura doa, epaile berri bat izendatu behar dute, eta zalantzan jartzen dute nire inplikazioa. Ez dago garbi ezta nola inplikatzen nauten ere; beraz ,ez dakit zer gertatuko den. Berriz ere deitu beharko naute, eta hutsetik hasi.

Zenbat iraun dezake honek?

Ez dakit; horiek haien tempusak dira, ez nireak.

Bitartean estradiziorik ez da izango, ez zaituzte Espainiara eramango.

Ni oraingoz Euskal Herrira noa. Nire kontra bi akusazio dituzte Espainian: bata, herriko tabernekin zerikusia duena, non diputatu garaian egin nituen bilkurengatik akusatzen nauten, eta hori onartua dago. Eta bestea, Zaragozako dosierra. 1996tik 2000ra espetxeratua egon nintzen, eta Garzon epaileak [Baltasar Garzon] ez zuelako aztarnarik ikusi ni inkulpatzeko, 2001ean Guardia Zibilak berridatzi egin zuen, eta zerikusirik ez dudan zerbaitetan inkulpatzen naute. Baina, afera frantsesak iraun artean, ezin naute estraditatu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna