Josu Urrutikoetxea

«Instrukzioetako lardaskerien neurria ematen digu»

Ekhi Erremundegi Beloki.
Paris
2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Parisko Auzitegitik atera berritan erantzun die Josu Urrutikoetxeak BERRIAren galderei. Zuhur eta berriz ere Frantziako auzitegiek nondik joko duten zain.

Epaileak ebatzi duenean prozesua irregulartasunez josia dela eta instrukzioa berriz hutsetik hasi behar dela, zer iragan zaizu burutik?

Areto berean epaitu dituzten euskal herritarrekin instrukzioetan egin diren lardaskerien neurria ematen digu erabakiak. Nire kasuahorren segida bat izan da. Nolanahi egindako instrukzioa guretzat oso ezaguna zen Le Vert epaileak egindakoa izan zen nire kasuan [Laurence Le Vert]. Lotsagarria izan beharko litzateke horrenbeste goraipatzen duten justizian horrelako gauzak gertatzea. Hori gaur agerian geratu da, abokatuek egindako lanari esker. Positiboa da alde horretatik, agerian uzten duelako instrukzioaren funtzionamendua.

Hemendik aurrera zein bide egitea espero duzu?

Epaileak ebatzi duena aintzat hartuta, instrukzioa abiapuntura doa, epaile berri bat izendatu behar dute, eta zalantzan jartzen dute nire inplikazioa. Ez dago garbi ezta nola inplikatzen nauten ere; beraz ,ez dakit zer gertatuko den. Berriz ere deitu beharko naute, eta hutsetik hasi.

Zenbat iraun dezake honek?

Ez dakit; horiek haien tempusak dira, ez nireak.

Bitartean estradiziorik ez da izango, ez zaituzte Espainiara eramango.

Ni oraingoz Euskal Herrira noa. Nire kontra bi akusazio dituzte Espainian: bata, herriko tabernekin zerikusia duena, non diputatu garaian egin nituen bilkurengatik akusatzen nauten, eta hori onartua dago. Eta bestea, Zaragozako dosierra. 1996tik 2000ra espetxeratua egon nintzen, eta Garzon epaileak [Baltasar Garzon] ez zuelako aztarnarik ikusi ni inkulpatzeko, 2001ean Guardia Zibilak berridatzi egin zuen, eta zerikusirik ez dudan zerbaitetan inkulpatzen naute. Baina, afera frantsesak iraun artean, ezin naute estraditatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.