Hendaiako gaztetxeari egoitza baten aurkitzera engaiatu da herriko etxea

Hendaiako suhiltzaileen kaserna ohiaren okupazioa bertan behera utzi dute horren trukean gaztetxekoek. 18 hilabete galdegin ditu udalak
Gaztetxeko Oneka Jauregi, Kotte Ezenarro auzapeza eta Chantal Kehrig-Cottencon, axuanta akordioa eskuetan.
Gaztetxeko Oneka Jauregi, Kotte Ezenarro auzapeza eta Chantal Kehrig-Cottencon, axuanta akordioa eskuetan. BOB EDME

Nora Arbelbide Lete -

2018ko abuztuak 26
Gaztetxe, egun bakar batez. Hendaiako (Lapurdi) suhiltzaileen kaserna ohiaren destinoa izan da hori. Atzo goizean Hendaiako gaztetxe egin zuten gazte asanbladakoek, bertan sartu eta okupatzen hasiz. Ilun nabarrerako, berriz, lekuak hustu zituzten, Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezarekin hitzarmena izenpetu baitzuten tarte horretan.

Hitzarmenean, gaztetxekoak lekua hustera engaiatu ziren; eta Ezenarro, gaztetxe baten beharrak betetzen dituen egoitza baten aurkitzera 18 hilabete barne. Une honetan ez dagoela leku librerik zehaztu du; bitartean, beste soluzio bat aurkituko dietela ere hitzeman die auzapezak. Heldu den astean biltzekoak dira bi aldeak, behin-behineko irtenbide hori elkarrekin zehazteko. Artetik erraiteko, 2020ko urte hasierara eramaten dute 18 hilabete horiek. Eta 2020ko martxoan udal hauteskundeak izanen dira.

Eskuz idatzi hitzarmena da bi aldeek izenpetu zutena atzo. Kaserna aitzinean bertan idatzia, Chantal Kehrig-Cottencon auzapezordea lagun zuela Ezenarrok. Beren ondoan udaltzainak zituzten hautetsiek. Izan ere, kaserna ohia polizien autoen garajea dela argudiatuz hurbildu zitzaien Ezenarro atzo arratsaldean. Udaltzainen auto bat sartzeko xedearekin hasi zen tirabira. Autoa sartzeko, gazteak bultzatu zituen auzapezak berak.

«Dena aski fite pasa da», aitortu zuen Gaztetxeko Oneka Jauregik. Inoiz ez zuela hain «urduri» ikusi Ezenarro. Haien artean ere konkretuki zer egin oraindik adostekoa zutela mintzatu zen Jauregi egunkari honekin. Baina hori bai: «Argi dugu ez garela horretan geldituko».

Adibidez, migratzaileen egoerari buruzko informazio bilkura egitekoa zuten atzo bertan kasernan, baina azkenean deuseztatu behar izan zuten, ordu horretan iritsi baitzen auzapeza. Nolanahi ere, bilkura eginen dutela azaldu zuen Jauregik, beste nonbait bada ere.

Hitzarmena denbora irabazte kontu bat ote da? «Ez da batere hori» ihardetsi zion zuzenki egin galdera horri Ezenarrok. Orain ez bada egoitzarik, nola izanen ote da hemendik eta 18 hilabetera? «Erran nahi du lehentasuna izanen dutela. Egoitza baten zain diren beste Hendaiako 180 elkarteen aitzinean ezarriko ditugula». Ezenarrok gogorarazi duenez Hendaian 209 elkarte dira, eta hogei bat dira soilik udal egoitzak dituztenak: «Besteek partekatzen dituzte. Baina badakigu gaztetxe baten printzipioa dela bakarrik berentzako leku bat».

Azken bi urteetan Orio auzoko etxe batean zegoen Hendaiako Sasiko gaztetxea. Parisko ospitaleen jabetzapean zen etxe pribatua zen. Baionako auzitegian bururatu zen afera. Maiatzean hiru hilabeteko epea eman zien auzitegiak lekuak husteko. Egun hauetan bururatu da, justuki, epea. Atzo goizeko lehen hitzordua Sasikon finkatua zuten gaztetxekoek. Handik joaten zirela iragarriz, triste, baina pozik ere, bertako esperientziak gaztetxe baten beharra berresteko balio izan ziela. Hortik ziren joan hiri barnean kokatua den kasernara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna