Austeritatearen ordaina

Euskal administrazio publikoetako lan eskaintza publikoak, besteak beste, Madrilek mugatuta daude, Espainiako Aurrekontuetan ezartzen diren berrezarpen tasak ezin direlako gainditu.

Irune Lasa.
2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Pandemiarekin horren agerian gelditu den sektore publikoaren ahultasuna ulertzeko, eta alor horretako behin-behinekotasun handiaren jatorria ere, hein batean hamar-hamabi bat urte atzera egin behar da. Euskal sektore publikoak dagoeneko behin-behinekotasun handia zuen, arazoa hor zegoen jada. Eta atzeraldia iritsi zen.

2008an piztutako Atzeraldi Handiaren kolpe gogorrena 2010. urtean iritsi zen Euskal Herrira. Europatik mezua argia zen: gerrikoa estutu behar zuen Espainiak, ez bazuen Grezia izan nahi, erreskatearen estigma saihestuko bazuen.

Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak plan bat onartu zuen, bi urtetan gastu publikoa 15.000 milioi eurotan murrizteko. Murrizketa handien artean, planak LEP lan eskaintza publikoen berrezarpen tasa %10era gutxitzen zuen 2011., 2012. eta 2013. urteetarako. Hots, erretiro, ezintasun eta abarrengatik hutsik gelditutako postuen %10 soilik betetzeko adinako lan eskaintza publikoak soilik onartzen ziren. 2011. urte amaieran iritsi zen Mariano Rajoy presidentetzara, eta haren Ogasun ministroak, Cristobal Montorok, gogor eutsi zion uhalari.

2015. urtean hasi zen pixka bat baimentzen gerrikoak lasaitzea, eta berrezarpen tasa orokorra %50era altxatu zuen, eta zenbait esparrutan tarte handiagoa ahalbidetu. 2017. urtean Europako Justizia Auzitegiaren ebazpena etorri zen, gogor kritikatuz Espainian sektore publikoan zegoen behin-behinekotasuna. Cristobal Montorok uhala beste pixka bat lasaitzea erabaki zuen. Sindikatu nagusiekin akordioa adostu, eta «egonkortasun prozesua» abiatu zuen, zenbait sektoretan %100eko berrezarpen tasak baimenduz. Tasa %115 izan zitekeen, besteak beste, Estatuko segurtasun indarrentzako.

Austeritate neurriek lorratz sakona utzi dute. Epe horretan zenbat lanpostu publiko finko galdu diren jakitea ez da erraza, baina milaka izan dira. Lanak eta zerbitzuak ez ziren desagertu, ordea, eta behin-behineko kontratazio formulak ugaldu egin ziren. Bitarteko langile gero eta gehiago, eta LEP eskasak.

Azken hiru urteetan %100eko berrezarpen tasa orokortu egin da. Eta %110 da zenbait esparru jakinentzat. Nahikoa ez, inondik ere, galdutakoak berreskuratzeko. Eta oraindik ere, Espainiako Gobernuak ez du uzten ezarritakotik gora joaterik; erkidegoak lotuta daude Espainiako aurrekontuetan jasotzen diren tasa horietara.

Eta besteak beste EAJren eta EH Bilduren botoekin onartutako 2021eko aurrekontuetan ere, berrezarpen tasen mugak bere horretan dirau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.