Realak eta Athleticek sendo segitu nahi dute Europarako lehian

Athleticeko Iñaki Williams Eibarreko Paulo Oliveirarekin lehian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
haritz gallastegi
2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako eta Ligako partidak tartekatzen ari dira urtarrilean. Kopan hilabete erabakigarria da. Otsailaren erdirako erabakita egongo da zein taldek jokatuko duten finala. Horregatik, arreta handia bereganatzen duen lehiaketa da. Kopan bizirik jarraitzen duten taldeentzat liga bigarren mailan geratzeko arriskua dago. Baina ez luke hala behar. Athleticek eta Realak, esaterako, Europarako sailkatzea dute helburu. Bada, horretarako ezin dira deskuidatu. Aukera guztiak baliatu behar dituzte puntuak pilatzeko. Gainerakoan, konturatu orduko, atzean gera daitezke borroka horretan.

Oso bide ezberdinak jorratuta, lan oso ona egiten ari dira bai txuri-urdinak, baita zuri-gorriak ere. Hilabeteren ondoren, San Mamesera itzuliko da gaur Athletic. Gaizka Garitanoren taldeari kanpoan jokatzea egokitu zaio azken asteetan, eta ondo erantzun du. Gaur, Celtaren kontra, etxeko azken partidak utzitako aho zapore txarra kentzen ahaleginduko dira. Eibarren kontra lortutako puntuak eta, batez ere, emandako itxurak ez zuen inor gustura utzi. Puntu premia handia du Celtak, eta, mendean hartzeko, Eibarren aurka baino finago aritu beharko da. Athleticek talde sendoa eta lehiakorra dela berretsi gura du, izena izana baino gehiago duela erakutsi duen kontrarioaren aurrean. Raul Garcia eta Dani Garcia kili-kolo ibili dira astean zehar, baina gertu daude taldeari laguntzeko. Bestalde, Unai Simon gaixorik dago, eta Iago Herrerinek zainduko du zuri-gorrien atea.

Reala, Benito Villamarinen

Sailkapeneko bosgarren lekuari eutsi, eta Txapeldunen Liga jokatzeko aukera ematen duten postuetara gerturatzen ahaleginduko da, berriz, Reala Benito Villamarinen. Bai txuri urdinek eta baiBetisek ere apustu handia egin dute, eta maila oneko jokalariak fitxatu dituzte. Baina, oraingoz, Imanol Alguacilek etekin handiagoa atera dio esku artean daukan talentuari. Baloiaren jabe egiten denak gertu izango du garaipena.

Horrretarako, Imanolek prest du Martin Odegaard. Norvegiarrak osasun arazo bat baino gehiago izan du azken egunotan, baina ostegunetik taldearekin entrenatu du. Harena da taldearen erasoko jokoa antolatzeko ardura. Bestalde, Zubeldiak ezin izango du jokatu txartelak tarteko, eta Monreal min hartuta dago. Deialdian, halere, bi dira aldaketa aipagarrienak. Moya eta Januzaj etxean utzi ditu Imanolek. Haien lekuan sartu dira Pardo eta Zubiaurre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.