Futbola. Munduko Kopa

Norvegiak eta Ingalaterrak final-laurdenetako lehen partida jokatuko dute gaur

Ingelesak norvegiarrak baino askoz hobeto ari dira, lau partidak irabazi baitituzte. Eskandinaviarrek bi irabazi, bat berdindu eta bat galdu dute

Norvegiak eta Ingalaterrak final-laurdenetako lehen partida jokatuko dute gaur.
Julen Etxeberria.
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Gaur ekingo zaie final-laurdenetako kanporaketei Munduko Kopan. Norvegia eta Ingalaterra ariko dira estreinakoan, Le Havren (21:00, Gol eta TF1). Orain arteko jardunari erreparatuta, ingelesak dira faborito finalerdietarako sailkatzeko. Bikain ari dira. Jokatu dituzten lau norgehiagokak irabazi dituzte: ligaxkan, 2-1 Eskoziari, 1-0 Argentinari eta 2-0 Japoniari; eta final-zortzirenetan, 3-0 Kameruni. Sendo ari dira, atzean zein erasoan, zortzi gol sartu baitituzte —bi lehiako—, eta bakarra jaso.

Inor gutxi harrapatu du ezustean ibili zuzen horrek, Ingalaterrak urteak baitaramatza emaitza oso onak lortzen: laugarrenez jarraian ariko da Munduko Kopako final-laurdenetan, eta, duela lau urte, Kanadan, hirugarren izan zen. Goia jo nahi du ekitaldi honetan. Ellen White Manchester Cityko aurrelaria nabarmentzen ari da, lau gol sartu baititu, Ingalaterrak egindakoen erdiak.

Jardun apalagoa egiten ari da Norvegia Munduko Kopa honetan. Indartsu ekin zion lehiari, Nigeriari 3-0 irabazita, baina, geroztik, gorabeheratsu dabil. 2-1 galdu zuen Frantziaren aurka, kostata irabazi zion Hego Koreari (1-2), eta are gehiago sufritu zuen final-zortzirenetan Australia kanporatzeko, bana sartu ondoren penaltietan nagusitu baitzen. Ada Hegerbergen faltan, Caroline Graham Hansen da taldeko jokalaririk erabakigarriena, baina Bartzelonak fitxatu berri duen hegaleko erdilaria ez da nabarmentzen: gol bakarra sartu du, eta penaltiz.

Halako aldeekin, badirudi Ingalaterra estatistikei kontra egiteko moduan dela. Izan ere, bi selekzio horiek hemezortzi aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta norvegiarrak oso nagusi dira: hamabi aldiz irabazi dute, eta ingelesek, bitan besterik ez. Beste bi lehia berdinketan amaitu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.