KRITIKA. Musika

Ahaztuen musika

2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun

BOS

Zuzendaria: Martin Nagashima Toft. Bakarlariak: Victor eta Luis del Valle. Egitaraua: Franz Berwald, Max Bruch eta Franz Schuberten lanak. Non: Bilboko Euskalduna jauregian. Noiz: Martxoaren 22an.

Gure mundu injustu honetako beste alorretan gertatzen den bezala, musikagintzan ere ahaztuak daude, eta ez preseski haien merituengatik. Bilboko Orkestra Sinfonikoak maila desberdinetan ahaztuak izan diren lan batzuk, Erromantizismokoak hain zuzen ere, modu egokian eskaini ditu, Martin Nagashima Toft zuzendari gaztearen batutapean. Horretarako, musikarien kopurua erdira murriztu dute; hautu egokia, konpositoreek asmatutako lanen soinu bolumenari dagokiona.

Nahiz eta Erromantizismo garaian Eskandinaviako konpositorerik onena izan, ahaztuen artean baztertuena dugu, beharbada, Franz Berwald suediarra. Esaterako, Norvegiako Alpeetako oroitzapenak bere poema sinfonikoa ez zen 1948. urtera arte argitaratu, hau da, bera hil eta 80 urtera. Orain arte ez zen entzun izan Bilbo aldean, eta BOSek modu erakargarrian zuzendu nahi izan du ahazntura hori: haren lan laburraren harmonia modu soilean gogoratuz, baina doinuen lirismoa, hainbat erritmoren berezitasuna eta Iparraldeko islak erakutsiz, aldi berean.

Max Bruch alemaniarra, aldiz, entzunagoa izan da, eta ez hain ahaztua, baina ezezagunagoa da haren Bi piano eta orkestrarako kontzertua la bemol minorrean Op.88 lana, lau zatitan banatzen dena. Esan beharda 1974. urtera arte lan hori ez zela behar bezala interpretatu. Kasu honetan, Victor eta Luis del Valle anaiek eman dute obra, biak ere pianista kontsakratuak jada, gazteak izan arren. Biek ala biek bikain jardun dute jotzen elkarrekin, digitazio boteretsua erakutsiz hasieratik, eta orkestrarekiko pareko indarra eta protagonismoa agertuz. Hori ez da aitzakia izan adagioan, hirugarren mugimenduan, fraseo liriko ederra egiteko, ez eta bigarren eta laugarren mugimendu azkarretan gora eta beherako eskala arinak zehatz-mehatz ibiltzeko ere. Azkenean, bi pianistek, egitarautik kanpo eta publikoaren berotasuna eskertzeko asmoz, jatorrian bi pianorakoa zen Ravelen Ma mère l'Oye-ren Laideronette zati ederra eman zuten, haien gaitasuna are hobeto erakusteko edo.

Oro har ezagunagoa izan arren, bere garaian isildua eta ahaztua izan zen Franz Schubert musikari gaztearen 6. Sinfonia interpretatu zuen BOSek. Gustagarria izan da Martin Nagashima zuzendariaren lana, orojakile moduan jardun baitu, sarrera guztietara adi, beharrezko interpretazio eginez. Hark eta musikariek bertsio on eta alaia gauzatu zuten. Horretarako, oso ondo konbinatu zituzten egurrezko eta metalezko taldeen bakarlaritzak orkestra osoaren interpretazioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.