Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Karmaren soka luzea

Mikel Zumeta.
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'Lhamo and Skalbe'



Zuzendaria: Shontar Gyal. Herrialdea: Txina.Iraupena: 110 minutu.

Patua modu ugaritan agertu ahal zaigu; modu agerikoan izan daiteke, bat-bateko kausa-efektu argudioarekin, Murphyren legearen lelopean, edo justizia poetikoaren izenean.

Sonthar Gyal zuzendariak Tibeten kokatuko gaitu, Tibeteko goi-lautadan, leku bakarti, hotz eta isolatu baten. Bertan bizi dira pertsonaiak, eta haiek ere modu bakarti hotz eta isolatuan erlazionatzen dira, hitz neurtu eta eskasen bitartez komunikatzeko gaitasunik ez duten pertsonaiak baitira.

Lhamo eta Skalbe ezkontzeko bidean daude, edo hori ematen zaigu ulertzera, filmean informazioa tantaz tanta isurtzen zaigulako, zerbait preziatua bezala. Gertatzen denaz jabetu nahi dugu azaltzen zaizkigun gertaera neurtuetan, eta, hala ere, kostata helduko gara ondorioetara.

Karmak pertsonaiak bahitu dituela esango genuke. Ez dira haien etorkizunen jabe; patu madarikatuak dituzte, laztasuna ikusiko dugu nonahi; hori bai, isiltasunean, elkarrizketa neurtuetan eta traba kultural ugari gainditu ondoren.

Filmak azaltzen diguna interesgarria bada ere, zaila egiten da hari jarraitzea, erritmo ezin motelagoandoalako aurrera. Basamortuan bageunde bezala, informazio zantzuak ur tantak balira bezala itxaroten pasatuko dugu pelikulak irauten duen denbora.

Hori bai, karma karma da, eta, filmean azaltzen den bezala, hasitakoa bukatu beharra dago, bakoitzak bere bideari jarraitu, norbanakoaren zoria dena delakoa izan arren, ezin delako karma saihestu.

Hori bai, karma ona izan nahi badugu, mesedez, komunika gaitezen, mututasunean ito nahi ez badugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.