Mikel Zumeta.
HERTZAK

Neurketa unitate berria

2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Neurketa unitate ugari dago munduan, gehienek estandarizazio prozesua pasatu dute, kontsentsu eta onespenaren ondoren ezarri dira; kilometroa, litroa, ordua, kasurako. Badaude, hizkera kolokialean, naturalki gailentzen diren moduak; adibidez, pildora hitza. Ikus-entzunezkoan, telebista eta irratian gehienbat, sormen edo eduki pilulak hitza erabiltzen da informazio konkretu eta kondentsatua espazio buruaske txikietan ematen denean. Irratian txikle hitza ere entzun izan dut behin edo behin, saioetan nonahi txerta daitekeen sekzio aglutinatzaileak direnean. Gaur kroketa goraipatzera nator neurketa unitate bezala. Kroketa kontenedore bezala, edukiontzi, kroketa, hain xaloa, mokadu arrunt bezain gutiziatua. Gastronomikoki, plater ohikoa geurean, eta, hala eta guzti ere, preziatua. Beti dago denbora kroketa jateko, nagirik ez dugu izango kroketari tartetxoa egiteko.

Baina hau ez al zen podcasten inguruko zutabea? Galdetuko diozue zeuen buruari. Ba bai, hala da, eta horregatik nator kroketekin. Kroketak BERRIAko Urtzi Urkizu kazetariak duen podcastaren izena baita. Hamaika kroketa kozinatu ditu Urkizuk dagoeneko, hamaika atal, lehenengo aurkezpen saioaz gain. Kroketekin gertatzen den moduan, geruza kurruskariak inguratuko du eduki mamitsua, mokadu bakar batean edo bitan, arin goza daiteken saioa da. Eta, kroketekin bezala, barrubete nahi adinarekin osa daiteke orea, zapore bezain beste aukera.

Urkizuk podcastari joan den abenduan eman zion hasiera. Geroztik hilean bi kroketa inguru plazaratu ditu. Spotifyn eta Ivooxen dasta daitezke kroketok,5-10 minutu inguruko elkarrizketak eta kultur gaiak lantzen dira oro har. Elkarrizketak, kolaborazioak eta sormen lanak uztartuko dira. Kroketa Odei Barroso erara, Idoia Torregarai kroketista txioizarra, Emma Kuntz kroketa Clara Monteroren eskutik, Ibon Izaren kroketa esferikoa hizkuntz eskubideen alde pantailetan, eta abar luzea.

Beraz, aitor dezagun kroketa neurketa unitate ezin aproposagoa dela eta barnera dezagun errealitatea definitzerako garaian. Goxoa, kurruskaria, hamaika zaporez osatuta egon daitekeena. Mokadu modakoa edo arrunta, baina beti gutiziatua delako kroketa. Nork esan diezaioke ezetz kroketa bati? Nik ez, zuk?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.