Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea EBALUAZIOARI NEURRIA HARTZEN

Publizitatea

Gizartea

Hezkuntzako ebaluazioa. Egungo sistema auzitan

EBALUAZIOARI NEURRIA HARTZEN

PISA txostenak hautsak harrotu baditu ere, ebaluatzeko eredua bera da hezkuntza arloko eragile askok zalantzan jartzen dutena. Egun indarrean den sistema «merkantilista» eta «arrotzari» aurre egiteko, alternatiba propioak sortzen hasteko deia egin dute sektoreko adituek eta sindikatuek.

2017-02-19 / Ion Orzaiz

Neur al daiteke jakintza? Eta pertsona batek benetan ikasten duena? Faktore kuantitatiboetara murriztu al daiteke hain intimoa eta zehaztugabea den prozesu bat? Eta, egun indarrean den hezkuntza sistema estandarizatuan, nork erabakitzen du zer ebaluatu behar den, eta zer parametroren arabera? Azken PISA txostenak eragindako lurrikararen ostean, hezkuntza alorreko hainbat eragilek inoiz baino ozenago aldarrikatu dute ebaluazioaren gaineko gogoeta sakon baten beharra dagoela: bai kanpotik ezarritako ebaluazio metodoak eta sailkapenak aztertzeko, baina baita etxe barruan ere, egunero, haurren ikasketa prozesua neurtzeko erabiltzen diren moduak auzitan jartzeko. Ebaluazioa, ebaluaziogai.

Oro har, azterketez eta ebaluazioaz aritzean, «kontzeptuak nahasi» egiten direla uste du Jose Francisco Lukas EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ebaluazioan adituak: «Ez da gauza bera neurtzea, kalifikatzea eta ebaluatzea. Batzuetan, zerbait ebaluatu ahal izateko, aurretik neurtu beharko dut, baina, beste askotan, ebaluazioa egin nezake aurretik inongo neurketarik egin gabe; finean, kuantitatiboa nahiz kualitatiboa izan daitekeelako ebaluatu ahal izateko behar dudan informazioa».

EHUko irakaslearen irudiko, funtsezkoa da ebaluazioaren helburuak zehaztea, egungo metodologiak aztertzen hasi baino lehen. «Oso garrantzitsua da jakitea zertarako egiten dugun ebaluazioa. Normalean, irakaskuntza tradizionalarekin lotzen dugu; azterketekin edo kontrolekin, beraz. Ikasturte bukaeran, irakasleak ikasleei esatea zuk balio duzu ala zuk ez duzu balio. Baina ebaluazioak, hezkuntzan, beste funtzio bat izan beharko luke: ikuspegi pedagogikotik, baliabide bat da, ikasketa prozesua hobetzeko tresna bat». Gaur egun, baina, ez du uste funtzio horrekin erabiltzen denik.

Ane Ablanedo unibertsitate irakaslea ere «oso kritikoa» da egungo ebaluazio metodoekin eta hezkuntza sistemarekin, oro har: «Nik defenditzen dudan eskola ereduan, ez dago ebaluaziorik; ez behintzat, sistema honetan ulertzen eta ezartzen denaren moduan». Urteak daramatza Ablanedok irakasle lanetan Iruñea eta Baiona artean; bigarren hezkuntzako institutu batean, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta UEUn ari da. Euskal Herriko eskola libre edo alternatiboen eredua ere aztertu du, eta, esparru horretan eginiko lanari esker, ondorioztatu ahal izan du haurren behaketak eta ikasketa prozesuaren jarraipenak ez dutela zerikusirik kalifikazioekin edo azterketekin. «Norberak eraikitzen du bere ikasketa, bizitzaren une bakoitzean jakin-mina pizten dion galderen erantzunen bila. Ikasketa oso gauza pertsonala eta sakona da, eta, gainera, nor naiz ni ebaluatu behar izateko haur batek ikasten duena?».

Horregatik, ikasleen jakintza maila neurtzeko metodologiaz harago, sistema osoa auzitan jarri beharko litzatekeela uste du Ablanedok. «Haurra bakarrik ebaluatu behar al dugu? Sistema bere horretan utzi eta haurra bakarrik kalifikatu? Ez al dugu ebaluatuko, esaterako, zergatik ikasi behar duen haur batek interesatzen ez zaiona, eta ezin duen ikasi nahi duen hori?».

Ikuspegi horrekin bat egiten du Ruben Iglesias irakasle eta LAB sindikatuko kideak. Haren esanetan, ebaluazioa baliagarria izanen da, «gabeziak identifikatzeko eta estrategiak proposatzeko» tresna bihurtzen den heinean soilik. Baina, horretarako, «sistema osoa» aztertu behar dela dio: «Ikasleak bakarrik ez, ikasketa prozesuaren elementu guztiak aztertu beharko lirateke: irakasleak, familiak, ikastetxeak, irakasleen formakuntza, metodologia, baldintzak... Ez da zuzena zama guztia ikasleen edota irakasleen bizkar uztea».

Kontzeptuak berritzen

Gogoeta horiek hezkuntza eragileak ikasketa kontzeptua bera birplanteatzera eraman beharko lituzkeela uste du Ablanedok: «Zer da ikastea? Egungo hezkuntza ereduan, gauza batzuk memorizatzea eta irakasleak edo autoritateak nahi duen gisan erantzutea baino ez da. Baina, egiazki, ezinezkoa da benetan jakitea eta neurtzea pertsona batek zerbait ikasi duen ala ez. Eduki horiek bereganatu dituen ala ez. Ikasketa, berez, oso gauza sakona delako». Gainera, hezkuntza sistemak ikasketa prozesu naturala «behartu» egiten duela uste du Ablanedok, haurrak jakintza zehatz bat une zehatz batean ikastera premiatzen dituela: «Ikasi behar duzu hau, orain eta horrela. Haurrek berezkoa duten erritmoa bortxatzen du sistemak».

Ablanedoren aburuz, ikasleen ezaugarriei eta erritmo propioei bizkarra emanda, ikasketa prozesuak estandarizatu nahi izateak oso emaitza txarrak eman ditu orain arte. «Behartuta ikasten baduzu, ihes eginen dizu jakintza horrek. Ez duzu benetan ikasiko. Nik 10 bat atera dezaket azterketa batean, benetan gai horri buruz oso gutxi jakinda. Esate baterako, institutu garaian ikasitako gaietatik, zenbat gogoratzen ditugu gaur egun?».

LABeko ordezkariak ere azterketetan eta notetan oinarritutako eredua gainditzeko deia egin du, ikasleei «etiketak» jartzen dizkiela iritzita: «Haurrei, txiki-txikitatik, notak jartzen dizkiegunean, zama bat ari gara ezartzen. Berdin du nota onak ala txarrak izan, hasieratik oso nota onak izan dituen ikasleak ere presio hori sentituko baitu prozesu osoan».

Errealitate hori iraultzeko tenorean, eskolek «benetako ikastoki» bihurtu beharko luketela uste du Ablanedok, «heziketaren benetako esanahi eta zentzuarekin» bat eginez. Aditu askoren ustez, ordea, gaur egun ez da horrelakorik gertatzen, heziketarekin zerikusirik ez duten interesen arabera diseinatuta dagoelako Mendebaldeko hezkuntza sistema osoa.

Hezkuntza eredu 'prusiarra'

Heziketa historiako garai guztietan eta gizarte orotan existitu den arren, gaur egungo sistemaren oinarriak XVIII. mende bukaeraren eta XIX. mende hasieraren artean hasi ziren finkatzen. Zenbait adituren arabera, Bertrand Barere politikari frantsesa izan zen hezkuntza sistema publikoa egituratu zuena, 1789ko iraultzaren ostean, Frantziako kultura hedatzeko eta, armadaren laguntzarekin, herrialdea homogeneizatzeko xedez. Beste batzuen arabera, berriz, Prusiako eredu militarra da gaurko sistemaren aurreko zuzenena. Edonola ere, estatu-nazioek bultzatutako eredua izan zen, heziketa jarduera modu sistematizatu eta eraginkorragoan antolatzeko. Ordutik, estatuetako hezkuntza sistemen funtzio nagusia ez da pertsonak heztea edo jakintza bermatzea, pertsonak sozietate eredu zehatz batean gizarteratzea baizik.

«Eskolak agerian duen curriculumaz gain, itzalpeko curriculum bat ere badu», dio Ablanedok. «Hezkuntza sistemaren benetako egitekoa, inork aitortzen ez duen arren, ezkutuko curriculum hori haurrari barneratu araztea da; sistemaren nolakotasuna irenstera behartzea, gizarte eredua ere onar dezan». Horren ondorioetako bat, UEUko kidearen esanetan, «gizaki otzanak» heztea da, autoritateari men eginen diotenak, eta, horretarako, sarietan eta zigorretan oinarritutako metodologia hedatu da mundu osoan: «Ongi portatzen bazara, nik diodana ikasten baduzu eta, finean, gurpilean sartzen bazara, nota onak izanen dituzu. Kontrara, ez baduzu ikasten eta bidetik ateratzen bazara, zigorra. Eta berdin dio zigorrak zer forma hartzen duen: nota txar batena ala haserre aurpegia duen marrazkitxo batena. Ikasleak badaki hori zigor bat dela. Konduktismo esaten zaio horri», azaldu du unibertsitate irakasleak.

Ezkutuko interes horiek, ordea, ez liokete eguneroko ikasketa prozesuari soilik eraginen. ELA sindikatuko Xabier Irastortzaren arabera, azken urteetan indarra hartu duten ebaluazio sistema estandarizatuek —PISAk, esaterako— eta erreforma sakonek agerian uzten dute «zenbait presio taldek norabide jakin batean eraman nahi dutela hezkuntza sistema». LOMCE edota Heziberriren gisako egitasmoen bidez, hezkuntzaren ikuspegi «merkantilista» ezarri nahi izatea leporatu die Espainiako nahiz EAEko administrazioei. «Erreforma horien arabera, hezkuntzak balio behar du ekonomiak dituen beharrei erantzuteko, eta enpresek etorkizunean beharko dituzten langile profilak eskuratzeko», dio Irastortzak. PISA txostenak berak «enpresei eta lobby-ei» interesatzen zaizkien konpetentziak bakarrik ebaluatzen dituela gaineratu du ELAko kideak. Besteak beste, matematikak eta atzerriko hizkuntzak.

Iritzi berekoa da Steilas sindikatuko Amaia Zubieta ere. Ebaluazioetan, eta hezkuntza sisteman, oro har, «neoliberalismoaren paradigma» hedatzen ari dela ohartarazi du: «2000. urte inguruan, Europako Batasunak erabakia hartu zuen erakunde barruko hezkuntza sistemak homologatzeko, eta horretarako, erreformak sustatu zituen herrialde guztietan», azaldu du. Haren irudiko, «hezkuntza merkatuen interesen arabera egokitzeko azpijokoa» izan zen hura.

Zubietak logika neoliberal horren pean kokatzen ditu Europa osoko ikasleei ezarritako ziklo amaierako azterketak ere. «LOMCEk, adibidez, garrantzia izugarria ematen die errebalidei. Zergatik? Bada, era horretan, hezkuntza ziklo bakoitza bukatuta, aztertu dezaketelako Europak ezarritako irizpideak behar bezala betetzen ari diren ala ez».

Ikasleen heziketa osoa errebaliden edo amaierako azterketen inguruan egituratzeak, gainera, «kalte izugarria» ekarriko lukeela uste dute sindikatuek eta ebaluazioan adituek. Zubietak «hezkuntzaren perbertsioa» antzematen du erreforma horien atzean: «Ikasleei eskatuko zaiena izango da ziklo amaierako proba gainditzea, sistemaren barruan aurrera egin dutela frogatzeko; beraz, irakasleak ez ditu ikasleak heziko, ez ditu euren berariazko gaitasunak sustatuko, eta, horren ordez, errebalida gainditzeko prestatuko ditu, besterik ez».

Jose Lukas irakaslearen ustez ere «dena baldintzatuko luke» LOMCEren gisako erreforma bat ezartzeak. «Madril bada azterketagaiak ezarriko dituena, horrek hankaz gora jarriko du ikasketa prozesu osoa, eta hezitzaileen nahiz ikastetxeen autonomia. Hein batean, selektibitatearekin ere gertatzen da: 'askatasun osoa duzue... baina ikasleek azterketa hau gainditu behar dute, nik ezarritako edukiekin'».

Euskal Herritik kanpo ezarritako ebaluazioari aurre egiteko, «egitura propioak» sortzearen beharra nabarmendu dute hezkuntza alorreko sindikatuek. «Herri gisa erabaki behar dugu zein den gure ebaluazio eredua; kanpotik ezarritako ebaluazio eta sistema horiek onartuko ditugun, ala kontrara, urratsak egiten hasiko garen, bestelako ereduak garatzeko bidean», adierazi du LABeko ordezkariak.

Hezkuntza propioaren bila

Ane Ablanedoren aburuz, «Espainiak nahiz Frantziak ezarri dituzten parametroetan» katigatuta dago Euskal Herriko hezkuntza: «Euskal eskola publikoaren aldekoa naiz, noski, baina gaur egun, ez dugu halakorik. Ez dugu sistema propiorik. Euskal eskola nazionala izateko sortu ziren ikastolak hasieran, baina ez dute eginkizun hori betetzen». Oro har, «estrategia eta politika» falta dela uste du UEUko irakasleak, Espainiako eta Frantziako sistemetan «erabat barneratuta» ikusten baititu, bai ikastetxe publikoak, bai ikastolak. «Herrialde horietako hezkuntza eta curriculuma lantzen ari dira... baina euskaraz. Ikastolako edo D ereduko zenbat ikasle ez ote ditugu entzun euskaraz esaten hemen, Espainian edo hemen, Frantzian?».

Hala ere, hezkuntza sistema berritzaile bat ezartzeko «aukera paregabea» dagoela uste du Ablanedok. «Gure egitura propioa sortu beharko dugunez, heziketa bertze modu batez ulertzeko aukera bat eskaintzen digu horrek. Hutsetik hasten ahal gara. Sistema propioa sortzeke dugula? Bada, sor dezagun sistema benetan on bat».

Haurrak «pertsona gisa» trebatuko dituen eredu baten alde egin dute Ablanedok eta Iglesiasek. LABeko kidearen aburuz, «konpetentziak» helarazi beharko litzaizkieke neska-mutikoei, ikasgaiak bainoago: «Gizartea modu kritikoan interpretatu eta eraldatzeko gaitasunak sustatuko dituen sistema bat behar dugu; besteak beste, komunikatzea, elkarbizitza, norbera izaten ikastea...».

Ablanedok, berriz, inguru libreago batean jarduten duten eskola alternatiboak jo ditu eredu gisa: «Haurrak berezko duen ikasteko gaitasunean kaltea sortzen duen guztia kendu behar genioke eskolari. Eskola deseskolarizatu, benetako ikasketarekin topo egin dezan. Gizartearen beharrei erantzuten dien eskola bat ez da aski, pertsona hartu behar baitu kontuan, batez ere». Hezkuntza sistema berri bat ezartzeko bidea urratzeke dago oraindik, baina lehen pausoak emateko gonbita egina dute eragileek.

Publizitatea

Sortu kontua
Ion Orzaiz Ion Orzaiz

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak