Katalunia. Puigdemonten aurkako euroagindua

Kolpea Espainiaren kontakizunari

Alemaniak ukatu egin du Puigdemonten aurkako matxinada delitua, eta erabaki du diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik Espainiaratzea. Defentsak helegitea jarriko du Alemaniako Konstituzionalean. Llarena euroagindua baliogabetzekotan da

Carles Puigdemont joan den ekainaren 21ean, Berlinen, Quim Torra Generalitateko presidentearekin izandako bilera batera iristen. MARKUS HEINE / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Hau gerta daiteke Kataluniako prozesu subiranistaren harira auzipetuta daudenen kontrako epaiketa hasten denean, hilabete batzuk barru: Katalunian kartzelatutako buruzagi independentistetatik zazpik matxinadagatik 25-30 urteko kartzela zigorrei aurre egin behar izatea fiskaltzak hala eskatuta, eta Pablo Llarena auziaren instrukzio epailearen esanetan matxinada horren «liderra» dena, Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetua, epaitua ere ez izatea.

Izan ere, Alemaniako Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak atzo kaleratutako ebazpenaren arabera, «onartezina» litzateke Puigdemont matxinadagatik Espainiaratzea. Hori bai, kontsideratu du joan den urriaren 1eko erreferendumaren kostuaren zati bat Generalitateak ordaindu zuela, eta, horrenbestez, diru publikoa bidegabeki erabiltzearen delitua egotzita Espainiari ematea onartu du.

Albistearen berri eduki eta gutxira mintzatu zen Jaume Alonso-Cuevillas Puigdemonten abokatua, eta nabarmendu zuen nazioartean «irrigarri» geratuko litzatekeela Espainia baldin eta Katalunian kartzelatuta dauden auzipetuetako batzuei matxinada leporatu eta presidente erbesteratua, berriz, diru publikoaren erabilera bidegabeagatik epaituko balute —bost bat urteko kartzela zigorra dakar delitu horrek—. «Absurdoa litzateke».

Eta, hain zuzen ere, Espainiako Auzitegi Gorenak badauka Alonso-Cuevillasek aipatutako egoera «irrigarri» hori saihesteko intentzioa. Zenbait hedabidek iturri judizialak aipatuz kaleratu dutenez, joan den martxoaren 23an Puigdemonten kontra ezarritako Espainiaratze agindua baliogabetzekotan da Llarena Goreneko epailea. Magistratua pentsatzen ari da auzia EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegira eramatea. Fiskaltza ere ados dago bide horrekin. Puigdemonten defentsak, berriz, erabakia du Alemaniako Auzitegi Konstituzionalera jotzea, diru publikoaren erabilera bidegabearen delituarengatik Espainiaratua izan ez dadin. Helegitea jarriko du gorte horretan. Alonso-Cuevillasen iritziz, «bataila bizi bat» edukiko dute han, Espainian «epaiketa justu baterako» bermerik ez dagoela erakusteko ahaleginean.

Beraz, Alemania iparraldeko landerreko auzitegiak atzo jakinarazitakoak kolpea eman dio Llarenak instrukzio fasean egindako gertakarien kontakizunari, eta guztiz birrindu du kausa justifikatzeko magistratuak erabili izan duen lider independentisten «estrategia kriminalaren» ideia. Ez da, dena den, Schleswig-Holsteingo Auzitegiak kontakizun hori ezeztatzen duen lehen aldia. Puigdemont martxoaren 25ean atxilotu zuten Alemanian, eta egun batzuk egin zituen Neumuensterreko kartzelan, harik eta auzitegiak aske utzi zuen arte, matxinada ukatuta. Apirilaren 5a zen, eta Puigdemont espetxetik atera zen, 75.000 euroko bermea ordainduta. Maiatzaren 22an ere matxinada ukatu zuten auzitegiko hiru epaileek, nahiz eta hango fiskaltzak auziari buruzko dokumentazio gehigarria aurkeztua zeukan —bideoak batik bat—. Espero bezala, Llarenaren tesiak defendatu ditu fiskaltzak une oro.

Bien bitartean, Antoni Comin, Meritxell Serret eta Lluis Puig kontseilari kargugabetu erbesteratuen aurkako euroagindua ez zuen onartu Bruselako auzitegiak, forma akats batengatik. Maiatzaren 16a zen, eta orduan ere kolpea eman zioten Llarenari.

Europara eramateaz

Puigdemontek berak Twitter bidez adierazi zuen «irabazi» egin diotela «estatuak mantendutako gezurrari», kontakizun horri. «Gure kideek kartzelan pasatzen duten minutu bakoitza lotsaizun eta injustizia minutu bat da. Borrokatu egingo gara, eta irabazi egingo dugu!», gehitu zuen. Gonzalo Boye haren defentsako kidearen esanetan, «egun ona» izan zen atzokoa. «Ikusi da erabaki zuzena izan zela eztabaida juridikoa Europara eramatea».

Eta Schleswig-Holsteingo Auzitegiak ez du Espainiaratzea gauzatu, Llarenak Puigdemonti inputatutako ekintzen baldintzak ez dituelako betetzen Alemaniako Zigor Kodearen 81, artikuluak, goi traizioarenak. Euroagindua gauzatzeko ezinbesteko baldintza da herri eskatzaileak akusatuari leporatzen dizkion delituak herrialde hartzailearen zigor kodean jasotzea. Goi traizioa da, hain justu, matxinada delituaren baliokidea Alemanian, eta ekintzetan indarkeria egotea beharrezkoa da hori egotzia izateko. «Goi traizioak eskatzen duen biolentzia mailarik ez da egon Espainiarekin izandako konfrontazioetan», azaldu du auzitegiak, duela hiru hilabete argudiatutakoa berretsiz. Era berean, ordena publikoaren aurkako delitua baztertu du, Puigdemontek erreferenduma antolatu zuelako, «ez zelako izan zen biolentziaren lider espirituala» .

Diru publikoaren erabilera bidegabeari dagokionez, auzitegiak dio «nahikoa froga» daudela esateko presidente kargugabetua Generalitateko finantzen «erantzule nagusia» zela. «Kontu zehatzak Espainiako zigor prozeduretan argitu behar dira». Hori dela-eta onartu du delitu horrengatik Espainiaratzea. Espainiak euroaginduari eusten badio, horregatik epaituko dute.

Gorenean planteatzen ari diren beste aukeretako bat da Puigdemont beste herrialde batera mugitu arte itxarotea, eta, orduan, berriro, Espainiaratze agindua aktibatzea. Argi dagoena da Puigdemontek ezingo lukeela in absentia epaitua izan. Hala esan zuen, otsailean, Julian Sanchez Melgar Espainiako fiskal nagusia zenak. Eta Puigdemontek ez du Espainiara bueltatzeko asmorik, berehala atxilotuko bailukete.

Karguak eteteaz txosten bat eskatu die Mahaiak parlamentuko abokatuei

Frisiarren erru aurpegia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.