Nazioarteko harremanak. Merkataritza

Trumpek eragindako buruko mina arindu nahi du EBk Pekinen alboan

MME erreformatzea adostu dute Europak eta Txinak, neurri protekzionistei aurre egiteko
Donald Tusk, Li Keqiang eta Jean-Claude Juncker, atzo, Pekingo goi bileran.
Donald Tusk, Li Keqiang eta Jean-Claude Juncker, atzo, Pekingo goi bileran. HOW HWEE YOUNG / EFE

Xabier Martin -

2018ko uztailak 17
Etsaiaren etsaia laguna da. Adituak ez dira ados jartzen txinatarren filosofia ala arabiarrena ote den, baina nazioarteko politikaren habeetako bat dela ez du inork zalantzan jartzen. Europako Batasunak aliatuak nahi ditu Donald Trump basatuaren protekzionismoa geratzen saiatzeko, eta zer hobe haren biktimetako batekin elkartzea baino. Txinarekin batera MME Munduko Merkataritza Elkartea erreformatzeko helburua gauzatu nahi du Bruselak, merkataritzaren orain arteko arau jokoei eusteko. Aldeaniztasuna egonkortu eta protekzionismoa mugatu nahi dute Pekinek eta Bruselak, eta hala helarazi zuten atzoko goi bileran.

Iazko urte bukaeran eta aurtengo ilbeltzean bertan EBk Txinako altzairuari eta burdinari ezarritako muga zerga bereziek txantxak dirudite Etxe Zuriko maizterrak martxan jarritako gerra komertzialaren aldean, eta etsaiaren etsaia laguna da, gainera. Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea eta Donald Tusk Kontseiluko presidentea Li Keqiang Txinako lehen ministroarekin elkartu ziren, eta haren ahotik jakin zuten Pekinek «modu esanguratsuan» erraztuko dituela Europako inbertsioak eta esportazioak. Muga zergak ere gutxituko dituela esan zien Lik.

Aspirina bat Junckerrentzat

Trumpek Atlantikoan eta Pazifikoan zabaldutako fronte bietako arerioak elkarlanerako daudela erakutsi nahi dute Pekinek eta Bruselak, eta duela lau urte martxan zegoen inbertsioetarako itun aldebikoa indartuko dutela jakinarazi zuten. «Uste dugu Txinak gehiago zabal dezakeela bere merkatua», esan zuen Junckerrek. Txinako altzairuak —eta beste hainbat produktuk— Europan dituzten muga zergez ez zuten ezer esan. Baina ikusteko dago Pekinen elkarlan aspirina nahikoa izango ote den Trumpek Europari eragindako buruko mina arintzeko.

Bruselaren kezka ez baita nolanahikoa. Besteak beste, Alemania, Frantzia eta Italiaren hazkunde aurreikuspenak jaitsi ditu aurreko astean, munduko merkataritzaren denboralea gogor jotzen hasi delako ekonomien hazkundean. Donald Tuskek «kaosa» hartu zuen ahotan atzoko goi bilaran. Ez zuen esan kaosa dagoela, hura ez egoteko neurriak hartu behar direla baizik. «Gure begien aurrean munduaren egitura aldatzen ari da, eta gu guztien ardura da aldaketa hori onerako izatea». Gerra komertziala «gatazka bero» bihurtzeko bidean dagoela helarazi zuen, eta azaldu zuen MME erreformatu egin behar zela egoera horri aurre egiteko. «Oraindik garaiz gaude kaosa eta gatazka eragozteko neurriak hartzeko».

Klima aldaketa, energia garbia, munduko merkataritza, Ipar Korea... Agenda zabala izan zuten Europa eta Asiako bloke nagusietako buruzagiek, baina ekitaldia Trump-Putin goi bileraren itzalean egin zuten, Helsinkira begira. Ez alferrik Pekinek aurreko astean jaso zuen Etxe Zuriaren bigarren erasoa. Trumpek %10eko tarifak ezarriko dizkio Txinako beste produktu zerrenda luze bati, 170.480 milioi eurorenak. Eta Europako autoei %20ko muga zergak jartzeko mehatxuak ere hor jarraitzen du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna