Katalunia. Erreferenduma. Mireia Boya Busquet. CUPeko diputatua

«Ez dugu inoiz sinetsi kontsulta adostuko zenik frankismoaren oinordekoekin»

Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Mireia Boya Busquet (Sent-Gaudenç, Herrialde Katalanak, 1979) Ingurumen Zientzietako lizentziaduna da, eta Lurralde Kudeaketa eta Antolaketan doktorea. Aran ibarreko ANC Biltzar Nazional Katalanaren sortzailea da, eta, 2016tik, CUP Candidatura d'Unitat Popularreko diputatua Kataluniako Parlamentuan.

Badago erreferendumerako data eta galdera. Pozik?

Bazen garaia! Aspalditik aldarrikatzen genuen unea iritsi da azkenik, baina gobernuak nahi baino denbora gehiago behar izan du alde bakarreko erreferendumaren aldeko apustua egiteko. Hala ere, urratsarekin pozik gaude. Lanean has gaitezke, lau hilabete baino gutxiagoko epea baitugu, erreferenduma bermez antolatu eta independentzia irabazteko.

Junts Pel Sik Espainiako Gobernuarekin erreferenduma adosteko saiakerak amaitu nahi zituen iragarpena egiteko…

Guk ez dugu sekula sinetsi erreferendum bat adostu daitekeenik. Beste aldean, Espainiako Gobernua duzu, frankismoaren oinordekoa, eta hark beti eta azken ondorioetaraino defendatuko du Espainiako lurraldetasunaren batasuna. Francok hiltzen ari zenean esan zituen hitzak betetzea da haien lana. Begi bistakoa da urrats hau aspaldi eman zitekeela.

Zuen galdera proposamena hau zen: «Nahi duzu Katalunia errepublika independentea izatea?». Ados hautatukoarekin?

Bai, funtsean ez baitago desberdintasunik. Garrantzitsuena zenerrepublika eta independentea hitzak bateratzea. Galderak sentsibilitate guztien ikuspuntuak errespetatu ditu.

Zer diozu Carles Puigdemont presidentearen estrategiaz?

Gehiengoarentzat, ekitaldi sinbolikoak garrantzitsuak izaten dira, erabaki bat kolektibizatzeko balio dutelako. Hori bai, gu ekitaldi sinbolikoak baino ekitaldi juridikoak nahiago ditugu. Gobernuak hala egitea erabaki du, eta guk agian beste bide bat aukeratuko genuke. Baina, formula honek balio badu baiezko erantzunaren aldeko kanpaina egiteko, aurrera!

Zein dira erreferenduma bermez egiteko oinarrizko irizpideak?

Nazioarteko ereduetan oinarritzen gara, Veneziako Batzordean. Irizpideak lau dira; botoaren eskubidea bermatzea; zenbaketa gardena izatea; baiezkoaren eta ezezkoaren aldekoen kanpainen berdintasuna bermatzea; eta garrantzitsuena, partehartzea masiboa izatea.

Espainiako Gobernuak galdeketa arriskuan jarriko duela uste duzu?

Kataluniako gehiengoak aspaldi galdu zion beldurra Espainiako Gobernuaren erantzunari. Eta atzo egiaztatu zen: gobernuaren gehiengoa eskuindarra eta kontserbadorea izanik, desobedientziaren aldeko apustua egin zuen. Puigdemont baliogabetzen badute, beste presidente bat izendatuko dugu. Erreferenduma ez da politikariona. Gu herriaren eskaeraren alde lan egiteko gaude, eta ordezkatu gaitzakete. Puigdemunt baliogabetuta independentziaren indarra garaituko dutela uste badute, jai daukate!

Sarri zalantzan jarri duzue, hain zuzen, Junts pel Sik erreferenduma antolatuko zuenik. Iragarpenaren jokalekua aurreikusten zenuten?

Guk Kataluniako herriarengan konfiantza osoa geneukan. Bagenekien, azaroaren 9an edo irailaren 27an gertatu bezala, gobernua urrats garrantzitsu hau egitera bideratuko zuela. Hala ere, urriaren 1eko data finkatu izana garrantzitsua da, baina, garrantzitsuagoa izango da erreferenduma egitea. Azken finean, iragarpena erraza da. Ondoren, erreferendumera deitu beharko da, eta, azkenik, egin egingo da. Oraingoz, lehen pantaila pasatu dugu bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.