Koronabirus

COVID-19aren datu «fidagarri eta lokalizatuagoak» nahi ditu Ezenarrok

Salatu du Frantziako Estatuak ez diola eman epidemiari buruzko daturik. «Sekretuaren kultura» arriskutsua izan daitekeela esan du

Kotte Ezenarro, Hendaiako auzapeza, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
«Badakit zenbatek eman duten positibo egunero Irunen eta Hondarribian (Gipuzkoa), baina ideiarik ere ez dut zertan den epidemia Hendaian (Lapurdi), kudeatzen dudan herrian». Kezkaz mintzatu da Kotte Ezenarro Hendaiako auzapeza. Herenegun, gutun bat helarazi zien Jean Castex Frantziako lehen ministroari, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Eric Spitz prefetari, Olivier Veran Frantziako Osasun ministroari eta Eskualdeko Osasun Agentziako zuzendariei. Kutsatze datuei buruzko informazio «fidagarriagoa eta lokalizatuagoa» eskatu zien.

Epidemia hasi denetik, Eskualdeko Osasun Agentziak kudeatu ditu zenbakiak: kutsatu kopurua, PCR proben kopurua, agerraldien kokapena... Astero, Akitania Berriko datu orokorrak biltzen ditu agentziak. Kasu positiboen kopurua ere departamenduka ematen du: ez da, beraz, Ipar Euskal Herriko daturik ateratzen ahal.

Alta, Kotte Ezenarrok «beharrezkotzat» jo ditu zenbaki horiek, epidemiaren araberako neurriak hartu ahal izateko: «Lapurdiko kostaldeko zenbait herrik derrigorrezko egin dute maskara erabiltzea; beste batzuek hondartzak itxi dituzte. Egoera sanitarioa hobeto ezagutuko bagenu, neurri zorrotzagoak hartzen ahalko genituzke; edo alderantziz, arinagoak».

Datuen inguruko kezka

Herrika ez bada ere, Euskal Elkargoak instituzio gisa datu horiek jakiteko eskubidea duela aldarrikatu du. «Sekretuaren kultura kontraemankorra izan daiteke», salatu du Ezenarrok, Frantziako Estatuko zerbitzuei igorri dien gutunean. «Datuak ezagutuz gero, autoritateek hartzen dituzten erabakiek sinesgarritasun handiagoa izango lukete, eta herritarrek neurriak errazkiago errespetatuko lituzkete», auzapezaren arabera.

Azken asteetan, sare sozialetan asko zabaldu da datuak ezkutatzen diren ustea. «Nik ez dakit zenbakiak gordetzen dizkiguten. Baina errealitatea hau da: zenbakiak galdetu ditudan aldi oro, ez dizkidate eman. Nire kezka da jakitea zenbaki horiek badauzkaten ala ez», adierazi du Ezenarrok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.