Amaia Izko Aramendia. Altsasuko auziko defentsa abokatua

«Borroka egingo dugu, ez baitago terrorismoa egozteko elementurik»

Bihar hasiko den epaiketan Altsasuko gazteen defentsa egingo du Izkok. Auzitegi Nazionalaren argudioen aurrean, uste du «egiaren ordua» heldu dela. Prozeduran oztopoak izan dituzten arren, baliabide guztiak probatzeko prest dago abokatua.
IÑIGO URIZ / FOKU

Ane Eslava -

2018ko apirilak 15
Espainiako Auzitegi Nazionalean eskarmentua duen abokatua da Amaia Izko Aramendia (Iruñea, 1971). AEKn euskara ikasi ondoren, hainbat urtean euskara irakasle aritu zen, eta Zuzenbidea ikasi zuenetik euskal presoen eskubideak defenditzen dabil. Madrilen da orain, bihartik aurrera epaituko dituzten Altsasuko gazteak defendatuko ditu eta. Auzi hau «ikusia ez zuen zerbait» dela ziurtatu du; hala ere, datorrenari aurre egiteko prest dago: «Indar egoeran gaude».

Esan izan duzu Altsasuko auziak Auzitegi Nazionalean ikusia zeneukan guztia gainditu duela.

Bai, hasieratik esan genuen hori, gazteak atxilotu zituztenean eta Auzitegi Nazionalera eraman zituztenean ez baikenuen inondik inora pentsatzen posible zenik haiek espetxeratzea. Hori izan zen lehenbiziko sorpresa, eta gero etorri dira sorpresa gehiago, bat bestearen atzetik. Hasieran, esaten genuen inoiz ikusia ez genuen zerbait zela, eta, bukaeran, hori bider hamar izan da.

Nola egingo diozue aurre epaiketari? Froga gehienak atzera bota dizkizuete.

Auzitegi Nazionala bermerik eskaintzen ez duen epaitegi bat da, eta, kasu honetan, berme falta hori oso modu nabarmenean gauzatzen ari da. Gure froga guztiak alboratu egin dituzte, eta, aldiz, akusazioarenak, onartu. Planteatu dugu uste dugula magistratuburuak interesa duela auzian, eta baztertu egin dute, aztertu gabe. Hala eta guztiz ere, aurre egingo diogu epaiketari, uste baitugu daukagunarekin indar posizio batean gaudela.

Atzera bota dute Concepcion Espejel epailea auzi honetatik baztertzeko egin duzuen eskaera. Kezkagarria da?

Oso kezkagarria da, noski. Errealitate ezaguna da hura guardia zibil batekin ezkonduta dagoela, eta, gainera, Guardia Zibilak domina jarri diola. Orain, aztertu behar dute gertakari horiek gertatu ote diren Guardia Zibilarekiko eta haien familiarekiko umiliazio eta jazarpen estrategia bat martxan dagoelako. Hori bada aztertu behar den nukleo zentrala, oso arriskutsua da Guardia Zibilarekin halako lotura duen magistratu batek epaitzea.

Nafarroako Auzitegiak esan zuen ez dagoela terrorismo delitua egozteko elementurik. Hori onuragarria izan daiteke?

Positiboa da, berez, ikusten baita gure planteamendua ez dela defentsaren planteamendu hutsa, sostengua dugula. Baina, orain arte, Auzitegi Nazionalari berdin izan zaio zer esan duen Nafarroako Auzitegiak. Han nagusikeria puntu bat dago: estatuko gainontzeko tribunalak azpitik daude. Hortaz, zaila da Nafarroako ebazpen batek han eragina izatea.

Gorenak esan zuen ezin dela baztertu terrorismo delitua dagoela. Zer iruditzen zaizu?

Nik uste dut oso interpretazio hedatzailea egin zuela, eta, Zuzenbide Penalean, interpretazioek murriztaileak behar dute izan beti. Ez zuen hori oso irmo esan; baldintza batzuk jarri zituen. Baina, edonola ere, zalantzan baldin bazegoen, ezin zuen jo aukera kaltegarrienaren alde. Hori egin zuen.

Nafarroako Auzitegiaren esanetan, ez dira betetzen Zigor Kodearen 573. artikuluak zehazten dituen bi ezaugarriak.

Hori da. Artikuluak planteatzen duena da delitu larri bat egiten denean ondasun juridiko batzuen kontra —bizitza, ondareak, interes orokorrak...— terrorismo delitua izan daitekeela, baldin eta helburuak badira estatua bortxatzea, bake soziala apurtzea, gizartearen zati batzuei jazartzea... Eta ezaugarri horiek, bai objektiboak, bai subjektiboak, ez dira betetzen prozesu honetan, inondik inora. Hori esan izan dugu hasieratik, eta Nafarroako Auzitegiak ere hori adierazi zuen.

Nola esan dezake Auzitegi Nazionalak terrorismo delitua dagoela baldintza horiek gabe?

Orain arte ezerezaren gainean mantendu dute, baina instrukzio fasean eta epaiketa baino lehenagokoan gauzak mantendu daitezke nahiz eta frogatuta ez egon; zantzuak baino ez badaude. Baina, orain, egiaren ordua da. Orain, frogatu behar da 573. artikuluak ezartzen dituen baldintzak betetzen direla, eta zailtasun ikaragarriak izango dituzte, ez baitago horren frogarik.

Espainiako Estatuan 2015ean egin zen Zigor Kodearen aldaketa dago guztiaren oinarrian?

Bai. Prozedura bat gertatu da, non terrorismoa galduz joan den elementu estrukturala: lehen, terroristatzat har zitekeen erakunde terrorista bateko kidea zena bakarrik. Madrilen lehen irekiera izan zen terrorista izango zela erakunde terroristari laguntzen ziona ere. 1995ean, banakako terrorismoa agertu zen lehen aldiz, ustez kale borrokako fenomenoari erantzuten ziona. Hala ere, oraindik bazuen lotura bat erakunde horrekin. 2015ean gertatu zena da lotura hori ere desagertu dela: edonor izan daiteke terrorista, baldintza subjektibo batzuetan. Epaile baten interpretazioaren arabera, izan zaitezke terrorista, edo ez.

Horren aurka, juridikoki, nondik joko duzue?

Horretan ez daukagu asko esateko, artikuluak hori esaten baitu. Hori politikoki konpondu behar da, ez judizialki. Halako artikulu bat ezin da zigor kode batean egon, oso tresna arriskutsua baita. Baina horrek ez du esan nahi horren inguruan inongo borrokarik egingo ez dugunik. Kasu honetan, borroka egingo dugu, ez direlako betetzen terrorismoa egozteko elementu objektibo eta subjektiboak, ezin delako esan Koxka tabernako goizeko bostetako egitate horiek helburua zeukatenik bake soziala apurtzeko edo estatua bortxatzeko. 2015eko lege aldaketarekin ere, ez dira betetzen bete beharreko ezaugarriak. Hortik joko dugu.

2015az geroztik, auzi honen antzekorik egon da?

Guk ez dugu ezagutzen antzeko aurrekaririk. Behintzat, giza mugimenduen edota herritarren kontra erabiltzen den lehenengo aldia da, eta epaiketarik ez da izan.

Epaiketa hau mugarri izan daiteke lege horren interpretazioan?

Bai, izan daiteke; onerako zein txarrerako.

Ospa mugimenduaren kriminalizazioa egon dela uste duzu?

Bai. Ospa izan da kasu honetan, Altsasuko bertako mugimendu bat delako. Baina nik uste dut Alde hemendik aldarrikapena edo eztabaida baldintzatu eta kriminalizatu nahi dela hemen. Badira sektore batzuk ez dutenak onartzen aldarrikapen hori; ez dute nahi gizartean eztabaida bat irekitzea: zer, zertarako eta zein Polizia eredu nahi dugun. Historikoki, kriminalizatzea izan da hori gelditzeko modu bat.

Hori erabiltzen dute esateko erasoa antolatua izan zela, terrorismotzat hartu ahal izateko?

Noski. Gertakariak terrorismotzat hartu ahal izateko esaten dute egitateak ez zirela bat-batean gertatu, aldez aurretik planifikatutako gauza bat izan zela. Ospa mugimenduaren jardueraren barruan kokatzen dute hori, eta, Ospak aurrera eramaten duenez Alde hemendik aldarrikapena, esaten dute hori, berez, ETAren estrategiaren barruan dagoen aldarrikapen bat dela: bere estrategia, berak sortutakoa, garatutakoa eta sustatutakoa. Beraz, Ospa mugimenduak parte hartzen du estrategia terrorista horretan, eta Koxkako gertakariak Ospak egin ditu. Salto hirukoitz horretan bihurtzen da tabernan gertatutakoa terrorismo delitu. Eta hori justifikatzeko froga bakarra Guardia Zibilaren txosten bat da.

Errenteriako gazteen kasua ere gertatu zen; haiei ere terrorismoa egotzi zieten. Alderatu daitezke bi kasuak?

Oso kasu ezberdinak izanda, lotu daitezke. Bietan erabili dute bide bera: Euskal Herrian gertatzen diren egitate batzuk terrorismoarekin lotu, horiek puzteko eta oso zigor handiak bilatzeko. Eta bietan aplikatu da 573. artikulu hori.

ETAk jarduera armatua utzi zuenetik Espainiako Estatuak izan duen jokabidearen erakusle izan daitezke bi kasuak?

Bai. Irudikatu nahi dute hemen gauzak ez direla aldatu eta, beraz, betiko erabakiak har daitezkeela. Eztabaida edo erabaki politikoak saihestu nahi dituzte. Hemen, hori horrela den bitartean, ezingo da hurrengo orrira inoiz pasatu. Batzuk erosoago zeuden iraganean, eta iraganeko pantailak erreproduzitu nahi dituzte, inoiz aurrera ez egiteko.

Epaia kaltegarria bada, zein bide hartuko duzue?

Zigortzen badituzte, apelaziora joko dugu, Auzitegi Nazionaleko Apelazio aretoan. Baina areto horrek, Auzitegi Nazionalak bezala, berme falta du. Ondoren, Auzitegi Gorenera jo dezakegu; eta hor ere ez badute aurrera ateratzen gure planteamendua, Konstituzionalera joko dugu. Eta, ondoren —kasu honetan, ia zalantzarik ez dugu—, Estrasburgoko Auzitegira, baina hori oso motela da.

Esaten duzue auzian benetako babes judizialerako eskubidea urratu dela. Epaiari helegitea jarriz gero, arrazoi hori nahikoa litzateke epaia deuseztatzeko?

Izan daiteke arrazoi bat. Sententzia kolokan jarriko luketen bi gauza daude: bat frogena da, eta bestea, epailearen errefusatzearen arrazoiak eta horiek aztertu ez izana. Nire ustez, gabezia horiek higatuko lukete sententzia, eta oso argudio indartsuak izan daitezke beste jurisdikzio batzuetan; zehazki, Estrasburgoko Auzitegian.

Aukera hori egoteak eragina izan dezake epaiketan?

Ez dut uste. Auzitegi Nazionalean momentuak eskatzen diena egiten dute, eta gero gerokoak; askotan ikusi dugu. Ikusi dugu Auzitegi Nazionaleko zenbat ebazpen bota diren atzera, eta berdin jarraitzen dute, berdin baitzaie.

Gizartearen elkartasunak eraginik izan dezake?

Alde juridikoa zalantzan jarri da, eta hori epaileek badakite. Beraz, espero dezagun horrek zuhurtziarako joera bat piztea haiengan. Edonola ere, oso garrantzitsua izan da sortu den elkartasuna, eta auzia zalantzan jartzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna