Euskaldunak eta euskal kultura. Administrazioen lana

Aurrera begirako erronkak agerian

Euskara eta euskal kultura sustatzeko eskumena duten erakundeek irakurketa ohiturak areagotu eta eskaintza zabaldu beharra ikusi dute Siadecoren inkestaren ispiluan.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2018ko apirilak 1

Letrek ere badituzte beren zenbakiak. Ez nolanahikoak, gainera. Zenbakiotan oinarritu ohi dira egoeraren azterketak; egoeraren azterketetan etorkizuneko ildoak. Elkar fundazioaren eskariz Siadecok egin duen ikerketak datu gehiago eskaini ditu azterketarako. Eta aintzat hartzekoak dira, EAEko Kultura sailburu Bingen Zupiriaren eta Nafarroako Gobernuaren Euskarabideko zuzendari Mikel Arregiren ustez. «Gizartearen argazki egoki bat» ematen duelako, Zupiriaren esanetan; «indarrak non jarri erabakitzeko pistak» ematen dizkielako administrazioko arduradunei ere, Arregiren arabera.

Datuek bere horretan esaten dutena baino harantzago, ikerketa «erreferentzia» izan daitekeela pentsatzen du Zupiriak, ikerketari jarraipena eman eta alderaketarako datuak ematen baditu. Inkestatuen benetako kontsumo ohiturak baino gehiago, «jarrerak» neurtzen dituela pentsatzen duen arren. «Oso ausarta ere iruditzen zait ikerketa hau. Jende askok zekiena —edo sumatzen zuena— baina inoiz argitaratu gabea zegoena zuri-beltz ikusi dugu paper batean. Neurri bat jarri dio zenbait kultura kontsumori. Zenbaiti gordina irudituko zaio, beharbada, baina ausardia dauka».

Jaurlaritzak berak kultur sistemaren inguruko ikerketa integralei ekiteko asmorik ba ote duen galdetuta, Euskal Kulturaren Behatokiak aldiro egiten dituen lanak aipatu ditu Kultur sailburuak. «Lehendakaritzarekin batera, orain, kultura kontsumoari buruzko beste ikerketa bat egiten ari gara».

Euskal Kulturaren Behatokia aipatu du Mikel Arregik ere: «Adierazle batzuk badira hor, eta Nafarroan orain hasi gara gure diagnosirako oinarriak finkatzen. Hau bezalako ikerketak egin ordez, seguruenik, egiten diren bestelako neurketetan kulturari buruzko kontsumoaren datua inplementatzen saiatuko gara». Egungo egoeraren diagnosia ahalik eta gehien fintzeko helburuarekin. «Ez diogu garrantzia kendu behar inkestak erakusten dituen datuen eskasari. Zergatik gertatzen den eta buelta emateko zer egin behar litzatekeen, hori ere gure ardura da. Ez da dena utzi behar kontsumitzaile kulturaren eskuetan».

Denboraz

Nafarroan urte luzez euskararekiko eta euskal kulturarekiko politika murriztaileak egin direla gogoratu du Euskarabideko zuzendariak, eta politika horiei buelta emateko lanean ari direla azken legealdian. Horren emaitzak ikusteko denbora behar dela dio. Eta denbora ekarri du gogora Zupiriak ere, inkestatik, «batez ere», agerian uzten duen irakurketa arloaren egoerari erreparatu diola argituta: «Orain dela 40 urte ez zen zer irakurri ere. Irakurgai interesgarriak ugaltzeko, eta zabaltzeko denbora behar da. Batzuek azkarrago nahi lukete, beste batzuek askoz mantsoago, baina ongi dago jakitea non gauden, eta hor eragingo duten politikak planteatzea. Hori da gure eginkizuna».

Bai Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik, bai Kultura Saileko Hizkuntza Politika Sailburuordetzatik, abian dira inkestan oso ahul ageri den irakurzaletasuna sustatzeko ahaleginak, Zupiriak azpimarratu duenez. «Irakurzaletasunaren arazoa detektatuta dago, eta, beharbada, denok pixka bat deskuidatu dugun kontu bat da». Eta irakurtzeko ohitura gehien daukatenen artean euskaraz alfabetatutakoak gutxien izateak ere, «kudeatzeko konplikatua den egoera baten aurrean» jartzen du administrazioa. «Hizkuntzaren aldetik, muga handia daukagu. Eta ulermenaren ahultze bat. Segur aski, eginkizun batzuk deskuidatu ditugulako. Eta irakurketak badu zentzu ludiko bat, baina baita kontzeptuak ulertzeko bide izatekoa ere». Zentzu bietan indartu ahal izateko, «arlo guztietan» euskarazko edukiak behar direla erantsi du Zupiriak. «Edukiok sortzen lagundu egin beharko ditugu edo erdaretatik itzuli egin beharko ditugu. Dena behar dugu. Garen txikiak izanda, are gehiago».

Txikitasunaren faktorea ez du ahazteko Arregik ere. Kulturaren egoera eskasa askoz hiztun gehiago dituzten kulturetan ere gertatzen bada ere, normalizazio prozesuan dagoen hizkuntza batean eragin askoz handiagoa daukatelako makalaldiek. Eta txikiari laguntzea ez dago ondo ikusia: «Gero eta gehiago kritikatzen da ahalegin bereziak egitea normalizazioaren izenean».

Euskarari eta euskal kulturari berariazko laguntzak emateko politiken aurkako kritikak gero eta ozenago entzuten dira bateko zein besteko eragile politikoen ahotik. Nafarroan bakarrik ez. Eragiten segitu behar, baina. Euskara jendearen eskura jartzen, hartzaileen interesa kontuan hartzen. Euskarazko hedabideetan eta irakurzaletasuna lantzeko arloetan ikusten du lanerako ildo garbia Euskarabidekoak: «Liburuen ekoizpenean eragitea zaila zaigu oraindik, sortzaile on askoak izan baditugun arren, baina irakurzaletasuna sustatzeko programak garatzen ari da gobernua hezkuntza sisteman».

Bai Zupiria, bai Arregi, dagoeneko eratuta dauden erakundeen politikez ari dira. EKE Euskal Kultur Erakundeko lehendakari Mikel Erramuzpe, berriz, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan kultura sustatzeko politika bat definitzeko garaiaz mintzo da. Euskal Elkargoak, izan ere, eskumena izango du kultur arlo zenbaitetan ere. Hala, partaidetza kulturalak, irakaskuntza artistikoa eta kultur ondarea izanen ditu sail nagusiak.

«Abiatze fasean gara», esan zion duela bi hilabete egunkari honi Bruno Karrerek, Elkargoaren kulturarako kontseilari delegatuak. Aurrekontua eta ezarri nahi duten politika irailerako finkatzea du asmoa erakunde berriak. Finkatze lan horretan, Garapen Kontseilua zein EKE ditu laguntzaile. «EKEn 150 elkarte gara. Guk gure konpetentziak emango ditugu osoki-osoki Elkargoaren zerbitzuko. Baina egituratik kanpoan gara», adierazi du Errazmuzpek. Lanean noiz hasiko zain daudela ere bai: «Haiek behar dute erran noiz hasi lanean». Eta lanerako daude. Orain artean metatutako esperientzia eta jakituria baliatzeko. «Urtez urte ikasi dugu antolatzen, politikoekin lan egiten». Batzuetan, errazago izan omen da besteetan baino. «Baina, gisa guziz, alimaleko kapitala badugu bildua. Ikasi dugun guztia altxor zoragarria da. Horrekin aitzina joaten ahal garela uste dut». Gaur eguneraino noren bitartez eta zein modu jarraituz heldu diren ahaztu gabe betiere. «Erakunde propiorik ez dugunean izan, herriak eutsi dio, eta ez dugu utzi behar kultura herritarren eskuetatik kentzen».

Neurriko eredua

Kultur ereduaren garrantzia nabarmendu du EKEko lehendakariak. «Gure ezaugarrien, gure beharren araberako politika behar dugu. Gu ez gara Paris. Gure hizkuntzak ez du frantsesaren pisua». Ez omen da harritu Siadecoren inkestaren emaitzekin. Erramuzpe erabat jabetuta dago euskal kulturaren egoeraz. Eta ba omen dago egoera horretara moldatzen den eredu bat: Kultur Eskubideen Friburgoko Adierazpena: «Ideia da herriak duela sortu behar bere kultur politika. Elkargoari erraten diogu hori elkarrekin landu behar dugula. Azken batean, zer nolako gizartea eraikitzeko baliatu behar dugu kultura? Alde batetik kontsumitzaileak eta besteak ekoizleak jartzeko?». EKEkoa sinetsita dago kulturarekin harreman «parte hartzailea, aktiboa» eraiki behar dela, parte hartzaile izateak hartzaile bihurtzen duelako bat. «Horrek ez du erran nahi profesionalik ez dugunik behar. Eta gure ahulezia gure indarra ere bada. Badakigu zeinen garrantzitsua den kultura, kultura denak, ez gurea bakarrik».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Lehen Hezkuntzako bi ikasle, etxean konfinatuta. ©KAI FOSTERLING / EFE

«Badaezpada, denak etxera»

Ion Orzaiz

Ikasturtea hasi zenetik, ehunka ikasgela itxi dituzte Euskal Herrian. Kontziliaziorako zailtasunak eta informaziorik eza salatu dituzte konfinatutako ikasleen gurasoek.

Ikastolen jaiak omendu dituzte gaur Agurainen. ©Ikastolen Elkartea

Ikastolek baliabideak eskatu dituzte pandemiaren ikasturteari heldu ahal izateko

Edurne Begiristain

Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldia egin dute Agurainen (Araba). Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eskua luzatu die akordioak lortzeko.

PCR probak egiten Donostiako ospitalean ©Idoia Zabaleta/ Foku

Positiboen kopuruak gora egin du Hegoaldean: 750 kasu

Edurne Begiristain

Bezperako datuekin alderatuta, 53 kasu gehiago atzeman dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna