begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Engainuak eragiten du adorazioa

2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Jacobo Martinezen13 exorcismos-ek ez du piper handirik balio. Nahiz eta Ilunpeko Jauna agertzen den pelikula guztiek gutako askorentzat balio erantsi arras agurgarria izan, axola gutxi zeluloidearen kalitatea eta maila.

13 exorcismos-ek ez du balio gehiegirik, ez baitaki noren, zeren, zeinen alde, eta zeinen, zeren eta noren kontra dagoen. Deabrua existitzen dela sinestun (jakitun) al da? Deabrutze guztiak psikologiak edo psikiatriak artatu ahal dituzten gure burmuinaren akatsak, hutsak, failak, pitzadurak direla zinez uste al dute zuzendariak eta lau gidoigileek? Eliza katolikoak (zaharkituenak) onartzen duen Jainkoarenganako fede sutsu eta gaiztotuak eragiten al du Deabruarekiko mendetasuna?

13 exorcismos burutu dutenak ez dira oso balentak izan, eta ur azalean geratu dira. Aurrera egin ezinik. Nahiko lukete (nork ez?) The Exorcist bezalako mirari iluna gauzatu. Edo parekoa den Carrie-ren bertsio Galiziakoa berpiztu. Baina ez dute adina adorerik, eta hor dabiltza, benetako gertakizunetan (omen, bide, ei) inspirazio eta oinarri duen pelikularen noranzkoa zein den erabaki ezinean. Nahiz eta Euskal Herriak daukana bezain mitologia indartsua duen Galiziakoa izan zuzendaria.

Baina orain arte idatzitako horrek guztiak axola gutxi du izkribu honetan eta honetarako. Askoz gehiago kezkatzen eta asaldatzen naute Deabruak edo Jainkoak edo Elizak edo gurasoek (bekatuz, beldurrez, mamuz gainezka diren aitak eta amak) preso hartu duten neskarena egiten duen Maria Romanillos aktore gaztearen hitzek.

Ez da hasiberria artista madrildarra zinema eta telebista kontu eta afanetan. Izan ere, egun pantaila handian dugu Patria telebistaratu zuen Felix Viscarret Iruñekoaren No mires a los ojos horretan ere azaltzen da. Egiari (edo gezurrari) zor, 13 exorcismos-en bera da zein pelikulatan dagoen dakien bakarra. Beste guztiek—bai beste antzezleek, bai lantaldeak, bai ekoizleek—, oraindik ez dute erabaki zein motatako zineman sartu ziren/diren. Deabruak ederki asko nahasten baititu bazterrak...

Baina Mariaren hitzak genituen izkribu honen ardatz, eta ez besteen buru-kamera-gidoi nahasmendua.

Gau Beltz batean, sartu behar ez zuen etxe abandonatuan sartu, hartu behar ez zituen edabeak hartu, eta deitu behar ez zituen espirituei dei egin zien neskarena egiten duen Mariak hainbat eta hainbat elkarrizketatan aitortu du beldurrezko istorio batean parte hartzeak seko izutzen zuela. Berak esanda, beldurrezko pelikulek beldurra eragiten diote (horretarako daude eginak, onak direnak bederen, hain zuzen ere...)

Horraino, oso azalpen arruntak. Ohikoak. Usadiozkoak. Mami eta zentzu gutxikoak. Komediek barrea eragin behar dute. Dramek, malkoak. Eta abenturazkoek esploratzaile edo pirata izateko grina sortu beharko lukete...

Alta, okerragoak iruditzen zaizkit 13 exorcismos filmatu ondoren Mariak barneratutako sentsazioak. Lau haizeetara azaldu du lasaitasun osoa hartu zuela filmaketan, dena gezurra eta engainua zela ohartu zenean. Lebitazioak, 360 graduko bira egiten duen burua, odol jario geraezina, itoaldiak, beso-azalean labana ikusezinak grabaturiko hitz zikinak... zinemak berezko dituen tramankuluek, efektuek, kamera jokoek sortuak ziren. Eta ez indar ezkutukoek...

Mariak 13 exorcismos arte ez omen zekien zinema engainua zenik. Gaixoa. Gizajoa. Pobrinha. Koitadua. Ez bide daki engainu horretan datzala miresmena. Ez omen daki gutako askori gezurretan barna ibiltzea izugarri gustatzen zaigula. Ez ei daki zinemakbegien eta burmuinaren arteko kanalean gizakiok dugun akats bat erabiltzen duela gu sorgintzeko arma eta tresna gisa.

Ez daki aktore gazteak pantailan boteprontoan mugitzen hasten den irudi horrek mugimendurik ez duela proiektagailuan. Ez daki gezurrak adorazioa eragin duela. Ez daki hori guztia Deabruak badakiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.