Aitziber Temprano Ruiz. Itxarkundia Dantza Taldea

«Jaietan gozatzea hertsiki lotuta dago dantza egitearekin»

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Itxarkundia Dantza Taldeak egingo du Laudioko jaietarako deia, gaur arratsaldean. Itxarkundiako kideak 40. urteurrena ari dira ospatzen aurten. Aitziber Temprano Ruiz (Bilbo, 1971) izango da pregoia irakurtzeko arduraduna. Dantza taldea sortu eta hurrengo urtean sartu zen, eta koordinatzailea da 1991tik. «Itxarkundia dantza taldea pregoilari izatea ohorea da guretzat», nabarmendu du.

Dantzan hasi zinenetik asko aldatu al dira dantzen mundua eta Itxarkundia taldea bera?

Euskal dantza tradizionalei dagokienez, aldaketa gutxi dago. Bere horretan irakasten ditugu, ondare hori gal ez dadin. Ordea, gure burua gaurkotu behar dugu. Hori dela-eta, dantza tradizionalak garaikideekin uztartzen ditugu gero eta gehiago. Ikusleek eskertzen dute gauza berriak ikustea, eta uztartzeak zerbait berria eskaintzeko aukera ematen du.

Itxarkundiak irakurriko du pregoia, eta Aziak dantza taldeak botako du suziria. Zer garrantzi dute dantzek jaietan?

Jaiez gozatzea hertsiki lotuta dago dantza egitearekin. Mugimenduarekin. Euskal dantza tradizionalak bere pausuak ditu, bere mugimenduak, baina mugimendua da, eta hori eskatzen dute jaiek.

Laudion ba al dago une berezirik herritarrak euskal dantzen inguruan biltzeko?

Dantza taldeok ekintzak antolatzen ditugu, eta guk hartzen dugu parte. Ez dago mundu osoari irekita. Egia da jendeak gustuko duela dantza egitea; hilabete bakoitzeko bigarren ostiralean, Dantza Plaza egiten hasi ginen, eta gero eta arrakasta handiagoa du. Martxoan hasi ginen, baina abuztuan ez dugu egin, oporrak direla eta. Jaietan sartzea? Ez dugu pausoa eman, baina zeinek daki. Agian datorren urtean proposa dezakegu. Gasteizen, adibidez, larrain dantzak jendetza erakartzen du. Laudion dantzariak badaude. Ezin dira zenbatu Laudioko dantza taldeetatik pasa diren pertsonak.

Aipatu izan duzu saiatzen zaretela ondarea mantentzen. Arriskua al dago euskal dantza tradizionalak desagertzeko?

Arriskua egon, badago. Belaunaldien arteko lekukoa behar da. Txikitan hasi nintzen ni, eta bertan jarraitzen dut, bizi dudalako. Atzetik ez duzunean ikusten inor lekukoa hartuko dizuna... Urteak geratzen zaizkit, baina, inoiz uzten badut, eta inork ez badu hartzen koordinatzaile lana, zer gertatuko da? Gaur egun, 150 pertsona inguru gara dantza taldean.

Eskaria, ordea, badago.

Eskaria badago, bai. Gero eta gehiago. Batez ere nesken artean. Gurean, kide kopurua mantentzen da, urtez urte. Umeei dagokienez, batzuk berriak dira, beste batzuek utzi egiten dute... Baina nabaritzen da eskaria gora doala pertsona helduen artean.

Zergatik?

Batzuek ez zuten aukera izan euskal dantzak ikasteko gazteagoak zirenean. Beste batzuek, ordea, seme-alabak nagusi direla baliatzen dute gurera etortzeko. Azken urteetan gero eta gehiago dira horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.