Gatazka politikoak eta presoak. Espetxeetara martxak

Milaka kilometro elkartasun

4.000 lagunek parte hartu dute 40 kartzeletara egindako martxetan.

Guardia Zibilak kontrol ugari ezarri ditu bidean.

Presoak etxeratzea «premiazkotzat» jo dute antolatzaileek
1
1 J. DANAE / ARGAZKI PRESS

Edurne Begiristain -

2016ko otsailak 21
Ez distantziak, ez Guardia Zibilaren kontrolek, ez dute eragotzi euskal presoekiko elkartasun mezuak presondegien atarietara iristea. Euskal presoak dauden Espainiako, Portugalgo espetxe guztietara heldu ziren atzo babes eta maitasun keinuak, baita Euskal Herrikoetara eta Bretainiako Rennes kartzelara ere —han dago Lorentxa Gimon, larriki gaixorik dagoen presoa—. Ezker abertzalea egiten ari den Abian prozesuaren baitan egin zituzten protestak, Euskal Herria abian, presoak etxera lelopean. 4.000 lagun inguruk parte hartu zuten 40 espetxeetaraino antolatutako martxetan. Inoiz hainbeste espetxetara aldi berean egin den protesta jendetsuena izan zen.

Espetxeetara joanda, presoen sakabanaketa politika amaitzeko «asmo sendoa» adierazi, gaixo diren presoak berehala etxera ditzatela eskatu eta «salbuespenezko» legeak eta euskal presoen aurka erabiltzen diren zigor molde guztiak indargabetzeko exijitu zuen ezker abertzaleak. Martxa guztien amaieran irakurri zen testuan, ezker abertzaleak «premiazkotzat» jo zuen sakabanaketa amaitzea, preso, senide eta lagunen eskubide urraketa larria dela argudiatuta. «Sakabanaketa eskubideen aurkako gerra makina bat da, biolentzia helburu politikoekin erabiltzen jarraitzen duena eta eskubide asko urratzen dituena, besteak beste, presoen eskubide politikoak».

Ezker abertzalearen ustez, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren ekarpena ezinbestekoa da gatazkaren zikloari amaiera eman eta haren ondorioei irtenbide «justu eta demokratikoa» emateko. Hala, EPPKrekin bat egin eta preso guztien etxeratzearen aldeko «engaiamendu irmoa» agertzearekin batera, gatazka politikoaren muina konpontzeko konpromisoa ere bere egin nahi izan zuen ezker abertzaleak protestekin.

Trabak eta aldarrikapena

Egun bakar batean 40 espetxetara elkartasun mezuak irits zitezen, ongi antolatu ziren martxetan parte hartu zuten euskal herritarrak. Guztira, 74 autobus irten ziren Euskal Herriko hainbat eskualdetatik. Autobus gehienak atzo bertan abiatu ziren, baina urrutien dauden espetxeetara joandakoek bezperan hasi behar izan zuten bidaia.

Bidea ez zen samurra izan askorentzat, Guardia Zibilak traba ugari jarri baitzituen, errepideetan kontrolak ezarrita. Bidaiatzen ari ziren euskal herritar askok eman zuten kontrolen eta bestelako eragozpenen berri sare sozialen bidez: besteak beste, Burgos, Leon eta Segoviako espetxeetara zihoazen autobusak geldiarazi zituen Guardia Zibilak, espetxeen aurrean argazkiak ateratzen ari ziren hainbat lagun ere identifikatu zituen Poliziak, Jaenera iritsitako martxan keinu faxistekin agurtu zituzten guardia zibilek, Alcala-Mecon bildutako lagunen inguruan hesia egin zuten Espainiako poliziek, eta Ertzaintzak Zaballako espetxean bildutakoak identifikatu zituen.

Oztopoak oztopo, elkartasun mezuak iritsi egin ziren kartzelen atarietara. Murruen bestaldetik iritsi egin zitzaizkien euskal presoei Euskal Herriko hamaika txokotatik joandakoen elkartasun mezuak. Kanpoan bildutako lagunen oihuak, irrintziak, kantak eta musika doinuak entzun zituzten, eta ikurrinak, presoen banderolak eta pankartak ere ikusteko aukera izan zuten barroteen bestaldetik. Espetxe barrutik oihuekin eta ukabila estututa erantzun zieten preso askok kanpoko protestei.

Izan ere, aldarrikapen eta jai giroan egon ziren 40 presondegi inguruetara bildutako euskal herritarrak: joaldunak eraman zituzten Monterrosora, danbor eta kupelak Navalcarnerora, txalaparta Darocara, zirrindolak jaurti zituzten Murtzian, Hator, hator abestia kantatu zuten protesta ugaritan eta Abian prozesuko txostenaren ale ugari eraman zituzten Almeriako presoentzat.

Kanpoan ez ezik, murruen bestaldean ere izan ziren mobilizazioak, EPPK-k ere protestak egin zituelako espetxeetan. Hilaren 15ean hasi zituzten kolektiboa osatzen duten presoek, eta atzo arte iraun zuten. Baraualdiarekin eman zioten amaiera asteari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna