Garikoitz Goikoetxea.
Indarkeria matxista. ANALISIA

Zigorgabekeria

2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Berealdiko sumindura sortu zuen Nafarroako Auzitegiak joan den apiril amaieran, Iruñeko talde bortxaketari buruz kaleratutako sententziarekin: frogatutzat jo zuen erasoa, erasotzaileen nagusikeria, emakumearen aterabiderik eza, baina frogatutako eraso hura ez zuen eraso gisa zigortu. «Abusu» mailara beheratu zuen, eta, ondorioz, zigorrak ere nabarmen txikiagoak ezarri. Ezkaratze hartan, bost gizonek emakume bat azpiratu zuten hartan, ez baitzen indarkeriarik izan, epaimahaiaren ustez.

Ez du sumin txikiagoa eragin orain kaleratutako autoak: abusuengatik jarritako zigorra oraingoz ez dute bete beharko bost erasotzaileek, harik eta epaia irmoa izan arte. Bederatzi urteko kartzela zigorra ezarria diete, eta ia bi beteak dituzte, giltzapean baitaude sexu erasoa salatu zutenetik, 2016ko sanferminetatik. Epaimahaiak bazuen aukera behin-behineko kartzelaldi hori luzatzeko, baina ez du onartu.

Korapilo juridikoan jarraituko du kasuak datozen hilabeteetan: Nafarroako Auzitegi Nagusiaren esku geratuko da orain, eta udazkenera arteko epea izango du erabakia hartzeko. Alde batera edo bestera joan, uste izatekoa da Madrilera igaroko dela auzia.

Arlo juridikotik aparte, ordea, kaleari eman zaion mezua da larritzekoa, kasu honetatik haragoko ondorioak dauzkana. Mezua, batetik, isiltasuna hautsi duen emakumeari —eta ondorioz hautsi duten eta hautsi nahi duten guztiei—: erasoa momentuan bertan salatu, mediku azterketak egin, instrukzio osoan eutsi eta epaiketan lekukotasun gordina eman zuen emakumeari. Justizia sistemak eskatzen dion heroi bide osoa egin du. Frogatutzat jo dute eraso egin ziotela, bost gizonek azpian hartu zutela, bortxatu eta grabatu egin zutela, telefonoa lapurtu ziotela. Ez hori bakarrik: hilabeteotan jazarpena jasan behar izan du emakumeak, jazarpen isila eta agerikoa —detektibe bat jarraika ibiltzerainokoa, hedabide batzuetan bere datu pertsonalak ematerainokoa, erasoaren argazkiak sare sozialetan ikusterainokoa—. Eta hara erantzuna. Zergatik, eta indarkeria fisikorik ez omen zelako egon: alegia, emakumeak ez zielako bost gizon helduri bakarrik aurre egin. Ez zuelako bere bizia jokatu.

Mezua, gizarteari emandako mezua da bestea: mobilizazio gaitasun handia erakutsi du mugimendu feministak, kaleak hartu ditu, eta hau da erantzuna, sanferminetarako justu bi aste falta direnean. Sanferminak ikur izan dira azken urteetan, emakumeen aurkako erasoak salatzeko ikur, erantzun eredugarrien ikur. Nafarroako Auzitegiaren erabakiekin, ordea, zigorgabekeriaren ikur ere badira. Eraso matxisten ikur. Erantzun feministaren ikur. Kontraeraso patriarkalaren ikur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.