Haurren kontrako sexu abusuak. Zaintza eta detekzioa

«Gau batean, lotan nengoela, ohean sartu zitzaidan»

Argi. 13 urte zituela, aitarekin bakarrik etxean, abusuak egiten hasi zitzaion hura. Handik urte batzuetara, koinatu batek eraso egin zion. 58 urte ditu orain; dozenaka urte behar izan ditu erasoen mina baretzeko.
BERRIA

Arantxa Iraola -

2019ko otsailak 24
Bizi behar duenarentzat benetako larrimina da. Hain gaizki sentitzen zara: hain zikin. Inguratuta eta harrapatuta dagoen animalia baten moduan zaude. Oso gogorra da erasoa egiten dizuten pertsonekin egunero bizi beharra: egunero». Begietara begira ari da Argi —ez du benetako izena—. Euskal Herriko beste familia askoren gisako batean hazi zen. Caceresen (Espainia) jaio zen, 1960an. 3 urte zituela, gurasoek, etorkin, Gipuzkoarako bidea hartu zuten; herrialdeko udalerri handienetako batean bizi da ordutik. «Nire aita, kanpora begira, gizon aparta zen; esaterako, ez zuen inoiz lanean kale egin». Zuzena zela esango zuten gehienek. Jatorra, beste askok: «Gizon alaia zen, txantxa zalea, gitarra ere jotzen zuen; etxetik kanpo, zoragarria zen». Kanpolarrosa. «Etxean, edan egiten zuen, eta agresiboa ere bazen; ni gutxitan jo ninduen, akaso nire izaera isilagoa zelako, ez niolako aurre egiten... Ama eta anai-arrebak, bai». Argik 13 urte zituela, amak istripu oso larri bat izan zuen; erietxean hilabete asko egin behar izan zituen, eta zaintzaile lanetan hasi behar izan zuen berak, ahizpa nagusiagoarekin batera. Egun batetik bestera haurtzaroa utzi eta helduen ardurak hartzen hasi behar izan zuela sentitzen du orain usu aro hura oroitzean. Etxean aitarekin bakarrik egotea ere maizago egokitu zitzaien. Orduan, abusuak hasi ziren. «Gau batean, lotan nengoela, ohean sartu zitzaidan...». Lehenbiziko erasoa izan zen: ez bakarra. «Inoiz ez zen ni bortxatzera iritsi». Sarketadun harremanik izatera ez zuela behartu esan nahi du. «Ukitu egiten ninduen».

Oinazez oroitzen du aldi hura. «Ez nuen lorik egiten; etxean nengoenean, ezin nintzen lasai egon». Sentimendu minberak sortu zitzaizkion: «Nazka, arbuioa, inpotentzia... Eta horiez libratu ezina. Nola esango nion nik, garai hartan, hori guztia amari? Ahizpa nagusiari kontatzen ere ez nintzen inoiz ausartu... Buelta asko ematen dizkiozu buruari, eta urteotan sarri pentsatu dut berak ere abusuak jasango zituela. Baina gaia aipatzeko kemenik ere ez dut izan inoiz». Ahizpak, gainera, oso gazterik alde egin zuen etxetik, ezkontza oso goiztiar batean: «Ihes egiteko modu bat izan zela pentsatu izan dut maiz».

Gogortzen

Ama ospitaletik etxera bueltatuta, abusuak eten ziren: lekukoekin, zailagoa zen. Gogortzen hasi zen, gainera, Argi nerabearen izaera: «Aitari aurre egiten hasi nintzaion». Mina ez zen desagertu: izua ere ez. «Iraun egiten duzu. Aldi batean, lana besterik ez nuen egiten: ahitzea bilatzen nuen, lo egin ahal izateko». Heldulekuak ere izan ditu bidean. «Gizon zoragarriak ere badira. Hain justu, ondoan bat izan dudalako nago egun nagoen tokian». Hari ere ez zion berehalakoan eman ahal izan, ordea, abusuen berri. Ezkondu eta handik hainbat urtera izan zen, elkarrekin bi ume izan ostean, batera bizipen asko izan eta gero, banantzekotan zeudela: «Bazegoen zerbait nigan berak ezin zuena ulertu: tristura zen. Ez nengoen ondo». Galdezka oroitzen du: «'Argi, zer duzu?'». Urteak behar izan zituen oraindik ere erantzuten hasteko. Aita ohean sartzen zitzaiola kontatzeko.

Aldiz, errazago kontatu zion beste eraso bat, ordurako haren andregai zela gertatutakoa. Izan ere, 17 urte zituela, ahizpa gurasoen ondoan bizitzen egon zen aldi batean, koinatuak eraso egin zion. «Lepotik heldu, eta ni bortxatzen saiatu zen». Iltzatuta ditu ondorengo orduak. «Gainetik kendu nuenean, egin nuen lehen gauza izan zen dutxara joatea. Hura zen nire gorputza igurtzi beharra!». 1970eko hamarraldian kokatu behar da kontakizuna, aldi hartako gizarte kartografian, balioetan: eliza batean oroitzen du bere burua ondoren, bere herriko eliza ezagun batean. «Aitorlekura joan nintzen apaizari zer gertatu zen kontatzera; etxera joateko esan zidan: barkatzen saiatzeko». Abade hartaz gainera, senargaiari baino ez zion eman eraso haren berri: «Asko lagundu zidan». Gainerakoan, hitzik ez. Aldi hartako logikan jarraitu zuen: isiltasunarenean. «Pentsatzen nuen: 'Nola esango diot hau ahizpari, hiru haurtxo ditu eta?'».

Sosegurik gabe

Familia zauritu bat ziren. Inoiz ez du guztiz eten, hala ere, haiekiko lotura: «Batez ere, ama hil zen arte; sentitzen nuen ezin nuela utzi». Hura hil eta gero, familiatik apur bat urrundu, eta orduan sentitu zuen kemena senarrari umetan gertatutakoa esateko: «Oso askagarria izan zen. Gainera, oso garrantzitsua izan zen hark nitaz ulertzen ez zuen zerbait ulertzeko. Niretzat, esaterako, sufrikario handia izan ziren nire bi haurdunaldiak: izua nuen. Umea neska izatea ez nuen nahi: inondik inora ere ez». Bakerik ez, bere buruarekin ere: «Emakume izate hutsa gorrotatzen nuen. Urteak behar izan ditut neure burua maitatzeko». Ezkonduta ere, sexu harremanetan hasteko arazoekin oroitzen da: oinazean gotortuta. «Urteekin, ikasi egiten duzu. Talde feminista batean ibiltzeak ere lagundu egin dit. Ikasi egiten duzu, ulertu ere bai: lotsagabeak haiek izan direla, ez zu».

Lanketa horrek bizitza «berreskuratzeko» era eman dio, baita bidean utzitako bikote erlazioa berriz eratzeko ere. Baretua da mina. «Oraintxe hiru urte, amona izan naiz. 3 urteko biloba bat dut, eta nik neska bat nahi nuen: orain bai, neska bat nahi nuen. Adiskidetu egin naiz emakume izatearekin». Ia guztiz: «Batzuetan, sentitzen duzu min hori zeluletan sartua duzula».

ISLARIK GABEKO INDARKERIA

«Abusua ahaztua dute biktimen erdiek, baina ondorioak dituzte»

Sinesgarritasuna irabazten

«Sendabide» baten bila

«Ez nekien sexua ote zen, baina bai ez zela normala»