ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

Bihotzak ez dira berdin zahartzen

2015eko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Estatu Batuetan egindako ikerketa batek agerian utzi du emakumezkoen eta gizonezkoen bihotzak ez direla berdin aldatzen zahartzean. John Hopkins Unibertsitateak gidatu du ikerketa, eta hamar urtez 54-94 urteko 3.000 gizonezkoren eta emakumezkoren bihotzak aztertu dituzte.

Ikerketan frogatu dute odola punpatzen duen bihotzaren atala, ezker bentrikulua, txikitu egiten dela adinarekin. Horren ondorioz, taupada bakoitzarekin, odol gutxiago sartzen da bihotzera, eta, beraz, gutxiago ponpatzen da gorputzera.

Txikitzea bietan gertatzen bada ere, emakumezkoetan zein gizonezkoetan, azken horietan askoz ere nabarmenagoa da. Horrekin batera, gizonezkoetan bentrikulua inguratzen duen muskulua ere aldatu egiten da: handitu eta trinkotu egiten da. Emakumezkoetan, ordea, muskulua ez da aldatzen, edo, izatekotan, pixka bat mehetzen da.

Gainera, taupada bakoitzean bentrikuluak hartzen duen odol-kantitatea gutxitu egiten da, eta hori ere ez da berdin gertatzen emakumezkoetan eta gizonezkoetan: emakumezkoetan gehiago gutxitzen da.

Hitz batean: ikertzaileek garbi ikusi dute bihotza ez dela berdin zahartzen emakumezkoetan eta gizonezkoetan. Alabaina, bihotzaren funtzionamendua hobetzeko ematen den tratamendua, oro har, berdina izaten da guztientzat, eta muskuluaren bolumena gutxitzeko helburua izaten du. Azterketaren emaitzak ikusita, ordea, ikertzaileek ohartarazi dute tratamendu hori emakumezkoentzat kaltegarria izan daitekeela.

Tamalez, ez da medikuntza gizonezkoen neurrira eginda dagoela erakusten duen adibide bakarra. Ea horrelakoak argitara ateratzeakmedikuntza pertsonalizaturanzko bidea azkartzeko balio duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.