Torraren ekintzak «gertutik zainduko» dituela ohartarazi du Madrilek

Mariano Rajoyk ez du atseginez ikusi eta aditu duena. Jakinarazi du konstituzioari egindako edozein «urraketari» erantzungo diola

Iker Tubia.
2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak eta alderdi nagusiek ez dute begi onez ikusi Quim Torrak egindako diskurtsoa. Gobernuak ohar bat kaleratu zuen atzo, eta ohartarazi «gertutik zainduko» dituela presidentegaiaren ekintzak. Oharrak dio konstituzioari egindako edozein «urraketari» erantzungo diotela. Antzera mintzatu ziren Mariano Rajoy Espainiako presidentea eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia. Rajoyk esan zuen Kataluniak gobernua behar duela, baina onartu zuen ez duela atsegin ikusi eta aditu duena.

Torra bere ekintzengatik epaituko duela adierazi zuen, baina, hala ere, aldez aurretik ohartarazpena egin zion: «Batetik, Espainia osoan legea eta konstituzioa beteko dira; bestetik, Espainiaren batasuna errespetatuko da, eta, azkenik, inork ezinen du espainiar guzien berdintasunaren kontra egin, hori baita gure demokraziaren oinarria».

Askoz ere gogorragoa da oharra. Torraren diskurtsoa «frontista», «sektarioa», «iraganekoa», «zatitzailea» eta «zesarista» dela dio, katalanen «gehiengoak» eskatzen dutenetik «aldendua». Gainera, Kataluniako instituzioekiko «errespetu falta» egotzi die, bai diskurtsoari eta bai Torra presidente proposatzeko moduari. «Ez da aurkeztu kataluniarrek merezi eta behar duten presidente gisa».

Ohar guzian katalanek behar eta nahi dutena zer den azaldu ondoren, Torrari «umiltasuna» eskatu diote katalan guzien izenean hitz egiteagatik, bere alderdiak «ez zituelako hauteskundeak irabazi». Alderdi independentistek ez dutela beren helburua erdietsiko gogorarazi du Madrilek, eta lege urraketen aurrean erantzunen duela ohartarazi.

Bestalde, Katalunian gobernua osatzean 155. artikulua bertan behera uzteko eskatu dio Sanchezek Rajoyri. Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak, berriz, mantentzeko eskatu du, «prozesu separatistarekin bukatu arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.