Italiako Giroa

Jada neurria hartu dio

Caleb Ewanek bigarrenez irabazi du Italiako Giroan, eta Attila Valterrek eutsi egin dio maglia arrosari. Goian bukatuko da gaurko etapa

Jada neurria hartu dio.
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Huts egin zuen lehen ahaleginean, bigarren etapan, baina Caleb Ewanek (Lotto Soudal) jada neurria hartu dio aurtengo Italiako Giroan esprintean irabazteko moduari. Txirrindulari australiarrak asteazkenean lortu zuen aurreneko garaipena, bosgarren etapan gailenduta, eta atzo, bigarrenez nagusitu zen, zazpigarren etapan. Hark izan zuen berriz pedal kolperik indartsuena azkeneko zuzengunean. Davide Cimolai (Israel) eta Tim Merlier (Alpecin) sailkatu ziren haren atzetik. Ewanek bost etapa ditu irabaziak jada Giroan bere kirol ibilbidean.

Sailkapen nagusian, ez zen izan aldaketarik, eta Attila Valterrek (Groupama) maglia arrosari eutsi zion. Gaur sua egon daiteke, etapa gorabeheratsua baita zortzigarrena. Hirugarrenez Giro honetan, goian amaituko da, Guarda Sanframondin. Hiru kilometroko igoera da, baina %10eko pendizako hainbat aldapa ditu bidean.

Nafarroako Klasikoko bigarren eta azken etapan, berriz, Arlenis Sierra kubatarrak (Monex) ezustea eman zuen, eta garaipen handia lortu zuen, Ruth Winderri (Trek) eta Annemiek van Vleuteni (Movistar) esprintean gailenduta. Eider Merino (Monex) izan zen aurreneko euskal herritarra, 22. postuan, bederatzi segundora.

Mallorcako Challengeko bigarren saioa ere jokatu zuten atzo, eta Jonathan Lastrak (Caja Rural) oso gertu izan zuen garaipena. Bigarren izan zen, Jesus Herradaren atzetik (Cofidis).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.