KRITIKA. Antzerkia

Distopia 'a feira' erara

El premio antzezlanaren eszena bat.  LA QUINTANA TEATRO.
2022ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun

'El premio'

Konpainia: La Quintana Teatro. Zuzendaritza: Marian Bañobre. Dramaturgia: Santiago Cortegoso. Antzezleak: Victoria Teijeiro, Raquel Espada, Xurxo Cortazar. Argiztapena: Javier Quintana. Lekua: Donostiako Lugaritz kultur etxea. Eguna: Maiatzak 1.

Antzezlanaren bukaeran, ikusle ugarik txaloaldi bero batez eta zutik erakutsi diete beren esker ona. Egia esan, ordu erdia konturatu gabe joan zaigu. Hortxe El premio (Saria) guretzat, umore beltzez zipriztinduriko reality baten antzezpena, La Quintana Teatro konpainia galegoak oholtzaratua.

2050. urtean Kanalak antolatu duen jokoaren finala antzeztuko digute, hiru pertsonaiaren bitartez. Txapeldunak, haren heriotza zuzenean transmititzeko saria lortzearekin batera, bost milioi euro irabaziko ditu aukeratzen duen kausarako. Tele-errealitatezko saioetan bezala, publikoaren botoek erabakiko dute ikuskizunaren azken emaitza, eta, hartara, protagonistak ikusleen konplizitatea bereganatzen saiatuko dira edozein amarru erabilita.

Eskuorrian azaltzen den laburpena gogoan, antzokira bertaratu baino lehen, proposamenak ondo funtzionatu dezakeela pentsatu dut, baina, aldi berean, emanaldi teatralki merke eta erraza egiteko arriskua zegoela bururatu zait. Gaiztoa ni. Eta zoriontsuak ikusleok La Quintana Teatrokoek egin diguten opariarekin.

Celestino, Crystak eta Barbara pertsonaiak guztiz desberdinak dira nortasunez eta jarduteko estiloz. Horrela, antzezpen naturalistatik mugimendu robotikoan zeharreko histrionismo barregarri baterainoko aktuazio-arkua erakutsi digute Cortazarrek, Espadak eta Teijeirok, hurrenez hurren. Kontakizunak, protagonismo korala eta banakakoarena txandakatuz, erritmo bizia mantentzen du. Gainera, argumentuak, gure arreta mantentzeko, hainbat ezuste eskainiko dizkigu une aproposenetan.

Espazioa minimalista dugu, hiru pareta olan zuriz estalirik, kolore bereko hiru kubo, eta arrautza erraldoi formako tulipa duen lanpara esanguratsua baino ez dena. Eta horrek, ez-leku bat zein aitorpen gela irudikatzearekin batera, taxuzko bideoen eta argien erabilera ahalbidetzen du. Horrekin batera, soinu diseinu fina zegoen, eta, musikarekin batera, off-eko ahotsen jokoak eraman gaitu Gran Hermano (Anaia Nagusia) telesailaren mundura.

Eta hori guztia handinahirik izan gabe, auzoko kultur etxean ikuskizun txiki batean eskainita. Txikia, bai, baina alienazioa, pribatutasunaren merkantilizazioa, feminismoa, eutanasia eta transhumanismoa hizpide dituena, esate baterako. Xumea, bai, baina, Deborden La Societé du Spectacle (Ikuskizunaren gizartea) justifikazio iturritzat hartuta, Braidottiren posthumanismoaren, Jacksonen The Lottery (Loteria) kontakizunaren, Tavernierren La mort en Direct (Heriotza zuzenean) filmaren, Orwellen 1984 eleberriaren zein Years and Years telesailaren arrastoak dituena, esate baterako. Hori bai, oraingo honetan, a feira erara, antzezlan dibertigarri moduan. Galego hauek bai burutsuak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.