KRITIKA. Musika

Bi izen

2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: M. Urkizaren Erio eta W. A. Mozarten 10. serenata Gran Partita (K. 361). Lekua: ETB2n eta Euskadiko Orkestraren Youtube kanalean. Eguna: Uztailak 4.

Mikel Urkiza bilbotarraren Erio obrak guztiz eten du Euskadiko Orkestra Martxan! ekimenean aurkeztutako programetan gailendu den klasizismoaren eta erromantizismoaren arteko hartu-emana. Ez dira zortzi urte pasatu Euskadiko Orkestrak bere egoitzan lehen aldiz eman zuenetik, Nacho de Pazen zuzendaritzapean. Nazioarteko kontzertu-geletan estreinaldi eta arrakasta ugari izan ditu Urkizak azken hogei urteotan. Erio literaturarekiko duen harreman artistikoaren adierazgarria da, Mémoires d'Hadrien eleberrian baitu inspirazioa. Orkestraren tinbre eta koloreak isuriz doaz obra honetan, irudimen handiko soinu-giroak sortuz. Harien ostinatoak, kriskitinen agerraldi sotila eta zurezko haizeen trinoak biltzen diren honetan, batzuetan zaila dauka entzuleak proposamenaren diskurtso musikala jarraitzea, are gehiago zuzendariaren eite aseptikoak pistarik ematen ez badio.

Data zehatza ezagutzen ez den arren, badirudi Idomeneo operaren idazketan murgilduta zegoenean ekin ziola W. A. Mozartek 10. serenata (K. 361) konposatzeari. Egitura klasikoari hainbat atal gehitu zizkion Mozartek, eta zazpi mugimenduz osatutako serenata dugu hau. Taula gainean soilik hamahiru musikari, baina argi geratzen da zergatik deitzen zaion obra honi Gran Partita. Treviñoren batutaren beharrik ia izan ez zuen lehen minuetean zein alderdi melodikoa garatzen duen Romanze-an distiratsu agertu ziren musikari denak, baina Euskadiko Orkestrak eskainitako interpretazioan bi izenek egin zuten handi partitura: Silvia Esainek eta Luis Camarak. Lehenengoak oboean, bigarrenak klarinetean, biak izan ziren obra osoan zehar aldi berean irudi, arnasa eta barealdi.

Peter Shaferren Amadeus antzezlanean Antonio Salieriren pertsonaiak «herdoildutako eskusoinua» antzematen du Adagio-aren hasieran, «moteltasunagatik ez balitz barregarria ere izango zena», oboearen soinu garbia sartzen den arte. Berriro ere, Esainek eta Camarak luzimendurako aukera izan zuten obraren goientzat hartzen den mugimendua gidatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.