Literatura. 'Irautera'

Azal maiztuak

Idazlea: Castillo Suarez. Argitaletxea: Elkar.

Irati Majuelo.
2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Izan zitekeen maitasun poema-liburu bat. Izan zitekeen etsipenari eginiko oda bat. Izan zitekeen naturaren irudikapen erromantiko bat. Baina ez da. Izan ere, galera baten ondotik irauten duenari eta dutenei idatzitako liburua da, eta ezinbestean azaleratzen dira bertan maitasuna zein etsipena, baina ezin esan Castillo Suarezek era konbentzionalean lantzen dituenik, ezta idazleak bere irauteari eskainitako basoan loratu diren sentimendu bakarrak direnik ere.

Poema-liburu honetan, emozio kontraesankorrez osatuta dago iraupenaren ekosistema: mina-plazera, maitasuna-abandonua, galera-aurkikuntza, ihesa-itzulera, desira-damua. Ekosistema baso heze eta basatietan garatzen da, naturako elementuekin gurutzatu. Idazleak hautu kontzientea egin du, ez soilik sentimendu horiekin paisaia sinboliko-bukoliko soil bat ez sortzeko, baizik eta sinbolismo hori bere ingurune naturalean kokatzeko. Zeren eta izan, Irautera sinbolismo handiko liburua baita, baina Suarezek esanahi arketipikoetatik haragoko bilaketa egiten du bere jaioterriko paisaia sentimentalean, espezie autoktonoak (iratzea, haritza, almitza) zein kolonizatzaileak (eukaliptoa, pinua, ailantoa) elkartzen diren lursailetan, gizakiek eta piztiek topo egiten duten norabide biko bideetan. Kontraesan horiek baliatzen ditu egiak argitara ekartzeko: «Basoak ditut maite/ baina nahiago nuke su hartuko balute./ Ez dut maitasuna bilatzen,/ nahiko baitut ustearekin:/ alferrik da minaren funtsa/ beste norbaitengan bilatzea».

Galeraren ostean irauteak bere prozesua du, eta hori bildu asmo dute liburuaren lau atalek: Txertoak, Krainer hormak, Eraitsitako presak, Artzain elektrikoak. Atalkako sailkapenak prozesu horretan gidatzen du irakurlea: hutsune bati adabakia jarri nahi izatetik, minari eutsi ostean kontentzio-hormak hautsi, eta ezinbestean irautera daraman indarra erakutsiz. Bere hitzetan ez dago, ordea, damurik eta etsipenik, errealitatearen begirada heldu bat baino: «Damuak ez gaitu zorigaitzekoagoak egiten». Ez dago norbere buruarekiko errukirik, ez besteen erabakiekiko herrarik. Zintzo eta zuzen mintzo dira poemak txikizioen ostean azal maiztuetan irauten duten orbain, hutsune eta ernaltzeke dirauten esporez.

Liburuak ez du, ordea, galeraz eta irauteaz soilik hitz egiten. Maitasun moldeez, bakardadearekin ditugun harremanez eta piztia bihurtzen diren gorputzez ere badihardu Suarezek. Bakardadeari buruzko hausnarketak nabarmendu nahiko nituzke, liburu osoan zehar azaltzen baita hiruko gisa: zu, ni eta bakardadea. Bakardadeaz hitz egiteak baitakar besteari, joan denari, maiteminari, sexukideari buruz hitz egitea, ezin baita bakardadeaz hitz egin falta dena aipatu gabe. Idazleak berak argi uzten digu: «Iluntzen duenean/ beti behar izaten dugu norbait/ bakardadea bada ere».

Finean, poema-liburu osoa eta ederra ondu du Castillo Suarezek, indar handiko irudi eta ideiak biltzen dituena hasieratik bukaeraraino. Bere poesiak ere irautera jotzen baitu: «Nire poemak ez dira egundaino errendizio-ikur izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.