Ixiar Eizagirre. Bertsozale Elkarteko Genero Taldeko kidea

«Eraldaketan jarri nahi dugu mira, eta ez gaizki egindakoen salaketan»

Orain dela sei urte Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak sortutako Genero Taldeko kidea da Eizagirre. Aukera berdintasunaren alde lanean dihardu: «Feminismoa baino, hobe gurean feminismoak baditugu».

JON URBE / ARP.
S. A. G.
Donostia
2014ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Bertsozale Elkarteko Genero Taldeko kidea da Ixiar Eizagirre (Hernani, 1979). Generoaren langa txikitzeko ekinean dabil.

Zer egiten du Bertsozale Elkarteko Genero Taldeak?

Hiru lan ildotan ari gara lanean. Batetik, eragin plana deitzen dioguna dugu; Bertsozale Elkartearen beste sail eta proiektuetan egiten ditugun eraldaketak edo ekimenak. Bestetik, formazioaren ildoa dugu, eta hor hiru moldetako formazioak antolatzen ditugu: emakumeentzat prestatutakoak, gizonentzat prestatu- takoak eta mistoak. Eta hirugarren lan ildoa gizarteratzea da.

Zergatik dago orain generoa erdigunean?

Bertsolaritzan gaia saihetsezina delako kasik, edo oso agerikoa: bertsolaritzak plaza esan nahi du, espazio publikoa. Zentroan jarri eta hitza hartzea da, iritzia emateko autoritatea hartzea, baita festa jartzeko edo ondokoak zirikatzekoa ere. Espazio horretan emakumea jartzen den unetik, debekatua izan zaion horrekin guztiarekin egiten du topo: justu mugatu zaiona egin behar du.

Eta egitasmoei dagokienez, zer egiten duzue?

Bertso udalekuetan genero tailerrak antolatzen ditugu; ikastetxeetan bertsolaritza lantzeko Gu ere bertsotan ikasmateriala genero perspektiba kontuan hartuta berritu genuen; Joxepa Anttoni Aranberri Xenpelar bertsolariaren inguruko material didaktikoa sortu dugu ikastetxeetarako; 2013ko Txapelketa Nagusian antolakuntzan zaindu beharrekoak finkatu genituen, eta formazio saioak antolatu genituen; 2014ko Bertso Egunak generoa izan zuen gai nagusi; bertsolaritzaren datu basean historiako emakumeen biografiak eta bertsoak argitaratu dira; genero ikuspegiari buruzko bibliografia...

Maiz emakumeen inguruan egiten da solas generoaren harira, baina gizonekin ere ari zarete lanean, ezta?

Genero taldean emakumeak eta gizonak elkartzen gara, erdi eta erdi. Hiru emakume topaketa eta bi gizon topaketa antolatu ditugu. Gizonak gaira ekartzea kosta egiten dela konturatu gara.

Agian, gizartean oro har gertatzen den bezala, gaiak hainbeste estutzen ez dituenez, oro har ez dute horri heltzeko hainbesteko beharrik sentitzen. Genero taldean ikasi dugu emakumeak eta gizonak erritmo ezberdinetan joango garela ezinbestean, eta batean funtzionatzen duen moldeak ez duela zertan besterako balio.

Askok ez dute ulertuko zergatik egin duzuen topaketa ez-mistoen alde.

Norbere egoeraz jabetzeko ezinbestekoa da zure baldintza bereko pertsonekin elkartzea eta bizipenak partekatzea. Horregatik ikusi dugu beharrezkoa topaketak egitea emakumeek beren aldetik eta gizonek haienetik. Lehenengo, txanponaren norberaren aldea zein den ezagutu behar da, gero beste aldea ere hobeto ulertzeko.

Egitasmoak garatzen jarraitu nahi duzue aurrera. Zein da gakoa?

Gu ez gara genero iraultza eragiteko helburuaz sortu den elkarte bat: bertsoak elkartu gaitu. Beraz, gurean genero ikuspegiari dagokionez, erritmo ezberdinak daude eta beti egongo dira. Funtsezkoa ikusten dugu konfiantzan oinarritzea, positiboa indartuz, eta eraldaketan jarriz mira, eta ez gaizki egindakoaren salaketan. Daudenei begiratzea da gure oinarrietako bat, ez falta direnei. Ikasi dugu emakume guztiok ez dugula ikuspegi bat konpartitu beharrik: feminismoa baino, hobe gurean ere feminismoak baditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.