Gardentasun eta hezkuntza legeak, datorren urteko agendan

Eusko Jaurlaritzak atzeratuta dauka, besteak beste, Osasun Publikoko eta Garapenerako Lankidetzari buruzko legeen onarpena

jon olano
2022ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak beste bi urte ditu aurretik gobernu programan jasotako 36 lege egitasmoak aurrera ateratzeko. Lege egutegiaren arabera, gobernu kontseiluak datorren urte politikoan onartu beharko lituzke lege proiektu batzuk, gero legebiltzarrera bidaltzeko: adibidez, Gardentasun eta Herritarren Parte Hartzeari buruzko Legea —aurtengo bigarren seihilekoan— eta Sexu orientazioagatiko diskriminazioaren aurkako borrokaren Lege Integrala —2023ko lehen seihilekoan—.

Jaurlaritzak 2020-2024 aldirako legegintza programan jaso zituen lege proiektu bakoitza gobernu kontseiluan onartu beharreko epeak. 2020ko azarokoa da dokumentua, eta, orduan jasotakoarekin alderatuta, lege batzuen tramitazioa aurreratua du gobernuak, eta beste batzuena, berriz, atzeratua. Besteak beste, Garapenerako Lankidetzari buruzko Legea dago bigarren multzoan: iaz ziren gobernu kontseilura eramatekoak, baina oraindik pauso hori eman gabe du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako Sailak. Gauza bera gertatzen da Osasun Publikoko Legearekin; haren bidez osasun sistema publikoa «konfiguratu eta ordenatu» nahi du Osasun Sailak, eta asmoa zuen iazko bigarren seihilekoan parlamentura bidaltzeko. Oraindik ez du egin, hala ere.

Hezkuntza Legea ehuntzen

Haatik, aktualitate politikoaren begirada gehienek Hezkuntza Legearen bilakaerari erreparatuko diote datozen hilabeteetan. Hezkuntza sistemaren zutabe berriak ezarri beharko dituen testuan hilabeteak daramatzate lanean alderdi politikoek, eta hezkuntza hitzarmenean ados jarri ziren EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU. Orain, hitzarmen horretan oinarritutako testu artikulatu bat prestatzen ari da Jaurlaritza, eta ondoren ohiko prozedura parlamentarioa bete beharko du legegaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.