Poliziaren indarkeriaren eta ETAren biktimak omendu dituzte Bilbon

Espainiako Gobernuaren eta PP ez beste alderdi politiko guztien ordezkariek parte hartu dute. Bilboko Udalak antolatu du ekitaldia

PP ez beste alderdi guztietako ordezkariak eta biktimen senideak, atzo, Bilbon. MARIELI OVIEDO / BILBOKO UDALA.
Irati Urdalleta Lete.
2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuko, EAJko, PSE-EEko, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak, baita polizia indarkeriaren eta ETAren biktimen senideak ere. Guztiak Bilbon elkartu ziren atzo, indarkeriaren biktimak omentzeko. Hutsune nabarmen bakarra egon zen: PP.

Bilboko Udalak antolatutako omenaldian, lore eskaintza bat egin zuten biktimak omentzen dituen Casilda Iturrizar parkeko monolitoan. Bitartean, senitartekoek Bilboko biktimen 89 guztira izenak irakurri zituzten. Urtero azaroaren 10ean Memoriaren Egunean egin ohi da ekitaldia, baina, aurten, egun horretan Espainiako Gorteetarako Hauteskundeak izaki, hilabete atzeratu zuten, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunera, hain zuzen.

Parte hartze zabala eta askotarikoa izan zuen ekitaldiak. Bertan izan ziren ETAk hildako taxilari baten eta bi ertzainen senideak, baita poliziak hildako hainbaten senideak ere; 2012an Ertzaintzaren gomazko pilota baten kolpea jaso ondoren hil zen Iñigo Cababacasen gurasoak ere izan ziren. Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topaguneko kideak dira. Bertako partaideak dira Bilboko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak ere, PP izan ezik. Senideekin batera egon ziren EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta Elkarrekin Podemoseko Bilboko Udaleko zinegotziak; Jesus Loza Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaria eta Vicente Reyes Bizkaiko ordezkariordea; eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria.

Bernardo Atxagaren poema bat irakurriz amaitu zuten ekitaldia, eta honako ideia hau azpimarratu zuten: «Bizitza bizitza da, eta handiena da; kentzen duenak dena kentzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.