Arrauna. Kontxako Bandera

Inoiz baino gertuago

San Juanek eskura du Kontxako Bandera, eta bosgarren garaipena izango luke segidan. Aurreko hiru alditan baino alde handiagoarekin ekingo dio bigarren igandeari. Riveira, Orio eta Arraun dauzka gertuen.
San Juango arraunlariak, txanda irabazi izana ospatzen.
San Juango arraunlariak, txanda irabazi izana ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU

Aitor Manterola -

2018ko irailak 4
Ostegunean baldar eta trakets egin zuten arraun San Juango arraunlariek, Kontxarako sailkatze estropadan. Hori gertatu izan zaien bakoitzean, sekulako amorrazioarekin atera izan dira hurrengo estropadan. Igandean horixe egin zuten, aurreko lana asko hobetuz. Baina beste ezaugarri batzuk ere gehitu zizkioten: burua eta adorea.

Ez zioten uste bezala ekin lanari, Riveira gainetik kendu ezinda ibili zirelako lehen luzean. Orio geratu zen atzean uste baino azkarrago. Donostiarrak lan txukuna egin zuen lehen luzean. Galiziarrak gainean izan arren, pasaitarrek ez zuten burua galdu, eta hainbeste menderatzen duten arraunkera eginez, hain eraginkorra den hori, ziabogatik aurrera utzi zituzten atzean galiziarrak. Laugarren kaletik, buelta ona egin zuten, eta Riveira 6, 10 segundora utzi zuten. Orio 7,20ra geratu zen, bigarren luze eta azken txanpa oso ona eginda gero. Datorren igandean, Arraun ere ariko da ohorezko txandan beste hiru hauekin batera, bigarren txandan nagusi izan eta gero. 13,74 segundo gehiago behar izan zituzten pasaitarren aldean. Bosgarren Hibaikak egin zuen, Donostiarrak seigarren, Kaikuk zazpigarren eta Tolosaldeak zortzigarren.

«Oso estropada ona egin dugu, arraunean gurea egiteko gai izan gara, eta burua galdu gabe ibili gara», adierazi zuen lanen ondoren Izaro Lestaiok, San Juanen patroiak. Nerea Perez ordezkatu zuen, tolosarraren lesio txiki bat tarteko.

Herenegungo jardunak eskura utzi dio segidan lortuko lukeen bosgarren Kontxa irabazteko aukera San Juani, baina lehen igandekoak badu ezberdintasunik aurrekoekin: inoiz baino alde handiagoa atera dio orain bigarren sailkatuari. 2014an, 1,32 segundora geratu zitzaion Hibaika; urtebete geroago, 2,14 segundo izan ziren San Juan eta Hibaikaren artean; 2016an, 2,28ra utzi zuen Errenteriako taldea; eta iaz, Hibaika izan zen azkarrena lehen egunean.

Lehen igande motelena

Beste datu bat ere bada oso adierazgarria San Juanen inguruan. Igandean lan oso ona egin arren, aurreko lau aldietako denborak hartzen badira kontuan, igandekoa izan zuen lanik motelena. Iaz 10.38 egin zuen; duela bi urte 10.39; 2015ean, 10.36; eta Kontxako aurreneko aldiz irabazi zuen urtean, 2014an, 10.36 egin zuen. Eremuko marka onena Zumaiarena da, 2012koa: 10.35, 62ko denbora egin zuen bigarren igandean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Aitor Manterola

Informazio osagarria