Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Pobreziaren gaineko zerga

2020ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Demagun zerga bat ezarriko bagenie gizarteko pobreenei, alegia, errenta baxua —edo errentarik ez— daukan jendeari. Halabeharrezko zerga gizartean bizitzeko eskubidearen truke. Zerga hori ez litzateke norberaren errentaren arabera moldatuko: oso antzeko kopurua ordaindu beharko lukete denek, diru sarreren %35-50 artekoa.

Gainerako zergekin ez bezala, estatuak ez luke diru horren zentimorik ere jasoko, den-dena ogasun handiagoa duten batzuek irabaziko lukete, eta eurek bakarrik erabakiko lukete zertan gastatu, gizarte zerbitzutan inbertitzeko inolako beharrik izan gabe. Gainera, onuradun horiek erabakiko lukete zenbat kobratu, ez legebiltzarrak. Eta, gogora dezagun, ez legoke gizartean bizitzerik zerga hori ordaindu ezean.

Alokairua berrasmatuko genuke, ez besterik.

Inguruko adinkideekin solas egin eta gero zur eta lur nago. Hogeita hamar urteen inguruan gaude eta ia-ia ia guztiei ezinezkoa izango litzaieke beren kabuz bizitzea edo aurrezkirik izatea familiaren laguntzarik gabe, dela hileko diru laguntzen bitartez, dela etxea erosteko diru nahikoa eman dietelako. Hamarkada gutxiren buruan, aurreko belaunaldiaren ogasunean oinarritutako gizarte izugarri ezegonkorra eraiki digute. Zer egingo dugu geu guraso izatean?

Gazteak ez ezik, aste honetan ezagutu dut erretiroa hartzeko adina gertu daukan norbait. Lanerako ezintasuna du aspalditik. Etxebide zerbitzu publikotik ez du berri onik jaso azken zortzi urteetan, baina orain pozarren dago: bere hiriko zerrendetan dauden 10.000 pertsonetatik, 46k baino ez dute gutunik jaso eta bera horietako bat da. Etxean hotzak egoteari uzteko eta etxetresna elektrikoak berriz erabiltzeko aukera lortuko luke.

Urrutiko eta kalitate eskaseko etxeak askoren aukera bakarra dira. Jabeen esku daude etxebizitzaren kalitatea eta egoera, baita sarbidea mugatzea ere: hemen, migratzailerik ez; hor, umerik ez; han, ikasleak baino ez. Horrenbestez, distantzia luzeak, zarata, zerbitzu falta inguruan, ziurtasunik eza, prekaritatea... den-dena metatzen da urteak igaro ahala. Etxebizitza egiazko eskubidea ez den artean, maizterrok osasun kalteak pairatzen ditugu, fisikoak zein mentalak.

Noizbehinka, gainera, maizterren kriminalizazioa jasan behar izaten dugu, nahiz eta gehiengo zabala etxegabe izatetik gertuago egon etxebizitza ugari alokatzetik baino. Hain azkar ahaztu al dugu albistegietan bere buruaz beste egiten zuen jendearen berri izaten genuenekoa, bankuek itota?

Ezinbestekoa da gogoan edukitzea hori guztia ez dela zoriak sortutako egoera, politikaren ondorioa baizik. Adibidez, errentak kobratzeari esker lortzen dute familia askok 2008tik galdu duten ogasuna, ongizate estatutik kanpo geratzen diren ezinbesteko zerbitzuak ordaintzeko ezinbestekoa dena —zaintzak, aseguruak...—. Espainiako Estatuan, esaterako, pertsona fisiko diren errentatzaileen %28k urtean 12.000 euroko sarrerak baino ez ditu deklaratzen. Politika ere badira errentatzaile handien botere ekonomikoari men egitea edota masa-turismoari izugarrizko botere eraldatzailea ematea hirietan.

Nire aitaren etxea defendituko dut laster esaldi hutsala bihurtuko denean askorentzat, euskal gizarteak huts egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.