Jaiak Gasteizen

Far Westetik izarretaraino

Mendizabalak milaka lagun hartzen ditu egunero. Hamaika abentura bizitzeko aukera ematen du eremu horrek, metro gutxian biltzen baititu atrakzioak, jantokiak, zirkua, su festa eta abar.

Far Westetik izarretaraino.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
John Wayneren espirituak hartzen nau etortzen naizen bakoitzean». Iñigo Garciaren begiak alde batetik bestera ari dira. Ez Liberty Valance aurkitzeko. Bai, ordea, Amerikako Estatu Batuetako Far Westean balego bezala, tiratzaile sena asebetetzeko erronka bila. Mendizabalako feriara sartuta, ez zaizkio lekuak falta horretarako. Jolas postuen kalearen bi aldeetan eskaintza zabala dago: puxikak dardoekin lehertzeko lekuak, zotzak karabinekin apurtzekoak, tenis pilotekin panpinak botatzeko... «Ea aurten atrakzioren batean igotzeko aukera dugun», esan du, gaua luze joango delakoan.

Mendizabalak hamaika abentura bizitzeko aukera ematen du: John Wayne sentitzetik, dozenaka pelikulen protagonista sentitzera arte. Hirigunetik urrun egon arren, jendetza biltzen da han, hango eskaintza zabalarekin gozatzeko. Goizetik gauera arte. Txurro saltoki eta jantokietan olioa berotzen jartzen dutenetik su festaren bolbora usaina guztiz desagertzen den arte.

«Zailtasun bakarra aurrekontua neurtzea da; zurrunbiloan sartzen zarenean, zaila da ateratzea», hausnartu du Garciak. Izan ere, Mendizabalako ferian sartzea denboran harrapatuta geratzea bezalakoa da, hein batean. «Eta non tokatu zaizun galdetzen duzunean, zer esango diezu?», galdetu du tonbola bateko arduradunak. «Antojitos tonbolan», abestu dute, mekanikoki, haren aurretik pasatzen ari diren dozenaka lagunek.

Oihanetik eta meategira

Haurren artean ikusmin handia piztu du La selva encantada (Oihan sorgindua) atrakzioak. Errusiar mendi txiki bat da, eta Tarzanen pelikula zaharretatik aterata daudela ematen duen pertsonaiak eta animaliak ditu. Efektuak nahi badituzu, sakatu botoia esaldia dago idatzita kartel batean. «Sakatuko dugu, aita? Sakatuko dugu?». Galdetu du, urduri, Ane Salazarrek, ilaran zain dagoen bitartean. «Ados! Zure ustez zeintzuk izan daitezke efektu horiek?», erantzun dio aitak. Fantasiazko hamaika azalpen hasi ditu orduan.

Feriaren beste aldean dagoen haurrentzako atrakzio batek muturreko esperientzia bat eskaintzen du. 8D du izena. «Fisikaren mugak gaindituko ote dituzte, ezagutzen ditugun dimentsioez harago», barre egin du Fernando Saezek. Kabina itxi batean sartu dira umeak, eta, han, errealitate birtualerako betaurrekoak jantzita, bidaia zirraragarri bat hasi dute. Meategi baten barruan. Bagoian sartuta, burdinbide zaharren gainean, Indiana Jones sorgindutako tenpluan bezala. Kabina mugitu egiten da, irudien gorabeherekin batera. Gurasoek, atrakziotik at, umeak ikus ditzakete pantaila batean. «Ez dakit Indiana Jones ote den, baina Gran Hermano-ren kutsua hartzen diot», bota du Saezek.

Sarreraren beste muturrean daude nagusientzako atrakzioak. Rocket 360 izeneko batek ikusmina piztu du; lehen urtea du Gasteizen. «Pertsona irabiagailu» gisa definitu du jaitsi berri den gizon batek. Gazte ilara luzea dago astinduaren zain, eta batzuek ez dute lehen aldia. Ilusioz hitz egiten dute. «Ematen du askatuz gero izarretaraino helduko zarela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.