Bila zebilen, eta lortu du

Pello Bilbaok indar erakustaldia eman du Dauphineko seigarren etapan, eta garaipen bikaina lortu du La Roserie Lehen Mailako gainean

Pello Bilbao, garaipena ospatzen, atzo, La Roserien. BERRIA.
Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Denbora zeraman Pello Bilbaok (Astana) garaipen handi baten usainean, eta lortu du azkenean helburua. Txirrindulari gernikarrak Dauphineko seigarren etapa irabazi zuen atzo, La Roserie Lehen Mailako mendatean amaitu zena. Dena egin zuen ondo: hasteko, eguneko ihesaldian sartu zen beste 26 txirrindularirekin; gero, erasoa jo zuen azken mendatean; eta azkenik, ondo eutsi zion aldeari, nahiz eta atzetik, proba irabazteko faborito nagusiek gogotik estutu zuten. Azkenean, 21 segundoren aldea izan zuen Geraint Thomas (Sky) liderrarekiko eta 23rena Dan Martin (UAE) bezperako irabazlearekiko eta Romain Bardetekiko (Ag2r).

Bilbaoren bigarren garaipena da aurten, duela bi hilabete eskas Alpeetako Itzuliko lehen etapa irabazi baitzuen. Gero, bikain aritu zen Italiako Giroan, seigarren postuan amaituta. Atzokoak, World Tour proba batean lortutako lehen garaipenak, berriz, agerian uzten du aurten sekulako aurrerapausoa eman duela. 28 urte egin berritan, inoizko sasoirik onenean da. «Atzo [herenegun] egun txarra izan nuen, eta Giroko ahalegina ordaindu nuen. Gaur, aldiz, ondo nituen hankak. Astanak nigan sinetsi zuen, eta asko ari zait laguntzen. Azken igoeran alde txikia lortu dut, eta eutsi egin diot. Zaila da Giroan parte hartu ondoren sasoiari eustea, baina gaur [atzo] ondo ikusi dut neure burua», esan zuen Bilbaok etapa amaitutakoan.

Nagusian, Thomas sendotu egin da lidergoan. 1.29ra du Adam Yates (Mitchelton) eta 2.01era Bardet. Gaur amaituko da proba, Saint-Gervais Mont Blancen.

BMC nagusi, Suitzan

Suitzako Itzulian, berriz, BMCk irabazi zuen lehen etapa, 18,3 kilometroko taldekako erlojupekoa, Sunweb eta Quick Stepen aurretik. Stefan Kueng da liderra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.