Koronabirusa. Zahar etxeak. Maddi Zubeldia. Senitartekoa

«Afektiboki berriz ere beste kolpe bat da haientzat»

Urruñako zahar etxean dauka 90 urteko ama Zubeldiak. Pandemiaren harira hartutako neurriak lehen lerrotik bizi izan ditu: haren gogoetak eta bizipenak kontatu ditu.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
90 urte ditu Maddi Zubeldiaren amak. Duela bost urte sartu zen Urruñako (Lapurdi) zahar etxera.Egoera zaildu egin du pandemiak: egoiliarrek ez ezik, senideek ere egoera latzak pairatu behar izan dituzte azken hamar hilabeteotan. Martxoan ezarritako konfinamenduan, bisitak guztiz debekatu zituzten egoitza guztietan, eta «luzaz» ezin izan zuen ama ikusi Zubeldiak. Maiatzean, bisitak baimendu zituzten Ipar Euskal Herrian, baldintza zorrotzekin.

«Martxoko konfinamendua zelarik, egoiliarrak euren geletan itxita egon dira. Familiaren harremana moztua izatea gauza bat da, baina bertako kideekin ere moztua izan da; ez zuten sozializatzeko batere aukerarik. Dena gelan egiten zuten, eta horrek denbora luzea iraun zuen». Zubeldiaren amak alzheimerra dauka; eta harremanak eten behar izanak ondorioak izan ditu harengan: «Gogorragoa da burua ongi duenarentzat, iduriz. Baina konbentzitua naiz hala ere atzeraka egiten dutela zaharrek, afektiboki harremana moztua delako, eta giroa sentitzen dutelako».

Deskonfinamendua etorri zenean, bisitak berriz baimendu zituzten, baina orduan ere, harreman fisikoa ezinezkoa zen, segurtasun neurrien ondorioz. Urrian, berriro ere konfinamendua ezarri zuen Frantziako Gobernuak, baina zahar etxeetako bisitak baimentzea erabaki zuen, egoiliarren bakartzea saihesteko. «Egoiliar bakoitzarengana pertsona bat baizik ezin da joan batera, eta ordua hartu behar da aurretik», Zubeldiak azaldu duenez.

Egoera, ordea, latza da oraino. Zubeldia: «Familiar gisa, baduzu kulpabilitate bat ama aparkatua duzulako han, nahiz eta argi izan ezin duzula etxean izan alzheimerra duelako. Gainera, ikustera joatea zaila da. Konposatzen dugu horrekin». Frustrazioa aipatzen du Zubeldiak: «Zorionez, amak animoa atxikitzen du; alaitasuna ez du galtzen. Elkar ikusten dugularik, kantuz ari gara, baina ezin dugu estimulatu nahi bezainbat». Estimuluak, ordea, beharrezkoak ditu Zubeldiaren amak, eta bigarren konfinamenduak ere, malguagoa izanik ere, eragina duela dio. «Afektiboki berriz ere beste kolpe bat da haientzat, eta guretzat ere ez da goxo».

Pentsatzen du gaitzaz babestu nahian osasun mentala baztertu dutela agintariek. «Ez naiz inor esateko zer egin behar den, baina harremana eta osasun mentala zaindu behar dira. Ari gara kosta ahala kosta jendea iraunarazten baina osasun mentalaz arduratu gabe», deitoratu du. «Dudarik gabe, babestu behar dira. Baina zer da egiazko babesa? Haiei ez zaie galdetu. Denak ari gara mintzatzen, baina zaharrei beraiei ez zaie galdetzen». Eta galdetu du: «90 urtetik gorakoek eritasunaren beldurra dutela? Baina horrela bizi behar izatearena?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.