Albistea entzun

Izenen genero marka. Idoia Trenor. Bilgune Feministako kidea

«Estatuak eta Elizak izenak arautzea ez da kasualitatea»

Haurraren izenak «ongi identifikatu» behar du pertsona, legearen arabera. Arauaren arrakalak baliatuta izenaren genero markarekin hauts daitekeela erakutsi dute.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Maider Galardi F. Agirre -

2016ko abuztuak 7

Bilgune Feministako kide batzuk eta inguruko zenbait lagun ama izan ahala, konturatu ziren arazoak zituztela haurrei nahi zuten izena jartzeko. Orduan ekin zioten izenen sexu-genero markaren inguruko hausnarketa egiteari. Zenbait urteren ostean, gaiari «praktikoki» heltzeko garaia zela erabaki zuten, eta horrela hasi ziren gida liburua idazten. Lanketa horren fruitu da Izena eta Izana Ezbaian gida. Idoia Trenor da Bilgune Feministak Emaginekin batera argitaratutako liburu praktikoaren egileetako bat.

Zein irakurketa egin duzue Euskaltzaindiak argitaratu berri duen agiriaren inguruan?

Agerikoa da izenen kontu honek eztabaida piztu duela gizartean. Badaude izendegi horren araudiaren aurkako zenbait iritzi, eta Euskaltzaindiak bere burua zuritu behar izan du, zertan oinarritzen diren azaldu behar dutelako; haienari heldu behar diotelako. Ez da lehen aldia horrelako agiri bat ateratzen dutela. Azken finean, justifikatu egin behar dira gizartearen aurrean.

Idatziak zera dio: «Erabaki proposamenak egiteko hiztunen erabilera aztertzen dugu. Ez gara eztabaida politikoetan sartzen». Baina, ikuspegi feminista batetik, pertsonala politikoa da.

Guk feminismotik beti diogu pertsonala politikoa dela. Eremu pribatuan, etxekoan eta intimoan gertatzen dena ere politikoa da, baduelako eragin soziala. Hizkuntza arauak ere politika dira. Agian hori da euskarari gertatzen zaiona; ez da auzi politikoa, eta horregatik lantzen da modu «epel» batean. Euskararena eta hizkuntzarena auzi politikoa dela aldarrikatu beharko genuke, eta merezi duen arreta eskaini.

Nola sortu zen Izena eta Izana Ezbaian gida praktikoa osatzeko ideia?

Bilgune Feministako zenbait kide ama izan ziren, eta haurrari izena jartzeko erregistrora joaterakoan zenbait arazorekin egin zuten topo: ez zieten uzten izen mistoak edo genero markarik gabeko izenak jartzen. Interesa piztu zitzaigun, eta gaia jorratzeko Idurre Eskisabelengana jo genuen, tesina horren inguruan idatzi baitzuen. Haritik tiraka, gaia modu sakonagoan lantzea erabaki genuen eta praktikoki jorratzea hobetsi. Liburuxkarekin geure inguruan «arazo» horiek dituenari baliabideak eskaini nahi dizkiogu, ematen ez badu ere, zirrikituak egon, badaudelako araudian.

Euskaltzaindiak gizon-emakumeen izenen bereizketa legeen bidez justifikatu du, baina zuek araua desobeditzeko zirrikituak aurkitu dituzue.

Euskaltzaindiak men egiten dio, hala derrigortuta, Espainiako legediari. Baina bada deigarria den beste gauza bat ere. Bere justifikazioan, legeaz gain, gizartean errotuta dagoen arau sozial hegemonikoari men egiten diola aipatzen du. Horretan ez zaie arrazoirik falta. Sexu-genero sistema dikotomikoa erabat txertatuta dago geure gizartean. Guk liburuxkarekin hori azaleratu nahi izan dugu, eta aipaturikoaren kontzientzia piztea izan da gure asmoa. Sexu-genero sistema hori apur bat deseraikitzea eta horren inguruko hausnarketa abiatzea izan da gure helburua. Izenak arautzen dituen legearen interpretazioa oso anbiguoa da eta horretaz baliatu gaitezke geure bidea irekitzeko.

Hegemonikoa den sexu-genero sistema aipatu duzu. Euskarak izen arruntetarako genero markarik ez badu ere, izenek balio sinboliko handia daukate bereizketa hori egiterako unean.

Izugarria da izenek bere baitan gordetzen duten esanahiek zein nolako iruditegia sortzen duten. Idurrek ongi azaltzen du hori. Izenetik abiatuta haurrarengan eta inguruarengan eraikitzen den iruditegia oso indartsua da. Izenak sinbolo sistema bat dira eta horren bitartez balio batzuk, klasea, historia... transmititzen dira. Estatuak eta Elizak historian zehar izenak arautzea ez da kasualitatea.

Adituen arabera, izena komunitate batean pertsona bat zer den esateko hitza da. Baina, ez badakigu gizona edo emakumea den, hankaz gora jartzen da sexu-genero binomioan oinarritutako sistema hori. Horregatik uste dut Euskaltzaindiak sistema hori mantendu nahi duela, eta horregatik esaten duela euskaraz ez dagoela izen mistorik; nahiz eta ikerketa batzuek onartzen duten izen mistoak egon direla.

Idurre Eskisabel ikertzaileak, hala ere, dio Euskaltzaindia hein handi batean gizartearen isla dela.

Ados nago. Baina dauden pentsamendu berrien aurrean itxitasuna adierazten du, eta erabiltzen dituen argudioak ez dira oso pisuzkoak. Feminismotik esaten dugu «naturazko» gizon-emakumeen arteko desberdintasunarekin hautsi behar dugula. Zergatik ez utzi zirrikitu bat izendegiaren bitartez hori deseraiki eta bide berri bat jorratzeko?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lehen mailako artako kontsultak atzeratuko ditu Osakidetzak

Lehen mailako artako kontsultak atzeratuko ditu Osakidetzak

Arantxa Iraola-Irati Urdalleta Lete

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik egin du jakinarazpena: «Aparteko larritasuna ez duten» kontsultak atzeratuko dira.

Baionako txertaketa gunea, artxiboan ©Guillaume Fauveau

Pfizer dosiak ez ote diren faltako beldur dira txertaketa guneetako langileak

Oihana Teyseyre Koskarat

Eskualdeko Osasun Agentziak hobetsi du Moderna txertoak banatzea. Baionako txertaketa guneko langileek lana uzteko eskubidea aldarrikatu dute, pazienteei «gardentasuna zor» zaielakoan.

5-11 urte arteko haurren txertaketa onetsi du Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak

5-11 urte arteko haurren txertaketa onetsi du Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak

Arantxa Iraola-Irati Urdalleta Lete

Hilaren 15etik aurrera autonomia erkidegoek haurrak txertatzen hasi ahal izango dutela jakinarazi du

Munilla meza ematen Azpetian (Gipuzkoa), 2019an. ©Javier Etxezarreta / EFE

Donostiako apezpikutza utziko du Jose Ignacio Munillak

Paulo Ostolaza

Ia hamabi urte egin ditu karguan. Alacanteko (Herrialde Katalanak) gotzaina izango da aurrerantzean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.