Orain Presoak. Manifestazioa

«EUSKAL PRESOAK, ETXERA»

Milaka herritar elkartu dira, Donostian, Orain Presoak dinamikak antolatutako manifestazioan, «orain arteko pluralenean». Irtenbidea aldarrikatu dute, eta gaur egungo «premiazko» lau eskaerak betetzeko eskatu diote Madrili. Bideoa albistearen amaieran.

Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa, atzo, Kontxako badian. JON URBE / FOKU.
enekoitz esnaola
Donostia
2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Aatzo zazpi urte bete ziren ETAk jarduera armatuaren bukaera iragarri zuenetik, eta oraindik konpontzeke dago euskal presoen auzia. Ia 300 preso daude Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako estatuetako eta Portugalgo kartzeletan. Auziari konponbidea ematen hastea aldarrikatu zuten atzo ere, Donostian, milaka herritarrek, Orain Presoak dinamikaren martxan. «Euskal presoak, etxera» izan da gehien entzun den oihua. Antolatzaileek amaieran azaldu dute 40.000 lagun inguru bildu direla.

Orain arteko manifestaziorik «pluralena eta zabalena» izan dela esan du Orain Presoak-ek, «elkarrekin bizi nahi dugulako, sufrimendua amaitu eta aurrera egiteko». Bederen, eragileen artean bertan izan dira EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, EH Bai, EELV, ELA, LAB, CCOO, UGT, Foro Soziala, Bake Bidea, Sare, Etxerat, Gure Esku Dago eta bakegileen ordezkariak, baita, adibidez, Iñigo Iruin ezker abertzaleko kide eta abokatua, Daniel Arranz Bizkaiko gobernadore zibil ohia, Jose Luis Uriz PSNko kidea, Ines Osinaga Gose-ko abeslaria eta Sara Majarenas euskal preso ohia ere, Orain Presoak herritar dinamika zabaleko beste kide askoz gain. «Benetan batzen gaituen oinarri baten alde elkarrekin lan egitea beharrezkoa bezain aberasgarria da», esan du manifestazioaren bukaerako hitzaldian Arantza Aldezabal Orain Presoak-eko kideak —Laura Gomez ere mintzatu da, gaztelaniaz—. «Euskal presoen arazoari irtenbidea ematea behar-beharrezkoa ikusten dugu».

Gogoratu du «premiazko» lau eskaera egiten dizkiotela, gaur-gaurkoz, Espainiako Gobernuari: urrunketa politika amaitzea; larri gaixorik diren presoak etxeratzea; lehen graduaren iraunkortzea eten eta gradu aldaketak ahalbidetzea; eta Frantziako kartzela-zigor urteak zenbatzea —Europako Giza Eskubideen Auzitegiak etzi ebatziko du—. Aldezabalek esan du badituztela «zeregin horiek aurrera eramateko indarra, konbentzimendua eta ardura». Martxan, jendearen artean asko entzun da «presoak kalera, amnistia osoa» oihua ere.

Eledunak eredutzat jo ditu Ipar Euskal Herriko bakegileak, haiena «bakearen eta elkarbizitzaren ekarpena» dela iritzita.

«Elkarbizitzarako, konponbiderako, bakerako, orain presoak» esanez bukatu du hitzaldia.

Berhokoirigoin ere hizlari

Justuki, Orain Presoak-ekoen aurretik bakegile batek hitz egin du Bulebarreko oholtzan: Mixel Berhokoirigoinek —euskaraz—. Nabarmendu du gizarte zibilaren esku hartzearekin egin zela, iaz, ETAren armagabetzea, eta horrek euskal presoen auziaz hitz egiteko espazio bat zabaldu zuela Frantziako Justizia Ministerioaren eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren artean. Gune horri «pisua eta ahalak» emateko xedez antolatu zuen Iparraldeko taldeak iazko abenduaren 9an Parisko manifestazio «plurala».

Berhokoirigoin bera da ordezkaritzako kide bat, eta azaldu du haiek ere Frantziari «premiazko» eskakizunak egin zizkiotela iaztik: presoen gerturatzea, DPS estatusa kentzea... Esan duenez, bide horretan eman dira pausoak —kasurako, Parisek 24 euskal preso hurbildu ditu Mont-de-Marsan eta Lannemezango (Okzitania) espetxeetara—, baina bakegileak ohartarazi du ez dela «aski». «Asko egiteko dago. Orain artekoa zaila izan da, eta egitekoak beharbada zailagoa dirudi. Ez dugu hauturik, segitzea baizik».

«Bake iraunkorra eta justua» aldarrikatu ditu Berhokoirigoinek, eta hiru arlo zehaztu egitekoen artean: «Indarkeria guztien biktimak aitortu, errespetatu eta erreparatu; euskal presoen eta iheslarien egoera konpondu, legedi arrunta ezarrita eta gerora legea aldatuta; eta elkarbizitza eraiki, memoria kolektiboa osatuta». «Egin dezagun guztiok irabazle izanen garen bakea» esaldiarekin amaitu du.

[youtube]https://youtu.be/DNj3k39N2Vo[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.